
2026ko otsailaren 21a Beñat Zubizarretak, Zubizarreta IV.ak, barnean ondo gordeta eramango duen eguna izango da. Azkoitiko Gurea pilotalekuak aurrelari ataundarraren debuta jaso du larunbat honetan. Ander Imazekin batera, gipuzkoarrak oso gertu izan du garaipena profesionaletan jokaturiko lehen partidan, 17-19 aurretik joan baitira, baina azkenean gorriek buelta eman diote markagailuari (22-19).
Oso egun berezia bizi du Zubizarreta IV.ak; izan ere, harmailetan senide zein lagun ugari izan ditu animatzen. Eta gainontzeko pilotazaleek ere gozatzeko aukera izan dute bere jokoarekin. Horren erakusle dira neurketan zehar ikusitako zenbait tanto. Amaieran, gipuzkoarrak 10 tanto egin eta 8 galdu ditu.
Horietako bat 9-7an iritsi da, punpa lasterrean zabalean egindako tantoa egin duenean. Momentu horretan zenbait tanto egin ditu jarraian. 10-8 eta 10-9koak oso antzekoak izan dira: txokoan ezker airez dejada egin du, Peio Etxeberria iritsi da eta bi pareta motzekin amaitu du tantoa. Gehiago ere iritsi dira. 10-10an, sake-erremate batekin amaitu du, ezker gantxoz zabalera.
Gainera, atzean bizkarzain ona izan du. Imazek partida serioa jokatu du, eta oiartzuarrak errebote aldera pilotakada bat bidali du 17-18koa egiteko.
Neurketak polemikarako tartea ere izan du. 18-19an, Zubizarretak zabalera bidali du pilota, epaileek txarra eman dute, baina zaleek ona zela eskatzen zuten.
Azken txanpan gorriek markagailua irauli dute, eta, anekdota gisa, Zubizarretaren huts batekin amaitu da neurketa.
Binakako play-offa
Bien bitartean, igande honetan Binakako Txapelketak finalerdietako ligaxkan arituko den azken bikotea ezagutuko du. Arrasateko Uarkape pilotalekuan, Zabala-Martija eta Jaka-Iztueta arituko dira nor baino nor.
Zabala-Martijak 22-12 galdu zuten ostegunean, Tolosan, Altuna III.a-Ezkurdiaren kontra, baina bigarren aukera bat izango dute, ostiralean Zornotzan Larrazabal-Landaren aurka garaipena lortu zuen bikotaren aurka; Jaka-Iztueta, alegia.

«Que alguien se apunte y recurra, es gratis»; sabotaje euskaráfobo a una OPE de Errenteria

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Denuncian desatención en una residencia de Bizkaia: una usuaria ha iniciado acciones judiciales

Incautados 27 kilos de angula viva en la operación policial llevada a cabo en Usurbil

