NAIZ

‘Lula Otsoa’ proiektua: entzun, irakurri eta bizi daitezkeen istorioak

‘Lula Otsoa’ haurrentzako entzunezko ipuin serietan eta album ilustratuetan oinarritutako hezkuntza proiektua da, Euskal Herriko eta Euroeskualdeko eragileen elkarlan zabalari esker gauzatzen ari dena. Audio serie osoa entzungai dago euskaraz eta liburu-bildumaren lehen bi zenbakiak ere kalean dira.

‘Lula Otsoa’ proiektuaren aurkezpena, Bilboko Urretxindorra Ikastolan. Dorleta Kortazarrek ipuinak kontatu zituen.
‘Lula Otsoa’ proiektuaren aurkezpena, Bilboko Urretxindorra Ikastolan. Dorleta Kortazarrek ipuinak kontatu zituen. (LULA OTSOA)

Ulu Media, Sudurgorri Studio eta Gure Irratiaren arteko lankidetzatik sortutako audioak ditu abiapuntu ‘Lula Otsoa’ proiektuak. Ahotsen, soinu giroen eta erritmo narratiboaren bidez haurren entzumena eta irudimena pizten dituen unibertso propioa da. Audioserieak lau hizkuntzatan egin dira (euskara, espainola, frantsesa eta okzitaniera), eta 50 ahots inguruk hartu dute parte. Ikastolak ikastolen elkarteak ekoitzitako liburu bildumak, berriz, esperientzia hori osatu eta aberasten du: entzundakoa irakurketarekin uztartzeko aukera emanez, haurrek istorioak berrinterpretatu eta sormenetik berreraiki ditzaten.

Bilboko Urretxindorra Ikastolan aurkeztu zuten, ostegun honetan, egitasmo osoa, Dorleta Kortazarren ipuin kontaketa saio batekin hasi eta prentsaurrekoarekin jarraituz. Elkartearen izenean, Nekane Artola lehendakariak azpimarratu zuen Lula Otsoa ez dela jarduera osagarri hutsa, euskaraz eta euskal iruditeriatik eraikitako hezkuntza proiektu baten parte osoa baizik. Herri ekimenetik sortutako hezkuntza sareak kultur sorkuntzarekin eta ekoizpenarekin izan behar duen lotura estua gogorarazi zuen.

Euroeskualdearen izenean, Marie Heguyk azpimarratu zuen proiektua Ipar Euskal Herria, Hegoaldea eta Okzitania lotzen dituen sare kultural eta hezitzaile batean kokatzen dela, eta hizkuntza eta kultura aniztasuna indargune bihurtzen duela.

Gure Irratiko Olatz Idoatek, aldiz, nabarmendu zuen jatorrizko ekoizpena euskaraz egin dela eta hizkera eta ahotsen hautuan Iparraldeko euskarak zentralitate berezia izan duela, euskara ardatz duen fikzio batetik abiatuta beste hizkuntzetara zabaltzeko.

Adiskidetasuna, beldurra, konfiantza eta zaintza

Vanesa Rodriguez eta Oier Aranzabalekin batera gidoia idatzi duten Martin eta Xabier Etxeberriak adiskidetasuna, beldurra, konfiantza eta elkar zaintza bezalako gaiak jorratzen dituzten istorioak nola ehundu dituzten kontatu zuten, haurren eguneroko emozioekin lotuta.

Lula otso txiki bat da, mendietan galdu dena, bere taldetik eta familiarengandik bereizita. Ezin du mendiko portuen beste aldean dagoen familiarekin bildu, eta udaberrira arte bizitoki berri bat topatu behar du. Jakintsu Zaharra izeneko haritzak eskaintzen dio babesa. Bertan lagun berriak egingo ditu: Ahuntza, Lepahoria eta Perruketa. Elkarri ipuinak kontatuz pasako dute negua.

 

Lula Otsoa proiektuaren aurkezpeneko talde argazkia. (LULA OTSOA)

 

Aktoreak, Amaia Hennebutte eta Kepa Errasti besteak beste, ahots hutsean oinarritutako fikzio bat grabatzearen berezitasunaz aritu ziren. Interpretazio osoa tonu, isilune, arnasa eta erritmoan bildu behar izan dutela agertu zuten. Lularen ahotsa Maryse Urrutyk egiten du, Bizarrena Eva Azpilikuetak, Martarena Kepa Errastik, Perrurena Maika Etxekoparrek eta Jakintsu Zaharrarena Amaia Hennebuttek, Iker Bengotxearen zuzendaritzapean.

Soinu banda originala Maite Larbururena da eta soinu-diseinua, Marina Perez eta Oier Aranzabalena.

Album ilustratuen arloan, Aritz Truebak azaldu zuen liburuek entzundako istorioa berriz bizitzeko ate berri bat irekitzen dutela, egokitzapen hutsa izan gabe: ilustrazioek pertsonaien emozioak eta abenturaren une gakoak kontatzen laguntzen dute, eta haurrei irudimena martxan jartzeko gonbita egiten diete. Lula pertsonaia ikoniko eta sinple gisa diseinatu du, tonu hotz eta beroen arteko jokoa erabiliz Lularen bakardadea eta lagunak agertzearekin batera datorren aldaketa emozionala irudiz kontatzeko.