
Ekonomia Sozial eta Solidarioko Mugarik Gabe, REAS Euskadi eta Setem Hego Haizea erakundeek «Lan Politika Feministarantz» aurrera egiteko hamar printzipioko eta hogei akordioko gida aurkeztu dute. Argitalpen hori hiru erakundeek Elankidetzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzaz hausnarketa kolektiborako abian jarritako prozesuaren esparruan sortu da. Orain, ordea, aliantzen bila dabiltza, lan eredu bizigarrian sakontzen jarraitzeko asmoz.
Eskuliburuan, hamar printzipio azaltzen dira, eta iparrorratz moduan sortu dira, «sozialagoak, solidarioagoak eta feministagoak diren beste lan politika horiek norantz joan behar diren zehazteko asmoz». Horrez gain, etengabe eratzen ari den esparru orokorrago horri edukia ematea ere badaukate helburu. Bestetik, 20 akordioak abiapuntutzat jotzen dira, eta lan eremua zeharkatzen duten sei arlotan daude egituratuta: denbora, baldintza ekonomikoak, lanen antolaketa, gaitasunak sendotzeko prozesua, lantokiak eta nortasuna zein laneko giroa.
Hogei akordioek honako hauxe dute xede: «Ekoizpenerako zein ugalketarako orduak agerian jartzea, lanaldi laburragorantz eta ordutegi malgurantz aurrera egitea, aberastasunaren bidezko banaketa zein lan egikera kolektiboagoak bilatzea, pertsonen bizi-zikloko zenbait une integratzea, lantokietako baldintzak nahiz irisgarritasuna bermatzea, gatazken kudeaketa hobetzea edo, ahal dela, egindako lana aitortzea eta ospatzea, besteak beste».
«Ezin dugu eredu ekonomikoa eraldatu, geure erakundeak eraldatzen ez baditugu»
Ekonomia Sozial eta Solidarioko hiru erakundeek prozesu horri eman zioten hasiera, ikuspegi feministaren bidez euren lan politikei buruzko hausnarketa sortzeko asmoz, gaur egungo egitura sozialak «denera iristeko aukerarik ematen ez duela ageri-agerikoa dela» kontuan hartuta.
«Ezin dugu eredu ekonomikoa eraldatu, geure erakundeak eraldatzen ez baditugu. Erakunde bizigarrien eraketan sakontzen jarraitu nahi genuen eta nahi dugu, eta, horretarako, geure lan politikei buruz hausnartu behar dugu», adierazi du REAS Euskadiko Silvia Pirisek.
Horiek horrela, euskal ESSrekin lotutako beste erakunde batzuek ere eskaini dituzte euren tresnak eta esperientziak; esate baterako, Kidenda, Errotik, Equipare, Gaztaroa-Sartu, Bidegintza, Bizilur, Goiztiri, Mugarik Gabeko ingeniaritza (MGI), Hegoa, Totem MT, Zabaltzen-Sartu edo Goiener. Bestetik, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak ere saio batzuetan parte hartu du, bere hausnarketa eta ibilbidea partekatzeko asmoz.
Bi urteren eta saio askoren ostean, joan den urrian egindako jardunaldi irekian talde sustatzailea gaiaren inguruko interesa zegoela konturatu zen. Bertan, hain zuzen ere, zenbait jatorritako ehun bat lagunek eta erakundek parte hartu zuten. «Egiaztatu egin genuen gai horiek guztiak jorratu behar direla, berriro zehaztu behar direla, beste erantzun batzuk aurkitu behar direla…», esan du Setem Hego Haizeako Iratxe Arteagoitiak.
Lan Politika Feministaranzko eraketa kolektiboak bere horretan iraungo du hurrengo hilabeteetan, eta talde bultzatzaileak sakonago lan egiten eta aliantzak batzen jarraituko du. 2026an, material berriak diseinatuko dira, zenbait mintegi eta lan jardunaldi antolatuko dira eta erakunde nahiz pertsona interesdunei bertan parte hartzeko deia egingo zaie. Informazio hori guztia Mugarik Gabe, REAS Euskadi eta Setem Hego Haizea erakundeen sare eta buletinetan argitaratuko da.
«Eraketa kolektiborako gune berriak sortzen jarraitu nahi dugu, oraindik ere erantzun gabeko galdera asko ditugulako. Horrez gain, bide horretan dabiltzan edo aurrera egin duten beste batzuk aurkitu nahi ditugu, elkarrekin ikasi ahal izateko», adierazi du Mugarik Gabeko Maria Viaderok.

Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti

Sarandon se interesa por los presos vascos antes de los Goya: «Estaban en cárceles muy lejanas»

Condenan a dos años por golpear a su mujer al coronel responsable del polígono de Bardenas

EEUU e Israel atacan a Irán y dan por muerto a Ali Jamenei
