NAIZ

Lehiaketa publiko bidez hautatuko da Zinemaldiko zuzendari berria

Donostiako Zinemaldiak lehiaketa publikoa ireki du jaialdiko zuzendari berria hautatzeko. Jose Luis Rebordinosen ordezkoak ingelesez «maila handia» eta euskaraz eta gazteleraz «komunikatzeko gaitasuna» izan behar ditu eta ikus-entzunezkoetan eta zuzendaritzan lanbide esperientzia baloratuko da.

Zinemaldiko prestakuntza lanak.
Zinemaldiko prestakuntza lanak. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Zinemaldiko administrazio-kontseiluak —Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lakuako Gobernuak eta Gobernu espaininolaren Kultura Ministerioak osatzen dute— asteazken honetan abiatu dute zinema-jaialdiaren zuzendari posturako lehiaketa publikoa.

Azaldu dutenez, Batea enpresak, hautaketa eta headhunting-ean espezializatutako giza baliabideen arloko aholkularitza-enpresa, kudeatuko du egungo 2026ko abenduaren 31n kargua utziko duen zuzendaria ordezteko prozesua. 

Oinarrietan zehazten denaren arabera, Jose Luis Rebordinosen ordezkoak goi-mailako unibertsitate titulua, ingeles «maila handia» eta euskaraz nahiz gaztelaniaz «komunikatzeko gaitasuna« izan beharko ditu eta balioan jarriko dan baita ere frantsesa jakitea.

Era berean, ikus-entzunezkoen eta sormenaren arloko erreferentziazko antolakundeen zuzendaritzan lanbide esperientzia izatea ere eskatzen da, batik bat zinema jaialdien arloan, eta baita beste trebetasun batzuk izatea ere, hala nola lidergo gaitasuna, taldeen kudeaketa, negoziazioa eta komunikazioa, eta, halaber, finantza- eta aurrekontu-ezagutzak izatea.

Hautagaiek euren curriculum vitaea bidali beharko dute, eta aurkezpen-gutun bat ere bai, gehienez bi orrikoa, postua eskuratzeko motibazioa, ikuspegi estrategikoa eta proiektuari egingo dioten ekarpena adierazita. Izena emateko, Batearen webguneko inprimakia bete beharko da.

Lanpostuaren deialdiaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta Zinemaldiaren gardentasun-atarian ere.