NAIZ

Jon Begiristain izango da Bera Berako entrenatzailea datorren denboralditik aurrera

Begiristain Imanol Alvarezen laguntzaile aritu da 2023-24 denboralditik, eta hirugarren urtea betetzen ari da Ermuko entrenatzailearekin batera. Beraz, birritan hiru tituluak lortu dituen taldearen arrakastetan parte hartu du, eta aurtengo irailean Iberiar Superkopa ere lortu zuena Iruñean.

Jon Begiristain, Imanol Alvarezek Bera Beran ez duela jarraituko jakinarazi zuen prentsaurrekoan.
Jon Begiristain, Imanol Alvarezek Bera Beran ez duela jarraituko jakinarazi zuen prentsaurrekoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jon Begiristain Agirre (Usurbil, 1985) izango da Super Amara Bera Beraren entrenatzailea hurrengo bi denboraldietarako, eta, beraz, Imanol Alvarez ordezkatuko du, denboraldi honen amaieran taldearen zuzendaritza uztea erabaki zuena.

Begiristain Imanol Alvarezen laguntzaile aritu da 2023-24 denboralditik, eta hirugarren urtea betetzen ari da Ermuko entrenatzailearekin batera. Beraz, birritan hiru tituluak lortu dituen taldearen arrakastetan parte hartu du, eta aurtengo irailean Iberiar Superkopa ere lortu zuena Iruñean.

Horrez gain, Jon Begiristainek Zilarrezko Mailan taldea zuzentzen du, gaur egun Estatuko kategorietako hirugarren mailan laugarren postuan dagoena. Eta harrobiarekin koordinatzaile lanak ere egiten ditu.

Bera Bera Eskubaloi arduradun Tati Garmendia astearte arratsalde honetan jakinarazi dio erabakia taldeari, Gascan entrenamendua hasi aurretik. Beraz, bere izendapenak, era berean, klubeko lehen taldeen entrenatzaileen berregituratzea ekarriko du.

28 urte eskubaloian

13 urte zituenetik eskubaloiari lotuta, Jon Begiristainek etapa guztiak bete ditu, jokalaritik entrenatzailera, Usurbildik Bera Berara, Zarautz eta Bidasoatik pasatuz. Begiristainek bi denboraldiz entrenatu zuen Usurbilgo euskal ligako emakumezkoen kadetea, behin jubenilekin eta Bidasoako maila bereko taldearekin –Haizea Urretabizkaiarekin eta Eider Tapiarekin bat egin zuen–.

Bera Beran, Begiristainek Lacturale Bera Berako emakumezkoen euskal ligako taldeak zuzendu zituen kadete eta jubenil mailan, eta lau urtez Gipuzkoako emakumezkoen kadete selekzioa zuzendu zuen (2010-14).

Senior mailan, nabarmentzekoa da Aiala Zarautz Ohorezko Mailara igo izana, Martin Larrañagaren laguntzaile gisa. Postu horretan jarraitu zuen 2015-16 denboraldian, talde zarauztarrak elitean jokatu zuen urtean. Gainera, Aiala Zarautzeko lehen entrenatzailea izan zen Zilarrezko Mailan 2017-18 eta 2018-19 denboraldietan.