
Osteguneko 24. Korrikaren Atharratzeko abiatzera joateko autobusak izango dira Euskal Herri osotik, Pausu, Baiona eta Uztaritzetik, antolatzaileek jakitera eman duenez. 15.30ean izango da Korrikaren abiatzea.
Honekin batera, autoa aparkatzeko lekuak izanen dira, bai eta furgonetak gelditzeko toki berezi bat ere, bezperatik joan nahi dutenentzat.
Antolatzaileek mezu garrantzitsu bat gaineratu dute: Korrikaren abiatzearen ondotik jendea Atharratzen 17.30ak arte gelditzea, hots, lasterketa Maulera heldu arte. Izan ere, bide bakarra dago bi hirien artean eta korrikalarien babesa bermatzeko egiten dute eskari hau.
40 urte geroago Atharratzen berriz
40 urte geroago, Korrikaren abiatzea Atharratzera itzuliko da ‘Euskara gara’ lelopean.
Goiz-goizetik giro ezin hobea espero da herrian, hainbat ekimen antolatuta. Egun osoko besta prestatu dute AEK-kideek eta Basaburuko herritarrek 24. Korrikari hasiera emateko. Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, Korrika Ttipiarekin, eta goiz osoan hainbat ekimen izanen dira: txaranga, ikusgarri, dantzaldi, jigante, gaiteroak eta beste.
Ondotik, 15.00etan, Korrikaren hasiera ekitaldiari ekingo diote, Herriko Plazako oholtzan. Bertan, AEK-kideek eta Xiberoko euskalgintzako Oihana Larrandaburuk hastapena emanen diote lasterketari, dantzari eta txalapartari zuberotarrek lagundurik.
Behin mezua lekukoaren barnean sartuta, 15.30ean abiatuko da Korrika. Lehen kilometroko lekuko hartzea Euskal Irratiek eginen dute. Haiek, AEKren gisara, 90. hamarkadatik egiten dute lan euskararen alde, eta ezinbesteko tresna dira egunerokotasunean, Ipar Euskal Herrian euskaraz bizi den ororentzat.
Ondotik, Korrikak Nafarroa Beherean barrena segitzen duen bitartean, bestak Maulen jarraituko du, hainbat kontzertu eta ekitaldirekin (denak, herri barneko aparkalekuan): Utxaranga, Kuartz eta Frigo. Horrez gain, jateko eta edateko parada izanen da, gaualdia bukatu arte.
Basabürüa eta Zuberoa, Korrikaren alde
Zuberoak protagonismo osoa ukanen du ostegun honetan, AEK-ko gau eskola, herriko eragile eta Basabürüko laguntzaile guziei esker. Hainbat hilabetez lanean ari izan ondotik eta auzolan erraldoi bati esker, martxoaren 19an Atharratze prest izanen da 24. Korrikara joango diren herritar guziei behar bezalako harrera egiteko. Bertan, herriko euskaldun eta euskaltzale guziek topo egiteko aukera ezin hobea izanen da, euskararen aldeko besta ederrean.
«Basabürüan, euskararen egoera larria den arren, 24. Korrikak erakutsiko du bertan euskararen transmisioa eta erabilpena ez direla eten, euskaraz bizitzeko nahia badela. Espero dugu euskararen aldeko besta erraldoia helduen aktibazio linguistikorako tresna izanen dela», nabarmendu dute antolatzaileek.

Atharratzetik Bilbora, 24. Korrikaren seinalea zuzenean

Iruñeak estu besarkatu du Korrika, eta Korrikak Iruñea

El cierre súbito de ETB3 y ETB4 genera muchas dudas y críticas

Los músicos vascos convierten Landako en una caja de resistencia y de resonancia por Palestina


