NAIZ

Asian emandako itxura bikaina Katalunian berretsi nahi du Euskaltel-Euskadik

Larunbatean Clásica Terres de l'Ebre eta domekan Gran Premio Primavera-Ontur egin ostean, WorldTour egutegiko Kataluniako Voltan lehiatuko da talde laranja datorren astean, ibilbide menditsu batez inguratuta eta tropeleko izenik onentsuenak bertan direla.

Jon Agirre eta Mikel Bizkarra, hurrengo egunetan lanean izango diren Euskaltel-Euskadiko txirrindularietako bi.
Jon Agirre eta Mikel Bizkarra, hurrengo egunetan lanean izango diren Euskaltel-Euskadiko txirrindularietako bi. (SPRINT CYCLING)

Euskaltel-Euskadik Asian emandako itxura ona berretsi nahi du, nahiz eta egutegi zailagoa datorkion. Izan ere talde laranja WorldTour egutegiko Kataluniako Voltan lehiatuko da datorren astean, aurrez asteburuan bi klasikotan parte hartu ondoren: Clásica Terres de l'Ebre larunbat honetan eta Gran Premio Primavera-Ontur igandean.

Taldeak berak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, Jon Agirre, Yago Agirre, Unai Aznar, Mikel Bizkarra, Samuel Fernandez, Jokin Murgialday eta Danny van der Tuuk izango dira Kataluniako Voltako irteeran, Jorge Azanzaren eta Ruben Perezen zuzendaritzapean, astelehenetik igandera lehiatzeko.

Ibilbide menditsua izango dute eta hiru helmuga erabakigarri izango dituzte: Vallter (osteguna), La Molina/Coll de Pal (ostirala) eta Queralt (larunbata). Itzulia igandean amaituko da, Bartzelonan, Montjuïc «mendate magikoa» zazpi aldiz igarota egiten den ohiko zirkuituan.

Aurrez, Euskaltel-Euskadik protagonismoa bilatuko du asteburuan. Albiste garrantzitsuenetako bat Txomin Juaristi itzultzeko moduan dagoela izango da, otsailaren 4an Valentziako Voltan lepauztaian izandako haustura gainditu ondoren, lehiara bueltatuko baita bizkaitarra.

Horrela, larunbatean, Terres de l'Ebre klasikoan izango dira Jon Agirre, Nico Alustiza, Mikel Bizkarra, Txomin Juaristi, Gotzon Martin, Iker Mintegi, Jokin Murgialday eta Axel van der Tuuk, eta igandean, Ontur lasterketan, Nico Alustiza, Txomin Juaristi, Gotzon Martin, Iker Mintegi, Gari Ugarte eta Axel van der Tuuk.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak adierazi duenez, «Ebre eta Ontur lasterketentzat bi multzo lehiakor aurkezten ditugu helburu nagusienekin. Maila eskuragarriagoa denez, konfiantza dugu Agirre, Gotzon, Axel edo Mintegi bezalako txirrindulariekin ditugun aukeretan».

«Bestalde, Kataluniako Volta WorldTour maila goreneko lasterketa da. Ihesaldietan sartu ahal izatea bilatuko dugu, eta espero dugu gure igotzaileek, Agirrek eta Bizkarrak, goi mendiko etapetan beren maila erakustea», gaineratu du.