Bertako zitrikoen laborantzan aitzindariak: bestelako eredu bat
Euskal Herrian salgai izaten diren zitrikoak atzerritik ekarriak izan ohi dira, batez ere espainiar Estatutik, eta horrek ingurumenean eragina du. Baina bada berri on bat azken sasoian: laborantza eredu hori hemen ere garatzen hasia da, gehienak, momentuz behintzat, modu amateurrean ari diren arren.

Merkatuetako salmenta mahaietan edota supermerkatuetako apaletan laranja, zitroin eta klementina andana ikusten ahal da. Alta, produktu sorta zabal horren gibelean hain ezaguna ez den errealitate bat dago: zitriko gehien-gehienak espainiar, italiar, marokoar eta turkiar estatuetatik heltzen dira. Milaka eta milaka kilometro egiten dituzte gure saltokietara iristeko, batzuetan kamioiz, besteetan itsasontziz; betiere karbono isuri handia eraginez. Hori guti ez, eta usu laborantza eredu intentsiboak ekoizturikoak izaten dira.
Hazkuntzari biziki errotua da Euskal Herria, eta zitrikoak ekoizteko ideia izate hutsak ezinezkoa dirudi. Laborantza mota oso zorrotza da: txertaka hautatu, udan ura kudeatu, eritasunekiko sentsibilitatea zaindu, izozteei eta gehiegizko hezetasunari kasu egin... Hala ere, Euskal Herrian ere bada alor honetan buru-belarri ari den aitzindaririk. Egungo funtzionamenduaren aitzinean bada bestelako eredu bat: eskala tipian eta ingurumenarekiko errespetuz lekuko baratzeetan ekoiztuak diren zitrikoen eredua.
BURUJABETZA
Laborantzara heldu berri da Margaux Pouget. 35 urteko emazteak gizarte arloan hamar urte egin ondotik, arbolazaintzan hastea erabaki zuen. Landareen munduak beti erakarri izan du, baina covid-19aren pandemia garaian aldaketa bat egiteko unea zela argi izan zuen. «Nire lana utzi nuen, etxaldeetan laguntzen ibili nintzen, eta ondotik baratzezaintzan eta arbolazaintzan brebeta profesionala hasi nuen», azaldu dio KAZETA atariari.
Politikotik ere badu bere hausnarketak: «Nire buruari galdetu nion: ‘Nire eskuekin zer dakit egiten?’. Supermerkatuekiko menpekotasunetik at nola elika nintekeen jakin nahi nuen». Gauzak horrela, 2024ko bukaera aldera Lurzaindiaren lursail bat eskuratu zuen. Hesiak, estalpea... inbertsio handia egin behar izan zuen. Zorionez, Lurzaindiak lanen zati handi bat bere gain hartu zuen.
2025eko udaberrian landatu zituen lehen zuhaixka txertatuak. Haatik, hazia jartzen den unetik hiru urte goaitatu behar dira uzta bildu arte. Bitartean marrubiak, meloia, fruitu tipiak eta patata gozoak landatuz bermatzen du diru iturria. «Denbora luzeak dira, eta arrisku ekonomikoa egiazkoa da. Kazkabar ekaitz batek dena zalantzan jar dezake», ohartarazi du.
Zailtasunak zailtasun, ez da erabakiaz damu: «Neguan fruitu fresko eta bitaminadunak eskuragarri jarri nahi nituen. Gaur egun dena heltzen da Espainia, Korsika edo Mentonetik (Okzitania). Domaia da». 2.000tik gora aldaera baldin badira ere, publiko zabalenarentzako moduko fruituetan jardutea erabaki du: laranjak, zitroinak eta klementinak. Dena dela, ostalaritzara bideraturiko aldaera bitxiagoekin lan egitea du ikusmiran.
ZITRIKO BITXIEN BILDUMA EGITEN
Juliette Lagarrigue eta bere senar Olivier bidartarrek bigarren jarduera dute laborantza zitrikoa. Medikuak dira -Juliette anestesista; Olivier aurpegi-masailetako zirujau-, eta «2010etik, zitriko bitxien bildumagile. Munduko txoko guzietara bidaiatu dugu aldaera ezezagunen bila». Landare trukaketaren araudia gogortzen ari denez, beren kabuz landatzen hasteko hautua egin zuten. Bertako eredu baten faltan, San Giulianoko (Korsika) Laborantza, Elikadura eta Ingurumenaren Ikerketa Institutu Nazionalera (Inrae) jo zuten txertaka bila.
Pandemia garaian baratzezaintzan baxo profesionala gainditu zuten, eta segidan Jocal enpresa eratu zuten. Diru bilketa handi baten ondotik, 2022an hektarea bateko lurra lortu zuten, lehenagotik nehoiz landua ez zena. Produktu biologikoak lantzen dituzten lursailean 80 aldaerako 1.000 zuhaitz dituzte. «Zitrikoen kontserbatorio bat sortu nahi genuen», adierazi dute.
ESPERIMENTAZIOAN
Euskal Herrian, gaur-gaurkoz bederen, zitrikoen arloan gehiago dira amateurrak profesionalak baino. Lagarriguek zehaztu duenez, «landatzen denetik ekoizpena hasten den arte hiru eta bost urte artean iragaten dira». Gainera, laborantzan hastea garestia dela azpimarratu du, eta usu oztopo izaten dela iruditzen zaio. Mundu horretatik kanpokoa den jende hasiberria anitzetan ez dela serioski hartua ere deitoratu du: «Medikuak izanik, heltzen garelarik laborariek lurrak uzteko zalantza egiten dute».
Gisa guziz, zitrikoen ekoizpena esperimentazioan da oraindik Euskal Herrian. Aldaera batzuk beste batzuk baino hobeto egokitzen dira bertako ingurunera: kumkuatek lurraldearen barnealdean ongi jasaten dute; zidrek, aldiz, ekoizpen ezegonkorragoa izan ohi dute. Zitrikoen laborantza, baina, aukera berriak irekitzen ari da, eta merkatu berri bat ere ari da sortzen. Horretarako, ordea, zuhaixka zorrotz hauek landatzeko denbora hartu beharko da, baita beste era batera kontsumitzen hasi ere.

Atharratzetik Bilbora, 24. Korrikaren seinalea zuzenean

El cierre súbito de ETB3 y ETB4 genera muchas dudas y críticas

Los músicos vascos convierten Landako en una caja de resistencia y de resonancia por Palestina

Iruñeak estu besarkatu du Korrika, eta Korrikak Iruñea
