
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak, Imanol Pradalesek, hiru lurraldeen eta bere autogobernu-ereduaren ahotsa eta esperientzia eraman ditu frantziar Estatuko Senatura, eta interes handia piztu du eskualdeen artean. Autogobernu maila handiagoa izateak herritarrentzako oparotasun eta ongizate maila handiagoa dakarrela defendatu du lehendakariak. Eta erantsi du ezin dela benetako autogobernu politikorik egon autogobernu ekonomiko eta finantzario eraginkorrik gabe.
Era berean, autogobernuak errealitate zehatz bati erantzun behar diola azaldu du. «Gure kasuan, nortasun nazionala, eskubide historikoak eta legitimitate demokratikoa. Ez dugu guztiontzako kafea ereduan sinesten. Baina bai estatuek errealitate ezberdinak onartu eta horiei hurbiltasunetik erantzuteko duten premian», azpimarratu du.
EAEko eredua erreferentzia gisa aurkeztu du estatu-ereduaren, Europako eskualdeen eta estaturik gabeko nazioen etorkizunari buruzko eztabaidan.
Ofizialtasuna aldarri
Pradalesek euskara hutsean egin du hitzaldia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekin batera, Senatutik Europan ofizialtasuna aldarrikatzeko. Hain zuzen, euskararen defentsan inplikatzeko eskatu dio frantziar Estatuari. Ipar Euskal Herrian «ahulduta eta gutxituta» dagoen hizkuntza da, eta Pirinioez bestaldeko hizkuntza ere badenez, Estatuaren ondarearen parte da, ohartarazi duenez.
Senatutik «Euskadik bere nortasuna, kultura eta hizkuntza babesteko eta Herri gisa hazteko duen eskubidea» gogorarazi du. «Herri gisa Europan dagokigun lekua hartu behar dugu, ahots propioarekin», esan du.
«Euskadi garapen ekonomiko eta sozialaren abangoardian dago, Europako herrialde aurreratuenen mailan. Eta ez da kasualitatea. Zerikusi zuzena du autogobernuak eskaini dizkigun aukerak aprobetxatu izanarekin», nabarmendu du lehendakariak. «Etorkizuna gobernantza partekatua da, tokikora egokitutako formulen bidez. Estatu zentralistaren eredu klasikoa agortuta dago», berretsi du.
Estatuen kluba bakarrik ez
Lehendakariak argi du Europa ezin dela estatuen kluba bakarrik izan. «Europak lurralde, eskualde eta nazioen gaitasun guztiak aprobetxatu behar ditu autonomia estrategikoa bermatzeko. Eta horrek aldaketa sakonak eskatzen ditu gobernantzan eta finantzaketan», defendatu du. Lehendakariaren iritziz, frantziar eskualdeek bat egiten dute aldarrikapen horiekin. Hala egiaztatu du Senatuan egindako jardunaldian ordezkari gorenekin ideiak trukatzean.
Horregatik, eskualdeekin eskuz esku aritzeko prest azaldu da, hala nola, Nouvellerekin (Akitaniarekin), Pirinioetako Lan Erkidegoarekin, Makroeskualde Atlantikoaren bultzada partekatuarekin eta Euroeskualdearen bidez.

Así es y esto dice el grupo ultra MCP, que alineó a UPN, PP y Vox en Iruñea

El españolismo sale a las plazas de Euskal Herria «Por Ceuta» y el antifascismo responde

Muere un taxista de 31 años tiroteado en Azpeitia y se busca al autor

PP, Vox y UPN impulsan concentraciones para «salvar Ceuta», también en Euskal Herria



