
Trebiñuko herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute astelehen arratsalde honetan Argantzonen egindako agerraldian. Salatu dutenez, euskara Trebiñuko ‘berezko hizkuntza’ bada ere, Gaztela eta Leongo administrazioek behin eta berriro gogorarazten diete lurralde honetan euskara ez dela ofiziala. Ez hori bakarrik, euskarari ez diote aitortzarik txikiena ere egiten, eta trebiñarren oraina eta etorkizuna gaztelaniaz marraztu nahi dituzte.
2021ean Trebiñuko herrietan euskara planak martxan jartzea ere baliogabetu zuten epaitegietan. «Zehazki, Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuan euskarak aitortzarik ez zuenez, gure herrietan ezin dela euskararen normalizazioarekiko erabaki edo akordiorik sinatu ezarri zen», oroitu dute.
Era berean, ikastetxe publikoan ez dago euskaraz ikasteko aukerarik, eta printzipioz Trebiñuko udal haur eskolan euskarazko lerroa mantentzen den arren, berriki haur eskolaren eskumenak Gaztela eta Leongo Hezkuntza Sailera pasa dira. Familiek eta herritarrek ez dakite etorkizunean nola eragin diezaiokeen honek guztiak haur eskolako euskararen irakaskuntzari. Horregatik, neurriak eta bermeak eskatu dituzte.
Europako gutunari jarraituz
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere parte hartu du prentsaurrekoan. Agurne Gaubeka bertako zuzendariak gaitzetsi duenez, Gaztela eta Leongo administrazioek ez dute euskararen irakaskuntza bultzatzeko edo euskarazko ekimenak sustatzeko inongo neurririk hartzen. Baina Gobernu espainiarrak Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna sinatua eta berretsia du, eta, beraz, horrekiko hartutako konpromisoak Gaztela eta Leongo administrazioek ere bete beharko lituzkete.
«Nahiz eta une honetan administrazio horren pean egon eta lurraldean euskara ofiziala ez izan, Europako Gutunaren printzipioei jarraiki Gaztela eta Leongo administrazioek euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko neurriak hartzeko betebeharra dute», azpimarratu du. Izan ere, Gutunaren betetzearen seigarren Ebaluazioan, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak honako berehalako gomendioak eman zizkion Gobernu espainiarrari.
Alde batetik, argitu zezala Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoan hizkuntzaren egoera eta, bestetik, Gaztela Leongo Autonomia Erkidegoarekin eta Trebiñuko Udalarekin batera euskararen irakaskuntza sustatzeko plan bat landu zezala, Trebiñuko konderrian euskara ofiziala ez den arren, administrazioek gutxiagotutako hizkuntzak sustatzeko betebeharra dutelako, gutunaren ispirituari jarraiki.
Eskaerak
Trebiñuk Gaztela Leongo administrazioaren menpe jarraitzen duen bitartean, ondorengo neurriak eskatu dituzte Trebiñuko herritarrek eta Behatokiak: «Hizkuntzen Europako Gutunean jasotakoei jarraiki, euskarari dagozkion konpromisoak hartzea; Trebiñuko Konderrian euskara sustatzeko ekimenak bultzatzea eta finantzatzea; eta Gaztela eta Leongo Hezkuntza Departamentuaren kudeaketaren mende geratu den Trebiñuko haur eskolan behar diren zerbitzu eta baliabide pertsonal zein material guztiak euskaraz behar bezala bermatzea».
«Euskarazko irakaskuntza aurrera eramateko oztopoak ezabatzea, eta helduen euskalduntzea bultzatzen duten ekimen eta ikastaroak laguntzea» ere galdegin dute.
Eskaera horiek espainiar Gobernuko Kultura ministroari eta laster izendatuko diren Gaztela eta Leongo Kultura Politiketako zuzendariari eta Hezkuntzako kontseilariari helaraziko dizkietela jakinarazi dute.

Detenido en Gipuzkoa un menor considerado referente de la extremista Red 764

«Kanpotik badirudi ez garela oso antzekoak, baina gero ez gaude urrun»

Aires de reconquista rojigualda con motas de insumisión parda

Al menos 90 fallecidos en la frontera de Ceuta, que Sánchez atribuye a «las mafias»


