
Lisanne Kruijswijk zentralak gutxienez beste denboraldi batez jarraituko du Super Amara Bera Berarekin. Selekzioen geldialdia baino lehen berretsitako akordioa da. Herbeherearrak taldeko hedabideei adierazi dienez, «etxean bezala sentitzen naiz, eta plazer handia da klub honetan parte hartzea».
Kruijswijkek aitortu du «egokitzapena ez zela erraza izan, herrialde berri bat, talde berri bat, hizkuntza berri bat» zelako, baina, era berean, honakoa onartu du: «Lehen egunetik etxean bezala sentitu nintzen». Bere ustez, «jokalari eta pertsona gisa hazi naiz, asko ikasi dut talde honetatik, taldekideengandik, hiritik eta bizi izan dudan une bakoitzetik». Horregatik, eskerrak emateaz gain, klubak eta berak kontratua beste urtebetez luzatzea erabaki zuten.
Kruijswijkek Ligako 21 partida, Superkopa Iberikoko eta European Leagueko bina jokatu ditu orain arte, eta 30 gol sartu ditu. Malagako azken partidan ez zuen jokatu eta Euskal Kopako finalean lehen zatia bakarrik jokatu zuen. Beraz, espero da larunbat honetan (19.00etan) Gascan jokatzea, Caja Rural Aula Valladoliden aurka liga erregularraren azken jardunaldian.
Kruijswijken berritzea ez da klubak egin duen bakarra. Azken asteetan beste jokalari garrantzitsu batzuei kontratua luzatu die Super amara Bera Berak; hala hola, Elke Karsten argentinarra, haren herrikide Shula Gavilan edota Lucia Prades atezaina –bere kasuan, bi urte gehiago egongo da–.
Gainera, jakitera eman zuten moduan, datorren denboralditik aurrera, bigarren entrenatzailea den Jon Begiristainek Imanol Alvarezen lekukoa hartuko du prestatzaile lanetan.
Beti Onaken erabakiak
Era berean, Replasa Beti Onak talde nafarrak ere taldea berritzeko prozesua martxan darama. Miguel Etxeberria entrenatzaileari beste urtebeterako lekua egiteaz gain, makina bat jokalariri kontratua berritzen ari zaio.Nolabait esatearren, 2026/27 denboraldiari begirako bizkarrezurra eratu du dagoeneko, azken bi asteetan hartutako erabakien ondoren.
Hala, lau jokalariri batera, laurak hegalekoak, kontratua luzatu zien astelehenean Atarrabiako taldeak: Laida Urbitarte, Isabel Fernandez-Agusti, Luzia Zamora eta Mariana Costa.
Aurreko egunetan, berriz, defentsa lanetako erdigunea sendotu dute nafarrek Libe Arruabarrena eta Almudena Gutierrezi ere kontratua beste urtebeterako luzatuta, eta golak sartzeko erraztasunari ere begiratu bat eman zion, Mica Casasola eta Macarena Sansen egonaldia beste denboraldi baterako luzatuz Atarrabian, Ayelen Garcia, taldeko beste jokalari argentinarrari luzatu zioten moduan, baita Patri Encinas eta Olaia Luzuriaga atezainei ere.

La respuesta ciudadana aborta otra actuación de Desokupa, ahora en Irun

EITB Focus constata el auge de EH Bildu, el retroceso de UPN y la caída de PSE y PSN

Fallece el profesor de EHU y activista Zesar Martínez

«El abuso de pantallas en niños no solo retrasa el habla, está generando discapacidad»
