Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Sara Alonsoren eta euskal selekzioaren garaipenak trail runningean

Korrikalari donostiarra Skyrunner World Serieseko Calamorroko lasterketan aise gailendu zen; dagoeneko, bi etapa irabazi ditu. Bien bitartean, Euskal Mendizale Federazioko nesken taldeak urrea sinatu du ultra modalitateko Espainiako Txapelketan.

Sara Alonsok bigarren garaipena du Skyrunner World Series zirkuituan.
Sara Alonsok bigarren garaipena du Skyrunner World Series zirkuituan. (Calamorro Skyrace)

Asteburu oparoa izan dute nazioarteko trail runningeko egutegian parte hartzen duten euskal lasterkariek. Hain zuzen ere, bi garaipenen inguruan hitz egin behar dugu. Sara Alonsorena izan zen lehendabizikoa. Kirolari donostiarrak martxoan irabazi zuen Skyrunner World Seriesean; hain zuzen ere, La Palmako Acantilados del Norte lasterketan. Bada, berriro zirkuitu horretako beste etapa batean parte hartu du, eta martxoko garaipena berretsi ere.

Calamorro Skyrace lasterketak jaso zuen nazioarteko hitzordu hori. Benalmadena herriko (Malaga) irteera puntuan aurkeztu ziren eliteko hainbat ordezkari 30 kilometroko eta 2.200 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean lehiatu ziren. Kostaldeko klima lagunduta, korrikalariek, besteak beste, sona handi duen ertz ikusgarri bati aurre egin behar izan zioten. Calamorroko gailurrera (731 m) heltzeko ia lau kilometroko (650 metroko desnibela) arrokazko ertz gogor bat gainditu behar izan zuten.

Nesken kategoriari dagokionez, Alonsok erabateko nagusitasuna erakutsi zuen lehen metrotik. Beste era batera esanda, goitik behera menderatu zuen lasterketa: «Asko gozatu dut lasterketa osoan; ikusleek, bederen, asko animatu dute. Bigarren anoa puntuan arazo bat izan nuen soft flaska edo ur botila ez zegoelako. Laguntza eskatu nuen eta ezuste hori konpondu nuen. Mutilek harrapatu ninduten. Ez nuen uste hala gertatuko zenik; alabaina, oso pozik nago lortutako emaitzarekin eta publikoaren aldetik jasotako babesarekin».

Donostiarrak 3:25:42 denbora egin zuen, eta bigarren sailkatuari, Jane Maus estatubatuarrari, ia lau minutuko aldea atera zion. Shangave Balendran norvegiarra izan zen hirugarrena. Bi euskal ordezkari top 10ean sailkatu ziren: Ainhoa Garikanok seigarren postua sinatu zuen eta Oihana Zubillagak bederatzigarrena.

Manuel Merillas, berriz, gizonezko azkarrena izan zen. Lasterkari espainiarrak borroka estua izan zuen Frédéric Tranchand frantziarrarekin. Amaierako sekzioan Merillasek seigarren martxa sartu, frantziarra atzean utzi eta garaipen handia lortu zuen 2:51:13 kronoarekin. 24 segundora Tranchand helmugaratu zen. Tom Spencer britainiarra hirugarren postuan sailkatu zen. Gontzal Murgoitio izan zen euskal korrikalari sasoikoena; bizkaitarrak hamaikagarren postuan amaitu zuen.

Selekzioak, urrea

Bestalde, Albaceteko Riopar herrian Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) antolatutako ultra modalitateko Espainiako Txapelketa jokatu zen. Desafio Calar del Rio Mundo lasterketa izan zen hitzordu ofizial horren “egoitza”. 70 kilometroko eta 4.400 metroko desnibela zituen ibilbidean lehia ederrak ikusteko parada izan zen.

Emakumezkoen mailan, adibidez, Gemma Arenasek erakutsi zuen muturreko distantzia horietan espezialista handia dela. Gaztela-Mantxako lasterkariak ez zuen arazorik izan garaipenarekin egiteko. Oso ondo kudeatu zuen proba osoa, eta helmugara 9:06:07 denborarekin iritsi zen. Bigarren sailkatuari, Alba Villanuevari, 16 minutuko aldea atera zion. Sonia Vizcaino hirugarren postuan sailkatu zen.

Nahiz eta podiumik ez zuten lortu, euskal selekzioaren lau ordezkari lehen hamarren artean sailkatu ziren. Sonia Lopez bosgarrena izan zen, Ainara Arkarazo zazpigarrena, Anne Bidalun zortzigarrena eta Irati Ortiz de Anda bederatzigarrena. Postu horiei esker, Euskal Mendizale Federazioaren taldeak garaipena erdietsi zuen.

Pere Aurellek urrea eraman zuen mutilen kategorian 7:44:05 denborarekin. Arenasek bezala, katalanak nagusitasun handia erakutsi zuen. Pau Morenok zilarra sinatu zuen, eta Julen Calvók brontzea. Lehen euskal ordezkaria, hamazazpigarren postuan, Pantxo Saint Martin izan zen. Selekzio indartsuena katalana izan zen.