
Asko zegoen jokoan igande honetan Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Buruz Buruko Txapelketa exijentzia handikoa dela baitakite biek. Jaka bere buruarekin haserre eta kantxan deseroso ibili da hasieratik eta, aurrean, Unai Laso bikain bat izan du, batez ere sake-efizientzia handiz. Gauzak horrela, bizkarretarrak final laurdenetako lehen puntua eskuratu du eta hurrengo faserako txartela bilatuko du Darioren kontra.
Urduritasuna zen nagusi demaren lehen minutuetan, ez zen gutxirako, bai Jakak zein Lasok ez zuten ezagutzen garaipena ligaxka honetan. Handia zen tentsioa. Lehen sakea Lasori egokitu zaio, eta Jakak pilotarekin izan duen lehen kontaktuan, huts egin du. Inoiz baino azkarrago eman dira lehen puntuak. Ohartu denerako etorri zaio bigarren tantoa Jakari, txarto neurtu du bere oin-jokoa, eta atzetik hasi da markagailuan (0-2).
Hain justu, bi berdinketa izan dira bakarrik partida osoan zehar: bina eta hiruna. Gainera, lizartzarra soilik momentu isolatu batean egon da markagailuan gainetik (3-2), oso nekagarria izan den bere hirugarren tanto horretan. Jokaldi ederra burutu dute biek, eta pilota zaila atera du Jakak lurretik.
Haatik, bazirudien ikasita zeukala non egin ziezaiokeen min handiena Lasok Jakari. Argi eta garbi utzi du nafarrak: sake-efizientzia handiz. Ezin hobeto etorri zaio pilota aldaketa Lasori eta, horri esker, lau tanto egin ditu jarraian (3-6), tartean, pare bat sakez.
Etenaldi bat behar izan du Jakak, baina, horrez geroztik, oso fin ibili da Laso, erosoago sentitzen zen kantxan. Jakari, ordea, fisikoki neketsuago ikusten zitzaion eta bere buruarekin haserre. Urdinari dena ateratzen zitzaion bitartean, gorriari motel eta etsita egongo balitz bezala nabaritzen zitzaion. Beraz, bolada ona baliatu du Lasok (5-9).
Sakez asmatzen ari zen nafarra, oso azkar eta ezker pareta baliatuz. Oso motzean jokatuta, gero luzez, baina, Jakak ez zekien nola konpondu arazo hori, atzean geratu ala aurrerantz jo. Zalantzati, alegia. Iparra galdu du partidaren tarte bazuetan zehar, batez ere erabakitasun falta sumatzen zitzaion lizartzarri.
Dena den, hurrengo etenaldia aprobetxatu du Jakak aldea murrizteko. Urduri jarri da Laso eta dema zabalik zirudien, gipuzkoarrak egindako bi tantoen ostean. 22 pilotakada eman ostean, tantorik gogorrena irabazi du Jakak (7-9), eta aulkira joan dira pilotariak, itota.
Hautsi da dema
Beste behin, sakea berreskuratzean, erabat asmatu du Lasok, eta bikoiztu egin du aldea markagailuan (7-14). Segurtasun handia erakutsi du hasierako pilotakadekin, oso pozoitsuak baitziren sakeak, eta, horri esker, abantaila handitzen joan da.
Norberaren kalitateaz eta maila fisikoaz harago, buruak agintzen du askotan. Eta nahi eta ezin aritu da Jaka; hain zuzen, Lasok 18 tanto poltsikoratu dituenean berreskuratu du sakea gipuzkoarrak (8-18).
Emozio gutxiko partida amaiera bizi izan du publikoak, txispa gutxiegi erakutsi baitu Jakak markagailua iraultzeko. Hasieran kostata, baina merezita atera da garaile Laso (8-22). Pilotari nafarrak Dario izango du aurkari, ligaxkako liderra, alegia. Bestetik, Jakak oso zail dauka aurrera jarraitzeko, kabala arraroak eman beharko lirateke. Hori gutxi balitz, Altuna izango du aurkari hurrengo deman.
PARTIDAKO FITXA:
Jaka: 8
Laso 22
Pilotakadak: 216. Iraupena: 48 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 3-2, 3-3, 3-6, 4-6, 5-6, 5-9, 6-9, 7-9, 7-18, 8-18, 8-19, 8-22. Sakez egindako tantoak: 0 Jakak eta 6 Lasok. Airez egindako tantoak: 61 Jakak eta 27 Lasok. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Gasteizko Ogetan.

Fallece la joven de 18 años que cayó desde 30 metros en el Anboto

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas solidarias llega a Insausti

Duelo por el niño vizcaino fallecido tras ser atropellado por un tractor en Burgos

Sabino Ormazabal, Euskal Herria maite zuen bakezale amorratua, zendu da

