
Bi urtetik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko. UEMAko kideek ez ezik, gainerako udalerri euskaldunek ere hartzen dute parte. Otxandioko Udala eta UEMA elkarlanean hasi ziren eguna antolatzen, eta berehala elkartu zitzaizkien Otxandioko hainbat talde eta elkarte. Guztien artean osatu dute maiatzaren 16ko egitaraua, eta ostegun honetan aurkeztu dute, Otxandioko Kultur Etxean.
Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkate eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kideak nabarmendu duenez, maiatzaren 16koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kideena soilik. «Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak».
Otxandioko euskara zinegotziak, Maider Arejolaleibak, azaldu duenez, Otxandio udalerri euskalduna da, eta harro daude otxandiarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz. Horregatik, pozgarria da haientzat Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. «Ilusioz aritu gara lanean, eta maiatzaren 16an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu herriko, eskualdeko eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei».
Egitaraua
Antolakuntza batzordean parte hartu duten Otxandioko talde eta elkarteen izenean, Jaione Agirregabiria Airatu euskalgintza taldeko kideak hartu du hitza, eta egitaraua aurkeztu du. Dianarekin hasiko dira, 10.00etan, Kaleik Kale txistulariekin. 10.30ean, UEMAren Batzar Nagusia izango da Mainondon, 11.30ean haurrentzako herri kirolak plazan, eta 13.00etan ekitaldia toki berean.
Udal bandarekin kalejiran ibiliko dira bazkalordura arte, eta ostean, Kalaka egurrezko jolasak, haurrentzako tailerrak, izango dituzte Airaturekin. 18.00etan kalejiran joango dira Basogaira, Urbiribil dultzaineroekin, eta Zazpi harrien inaugurazio ekitaldia egingo dute han. Bertsolariak, Oihandi abesbatza, Urduri dantza taldea eta Kaleik Kale txistulariak izango dira giroa jartzen.
Kalejiran itzuliko dira plazara, eta han Errigorako produktuak dastatu, eta Lorratz taldearen erromeria izango dute gozagarri.
Bazkarirako txartelak erosteko bi modu daudela jakinarazi dute: Otxandioko Kementsu eta Danoena tabernetan, edota online, labur.eus/UEE26 webgunean. Bi kasuetan beranduenera maiatzaren 10erako eskatu behar dira txartelak.
Euskara elkarteen topaketa
Festa giroan ondo pasatzeko eguna izan ohi da Udalerri Euskaldunen Eguna, baina lanerako eta hausnarketarako tartea ere izaten da. Goizean, zehazki, euskara elkarteen topaketa izango da Kultur Etxean, UEMAk eguerdiko ekitaldian aurkeztuko dituen urgentziazko neurrien inguruan aritzeko.
UEMAk apirilean abiarazi zuen Esnatu dinamikarekin batera, arnasguneetarako urgentziazko neurri horiek, udalerri euskaldunetarako lehentasunak eta euskara elkarteek egin dezaketen ekarpena aztertuko dituzte.
Euskara ikasleei aitortza
Udalerri Euskaldunen Egunean ohikoa izaten da euskararen aldeko lanean nabarmendu den elkarte, herritar edo eragileren baten lana aitortzea. Aurten, UEMAk, Otxandioko Udalak eta antolakuntzan aritu diren herriko eragileek horrela erabakita, euskara ikasten ari direnek jasoko dute omenaldia.
Izan ere, azken urteotan Otxandiora heldu diren hainbat herritar berri ari dira euskara ikasten, eta horien ahalegina aitortu nahi dute antolatzaileek. Era berean, badira euskaldun zaharrak izan arren euskara hobetzeko eta euskaraz alfabetatzeko erabakia hartu dutenak ere.
‘Zazpi harri, zazpi herri’ abestia egin dute otxandiarrek propio egun honetarako. Sergio Meurio eta John Learretak sortu dute abestia eta musika, eta Otxandioko eskolan bertan osatu dituzte hitzak. Ahotsa ere Otxandioko eskolako ikasleek jarri diote abestiari. Maiatzaren 16ko ekitaldiaren amaieran abestuko dute.

Una herida grave en Errekaleor tras un ataque que ven instigado por la Ertzaintza

Entre lo incomprensible y lo irresponsable

El Gobierno navarro queda muy tocado tras la aprobación de la ley de educación de UPN

Doctor Deseo cierra un ciclo de 40 años con un doble vinilo, un cómic y un gran concierto
