Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Eusfera: aldaketak komunitatean lortzen dira

Ostegunean hasi zen Eusfera, eta maiatzaren 17ra arte iraunen du, gurasoak eragile, 0 eta 12 urte arteko haurrei euskararen unibertsoa zabaltzeko asmoz. Taupak sustatutako ekimen honetan, etxean misioak bete bitartean, kalean denetariko euspazioak sortu dituzte euskara komunitatean bizitzeko. 

Erkuden De Andres Imaz, Iruñeko Irauli elkarteko kidea eta ama, lagunekin batera, Eusferaren hasiera besta abiatu aitzinetik.
Erkuden De Andres Imaz, Iruñeko Irauli elkarteko kidea eta ama, lagunekin batera, Eusferaren hasiera besta abiatu aitzinetik. (Iñigo URIZ | FOKU)

Erkuden De Andres Imaz Haur Hezkuntzako irakaslea da Antsoaingo eskola publikoan, bertan ikasten duen 9 urteko alaba baten ama eta Iruñeko Gaztelu Plazako Irauli elkarteko talde motorreko kidea.

«Nire bikotekidea erdalduna da. Euskara ikasi zuen hizkuntza eskolan, ulertzen du, baina naturaltasunez hitz egiteko ez da eroso sentitzen. Bere muga edo korapiloak ditu. Txikitxoak D ereduan ikasten du, jaio zenetik beti euskaraz egin izan diot eta inguruan euskaltzaleak gara guztiok, baina ez euskaldun osoak. Gaztelania oso presente dago herrian, gizartean, eta, jakina, etxean gure artean hitz egiten dugunean hirurok gustura egoteko gaztelaniaz egiten dugu. Honengatik edo beste arrazoi askorengatik, berak gaztelaniaz erantzuteko joera du. Oso ohiko errealitatea da», azaldu zigun Eusferaren hasierako besta hastear zela, ostegunean Iraulin elkartu ginenean.

Ama bezala, «mingaina loratzen hasteko» eman du izena Taupa mugimenduak bultzatutako Eusferan. Misioak elkarrekin betetzeko konpromisoa hartzeko, kontzienteago izateko eta eguneroko bizitzan euskara presenteago edukitzeko, «ea poliki-poliki betiko errotzen den». 

 

Erkuden De Andres, Antsoaingo ama eta irakaslea. (Iñigo URIZ/FOKU)

 

Irauli elkartea joan den irailean sortu zen. Gaztelu Plazan dago, laugarren zenbakian, Labaren ondoan, eta plaza hartzea du xede. Helburu eta amets aunitz partekatzen ditu elkarteak Tauparekin, eta aunitz dira euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenak. «Elkarrekin koordinatzea eta lan egitea oso baliotsua da, ezinbestekoa, erabakia modu indibidualean har daitekeelako baina aldaketak komunitatean egin behar direlako», azpimarratu du Erkudenek. «Euskara kalera atera nahi dugu, komunitatean entzun eta bizi». Iraulik harreman estua du, bertzeak bertze, Labarekin eta Karrikirirekin. «Denok nahi dugu gauza bera: hiri buruzagia loratu».

Misioak eta euspazioak

Eusferaren webgunean galdetegi bat jarri dute Euskal Herriko guraso guztien eskura, etxeko hizkuntza egoera eta gaitasuna zein den jartzeko, txikien adina... Horren arabera, familia bakoitzera egokitutako misioak eta baliabideak proposatzen ditu Eusferak, zortzi planetatan banatuta: ipuinak, jolasak, musika, sormena, etxeko hitzak, pantailak, euspazioak eta helmuga. 

Erkudenen familiari ipuinen planetan jarri dieten misioa etxekoen artean istorio bat sortzea da. «Haurrak eta helduok bina hitz, objektu eta pertsonaia aukeratu behar ditugu. Bikotekideak ere, nahiz eta euskalduna ez izan, hitz horiek euskaraz bilatu beharko ditu. Txikitxoak istorioa sortu, eta besteoi kontatuko digu, mimika ere erabiliz. Ondoren, euskaraz hitz egiten ez duen kideak ulertu duela ziurtatzeko, berak ulertu duena kontatuko du». 

Bertze misio bat euspazio batean parte hartzea da. Auzoan edo herrian euskararen presentzia indartzeko helburua duten espazioak dira hauek. Hasiera bestan, planeten tailerra eta mural margoketa egin zituzten Iruñean. Larunbat goizean, ginkana izan zuten gozagarri lau urtetik gorako txikiek eta, aldi berean, zero eta lau urteko umeei sartu eta jolasteko proposamena egin zieten Iraulin. Arratsaldean, logo tailerrak egin zituzten. 

Instalazio artistiko batzuk ere sortzen ari dira lau euspaziotan: Laban, Karrikirin, San Frantzisko Eskolan eta San Frantzisko Liburutegian. Ostegunean txikiek eta familiek margotu zituzten planetak lau espazio horietan zintzilikatu dituzte eta mahai batean bertze planeta batzuk jarri dituzte, bertatik pasatzen den edonork hartu, margotu eta moztu, euskararekin duen ametsa azpian idatzi eta zintzilikatu ditzan. Hala, euskararen espazioa gero eta handiagoa eginen da.

Proiektuei hasiera eta bukaera besta ematea garrantzitsua denez, heldu den larunbatean, maiatzak 16, itxiera jaia eginen dute. Egun bat aurreratu dute igandean Eskola Publikoaren besta delako. Orduan, larunbat eguerdian Yolanda Arrietak eta Ane Arzelusek batak idatzi eta bertzeak ilustratutako ‘Pox, Mox eta Trumoi’ liburua aurkeztuko dute. Ondotik, Iruñerriko euskal dantza taldekoekin batera dantzan hartuko dute plaza. Misioak bete ahala, pasaportean planetak itsasten joanen dira eta zortziak lortzean osatuko dute pasaportea. Maiatzaren 16an, 14.00etan, argazki erraldoi bat aterako dute Gaztelu Plazan, guztiak beren pasaportearekin, planeta bat, bi, lau edo denak itsasi, bakoitza lortu duenarekin harro. 

Arnasgunea zaintzen

Koldo Zelaiak bertzelako egoera bat bizi du Etxebarrian. Aita izateaz gain, eskolako guraso taldeko eta herriko euskara batzordeko kidea da. «Markinarra naiz jatorriz eta bi seme txiki ditut, bata bost urtekoa eta bestea urtebetekoa. Emaztearentzat eta biontzat euskara ama hizkuntza da. Txikitatik euskaraz bizitzeko zortea izan dugu, bai etxean eta bai kalean. Lagunek eta herriak berak aukera hori eman digute. Lea Artibai arnasgune bat da eta zaindu egin behar dugu. Askotan ez gara kontziente zer balio daukagun, eta hori zaintze aldera Eusferan parte hartzera animatu naiz», adierazi du. 

«Zoritxarrez, motibo batzuengatik edo besteengatik, euskararen erabilera murrizten dabil. Azken ikerketek hori esaten dute eta herrian ere ikusten da. Ematen du jada ez dagoela modan euskara erabiltzea. Gure aiton-amonek zenbat borrokatu zuten euskara erabili ahal izateko Francoren garaian, eta orain badirudi euskara erabili ahal denez ez daukagula zertan segitu edo fokoa hortik kendu dela pixka bat», azaldu du. Bere ustez, ez du horrela izan behar eta kontziente izan behar dugu bai euskaldunok eta baita etorri berriek ere euskara bertako hizkuntza dela, ofiziala, eta bertako kulturan parte hartu behar dugula. Erran duenez, kulturartekotasuna lantzen ari dira eta erraztasunak jartzen saiatzen dira etorri berriek ere –batez ere senegaldarrak eta marokoarrak– halako ekintzetan parte hartzeko. 

«Inkontzienteki, euskaldunok asko jotzen dugu erdarara familiarteko elkarrizketetan edo lagunekin, adibidez, albiste bat komentatzeko. Informazio gehiena erdaraz edo ingelesez jasotzen da. Euskaraz ere jaso daiteke, baina horretarako esfortzu bat egin behar da. Erdaraz jasotzeko, ordea, ez duzu ahaleginik egin behar».

 

Koldo Zelaia, Etxebarriako aita, herriko euskara batzordeko eta eskolako guraso elkarteko kidea, eta Eusferako partaidea. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

 

«Guraso izaten garenean ardura bat hartzen dugu gure seme-alabenganako eta haiei hizkuntza eta kultura bat transmititu nahi izaten diegu. Gure kasuan, euskara da. Etxean euskaraz egiten dugu eta ingurua ere hala daukagu. Baina guk kontzienteki nahi dizkiegu balio batzuk eta euskaldun izatearen mina zer den transmititu. Familian hartzen den erabaki bat da. Batzuek natural egingo dute; beste batzuek, esfortzu handiagoz; eta besteek  beste hizkuntza bat edo beste balio batzuk transmititzea erabakiko dute».

Haurren unibertsoa gero eta erdaldunagoa denez, Eusfera bezalako ekimenak garrantzitsuak iruditzen zaizkio Koldori euskararen erabilera sustatzeko. Etxean, ipuinen planetako jolasarekin hasi ziren, lau urteko semeak hala hautatuta. «Animalia bat eta objektu bat aukeratu genuen bakoitzak. Nik lehoi txiki bat eta baloi bat, emazteak lehoi handi bat eta etxetxo bat, eta semeak elefante bat eta kotxe bat. Neu hasi nintzen ipuina kontatzen: ume txiki bat parke batera joan zen bere animaliarik gustukoena ikustera: lehoia, eta lehoi txiki bat ikusi zuen baloiarekin jolasten. Emazteak segitu zuen esanez lehoi txikia ama bilatzen ari zela eta etxetxoan agertu zela ama. Eta semeak bukatu zuen kontatuz haurrak aurrera segitu zuela kotxearekin eta elefante bat ikusi zuela. Momentu polita pasa genuen jolasean». 

Ostiralean, pantailen planetako misioa bete zuten: iluntzean, etxeratzean, euskarazko marrazki bizidun berri bat ikusi zuten elkarrekin Makusin. 

Euspazioa ere antolatu dute Etxebarrian, maiatzaren 17rako. Bertan, adarra instrumentua jo, bertsotan egin, altxorraren bila jolastu, eta esperientziak partekatuko dituzte. Koldok dioen bezala, misio, euspazio eta baliabideok aproposak dira aurrerantzean erabiltzeko ere. Beraz, segi dezala euskonauten bidaiak!