Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Annie Ernaux eta Marc Marie, pasio baten biharamuna irudietan eta letretan

Galtzerdiak, oinetakoak, bularretakoa, galtzak... ikus daitezke zoru gainean. Bezperako giro intimoaren lekukoak. Sexu harremanak izan ondoren kameraz jaso zituzten arrastoak Annie Ernauxek eta Marc Mariek. Eta irudien gaineko gogoetak idatzi zituzten ondoren. ‘Argazkiaren erabilera’ da emaitza. 

Leire Lakasta itzultzailea, liburua eskuan.
Leire Lakasta itzultzailea, liburua eskuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Annie Ernaux (Lillebonne, 1940) eta Marc Marie (Boulogne-Billancourt, 1962) maitaleak izan ziren 2003ko martxotik 2004ko urtarrilera bitartean. Cergyko etxean, harreman intimoak izan ostean argazkiak egiten zituzten. Horietatik hamalau irudi hautatu eta iruzkinak idatzi zizkieten. 

Lurrean ordu luzez zain egon diren arropak eta oinetakoak dira bi protagonisten beroaldien lekuko. Bikotea hirukote bihurtu zen garai hartan, Ernauxek bularreko minbizia baitzeukan. Espero gabeko gonbidatua festara. 

Bi tabu, sexua eta minbizia. «Kezka eta beldurra harremanean nola sartzen den ikusten da. Minbizia oso sarkorra da», adierazi du Leire Lakastak. Bera arduratu da euskararako itzulpenaz.

Desira, mina, eta heriotza. «Bi maitale heldu, sexua eta minbizia, hoteletako logelak, Veneziara bidaia, argazki makina analogiko bat eta hil arteko bizitza ospatzeko gogoa». Hauxe Katakrak argitaletxearen aurkezpen esaldia. 

Obra intimista eta autobiografikoaren jabe da Ernaux. Genero eta klase posizioari erreparatzen die bere literaturak. Liburu hau ere horren adibidea da. «Annie Ernauxek markatutako bidea jarraitzen du liburuak, elkarlanean idatzia izan arren Ernauxen liburuaren aurrean gaude», kontatu du Leire Lakastak emakumearen boterea aipatuz. «Botere sozial handiagoa du Ernauxek, kontuan izan 22 urte helduagoa dela. Baina harreman hetereosexual normatibo batetik asko zuen eurek bizitakoak eta Mariek ere badu bere boterea», zehaztu du jarraian. 

Tonua eta erritmoa aurkitzea izan ditu erronka Lakastak, baita irakulearentzat atsegina egitea ere, «naturaltasuna nola eman». 

«Irakurterraza eta atsegina, oso soila» da Hedoi Etxarte editorearen esanetan ‘Argazkiaren erabilera’. 

Nola kontatu?

Nola kontatu geure buruari gertatu dena? Hauxe da liburuaren muina. «Kuriosoa da argazkietatik abiatuta zein gogoeta sortzen zaizkien bi maitaleei. Batzuetan aldendu egiten dira bata bestearengandik, bestetan hurbildu», azaldu du Lakastak. 

«Argazkia egin genuen gauean aukeratu behar izan banu M.rekin amodioa egin ala orriak kontserbatu, ez nituzke paperak aukeratuko». Ernauxen hitzak dira. Intimitate eta memoria ariketa da honakoa. 

Euskarara ekarritako Ernauxen bederatzigarren liburua da ‘Argazkiaren erabilera’. Horietatik bi itzuli ditu Lakastak, Katakraken eskutik. ‘Idazketa labana bat da’ da aurrekoa. Bizitza dute oinarri frantziar idazlearen argitalpenek, molde desberdinetan sortuak. Izan narratiba, izan poetikoagoa. «Intuizioak eraman du Katakrak Ernauxen bi liburuak aukeratzera eta Iruñeko argitaletxearen bildumako beste hainbat izenburuk bezala badute irudiaren presentzia. «Irudiaren gaineko gogoeta ezinbestekoa da garaiotan», esan du Etxartek.