Abangoardiako arte eszenikoak publikoari hurbiltzeko ekimenez abiatutako ACT jaialdiak ekainaren 3tik 6ra ospatuko du bere XXIII. edizioa eta, aurtengoan, konpromiso artistikoa izango du hari gidaria.
Hausnarketarako gonbidapen hori egitaraura, topaketa eta eztabaida guneetara eta jaialdiak proposatzen dituen tailerretara zabaltzen da eta zenbait galdera jartzen ditu mahaigainean: «Jendaurrean azaltzen dugunean, konpromisoa hartzen al dugu gure lanarekin? Zer erantzukizun hartzen dugu berau partekatzen dugunean? Eta konpromisoa, artistikoa baino ez da, ala soziala ere bada? Konpromisoa gure istorioak kontatzeko aukeratzen dugun mezuaren zati da. Nondik eta nola egiten dugun ere, bada konpromisoa», zehaztu dute antolatzaileek.
Jaso dituzten 600 eskaeretatik 12 proposamen hautatu dituzte Bilbo eta Barakaldon aurkezteko. Pieza laburrak dira, gehienez ere 30 minutukoak, eta aurreko edizioan saritutako konpainien bi erakusketa lan, bi workshop eta artisten, kultur kudeatzaileen eta publikoaren arteko topaketa ere eskainiko ditu jaialdiak.
Jaialdian ikusi ahal izango dira Creamaren ‘Adam's apple’ (Suitza), EM+en ‘HOW TO_Just an other Boléro’ (Italia), ‘Rolando Salameren ‘Un mundo atrás’ (Madril-Txile), Charlyren ‘blOck it oUt‘ (Belgika), Fugiteren ‘¿Hasta cuando?’ (Mexiko), Balleto di sardegnaren ‘UCSO’ (Sardinia), Kim Siwonen ‘22’ (Korea), Lur and Maruren ‘WE'EW ALL FISH’ (Euskal Herria-Portugal), Yingyu Lyuren ‘The marginal man’ (Estatu frantsesa), Laia Santanachiren ‘JARANA SP’ (Katalunia), F-A-E Archiveren ‘The liminal body’ (Korea), Voltaren ‘THE KID’ (AEB), Maxine & Francescoren ‘Twist Again (Estatu frantsesa) eta Miguel Jimenez konpainiaren ‘Être’ (Valentzia) piezak.
Jaialdia Barakaldo Antzokian, Guggenheim Museoan, BBK Aretoan, Kafe Antzokian eta BAI eskolan (arlo pedagogikoan oinarrituko dena) ospatuko da, eta ikuskizunez osatutako saio bakoitzak 10 euroko kostua izango du. Sarrerak leihatilan, jaialdiaren edo guneen webgunean erosi ahal izango dira.

Ni «oleada» de ceros, ni capricho del corrector; claves para entender lo ocurrido en la PAU

«Los autos se apoyan en una información no contrastada de un medio de comunicación»

La ridícula idea de acelerar el tiempo

El txupinazo sumerge a la acalorada Iruñea en sus nueve días más desenfrenados
