
Udaberriro, aro amaieran La Fundición aretoan egin ohi denez, datorren asteburuan Zer(K)nias zikloaren beste edizio bat izango da, zeinaren eskutik, Deustuko antzokiak euskal sorkuntza eszeniko «independenteena eta esperimentalena» ezagutzera ematen duen.
Ondoz ondoko hiru egunetan –maiatzaren 29tik, ostirala, 31ra, igandea–, Bilboko espazioak hiru ikuskizun hartuko ditu. Arduradunek laburbildu dutenez, «hizkuntza berriak aztertzen dituzte, formatu hibridoak proposatzen dituzte eta arrisku artistiko handiagoak bere gain hartzen dituzte»; izan ere, «askatasun osoz eta ohiko antzerki-zirkuituak alde batera utzita» sortu dira. «Tamalez, horrelako proposamenek zailago izaten dute programazioetara eta ikuskizunen sailera iristea, zalantzarik gabe kalitate handikoak badira ere», diote.
Hala, Zer(K)nias urteroko erakusleihoa da «ahots eta sorkuntza modu berrietarako», eta «La Fundiciónek ikerketa eta esperimentazioa jorratuta lan egiten duten Euskadiko artista eta konpainiekin duen konpromisoa» indartzen du.
Txartelak badaude eskuragai aretoaren webgunean (8 eta 15 euro artean + gastuak). Txartel-leihatilan ere egongo dira salgai, hemendik aurrera eta emanaldiak hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.
2026ko Zer(K)nias zikloan sortzaile gazte hauek sortutako hiru muntaketa programatu dira: Olaia Valle dantzari eta koreografoa (Zugaztieta, 1994), Raira Rosenkjar brasildar performerra, Bilbon bizi dena, eta Infinitudrama konpainia, euskarazko antzerkiarekin konprometitua, Maite Aizpurua Olaizola buru duena (Zumaia, 1990).
Vallek, dantzari lanetan Jesus Rubio Gamo, La Intrusa edo Marie de Jongh entzutetsuekin aritu denak, ostiralean hasiko du zikloa, maiatzaren 29an, ostirala (19.00etan), ‘Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río’ piezaren eskutik. Bera arduratu da koreografiaz, eta bera da dantza garaikideko pieza horren dantzaria, zuzeneko musikarekin, bere hitzetan, «gorputz batentzako biek batera jotako kontzertua» den horretan.
Izan ere, oholtza gainean, Amaia Santamariaren eta Zuhaitz Fernandezen zuzeneko musika du akonpainamendu Vallek. Zoriari eta denbora errealean egindako konposizioari irekitako ikuskizun horren eskutik, inspirazio izan dituen emakumeak omendu nahi ditu Vallek: «Nire arbasoak dantzatzea, gaur ni zerk mugitzen nauen ulertzeko».
Maiatzaren 30ean, larunbata (20.00etan), Raira Rosenkjar performerraren txanda izango da. São Paulon (Brasil) jai zen eta, egun, Euskal Herrian bizi da hura. Dantzaren, performancearen eta antzerkiaren arteko ‘Tetas’ aurkeztuko du: pieza horrek zalantzan jartzen ditu generoari eta botereari buruzko kontaketa hegemonikoak, «emakume baino lehen titi izandako emakume eta, titi izateagatik, emakume besterik izan ez zen emakume baten bidez», laburtu du Rosenkjarrek.

2026ko Zer(K)nias zikloa maiatzaren 31n, igandea (19.00etan), amaituko da, Infinitudrama konpainia gaztearen eskutik: 2024an sortu zen konpainia gipuzkoarra, eta horren bidez Maite Aizpurua Olaizolak euskarazko sorkuntza garaikidea bultzatu nahi du. Dagoeneko hiru obra ditu, eta ‘Adarbakarra’ eszenaratuko du, euskal folklorearen berrinterpretazio zirikatzailea, umorea, poesia bisuala eta musika uztartzen dituena.
Aizpurua Olaizola koplari eta Garazi Navas soinujolearen eskutik (piezaren sortzaile biak), ‘Adarbakarra’ piezak pseudo-epika, kitsch estetika eta fantasia batzen ditu, «euskaltasuna garaikidetasunetik birpentsatzeko», azaldu dutenez. Zortzikoak, aizkorak, gudariak, ardi-larru sintetikoak, ortzadarra eta «gure memoria kolektiboaren parte diren» mitoak eta doinuak bateratzen dira euskarazko antzezlan horretan.

Etxebarria rectifica y pide perdón a Kerejazu tras criticar su discurso sobre el 3 de Marzo

Preocupación por algunos episodios de agresiones y amenazas a veraneantes vascos en Laredo

Oihane Mateos EITBko kazetaria hil da

La erupción del Etna suspende varios vuelos con destino a Sicilia
