BABESLEDUN EDUKIA

Lesakarrak sei egunetako jai zurrunbiloan murgilduko dira astelehenetik aurrera

Aurten ere San Fermin jaiak puntual iritsiko dira Lesakara eta astelehen eguerdiko hamabietan Luis Mari Olaetxea herritarrak botako duen altxaferoak hasiera emango dio sei egunez luzatuko den jai egitarauari. Txozna guneko egitaraua datorren ostegunean zabalduko da.

Altxaferoa bota ondoren, danborrada nagusia abiatuko da astelehen arratsaldean.
Altxaferoa bota ondoren, danborrada nagusia abiatuko da astelehen arratsaldean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jai hasiera ofiziala uztailaren 6an izango bada ere, asteburu honetan musika eta dantza ikuskizunak izango dira nagusi herriko hainbat txokotan. Horien artean, nabarmentzekoa da ostiral honetan bertan Lesakako Musika Bandak Pepito Yanci akordeoilari famatuaren omenez atera duen diskoaren aurkezpena. Gaueko 22.00etan hasiko da emanaldia Albistur kalean eta bertan Euskal Herria osotik etorritako akordeoilariek ere parte hartuko dute gonbidatu gisa. Egun honetan, baita ere, Udalak bere izena jarriko dio Pepito Yanci jaio zen kaleari. 

Larunbat eta igande arratsaldean dantza taldeen txanda izango da eta astelehenean, goizean goiz, Lesakako erraldoi eta buruhandiak, txistulariak, trikitilariak eta Elutxa txaranga aterako dira kalez-kale. Txupinazoa, eguerdiko 12.00etan izango da Herriko Etxean eta aurten Luis Mari Olaetxea Altzugarai arduratuko da suziria aireratzeaz. 68 urteko herriko seme hau buru-belarri jardun da azken urteetan inguruetako bide zaharrak berreskuratzen, egurrezko zubiak egiten eta urbideak garbitzen, beti ere beste herritar batzurekin auzolanean.

Behin altxaferoa botata, jai-giroa zabalduko da herrian sei egunetan zehar, hurrengo larunbatera arte hain zuzen. Astelehenean bertan bi danborrada ospatuko dira, haur ttikiena eguerdian eta helduena arratsaldeko 20.00etan. Eguna amaitzeko, Jon Koldo Gudariak eta Zilibito Records taldeen emanaldiak izango dira plaza zaharrean.

Uztailaren 7an Fermin donearen eguna ospatuko dute lesakarrek ezpatadantzarien meza ixilarekin hasita. Meza nagusiaren ondoren, Udalbatzak, ezpatadantzariek eta musika bandak prozesioa egingo dute eta, segidan, Onin errekaren bi aldeetan egiten den Zubigainekoa dantza ikustera joango dira. Arratsaldean, bertso saioa izango da Arrano elkarteak antolatuta, eta ondoren Larrain Dantza, zezensuzkoa eta Rockalean taldearen emanaldi ibiltaria.

Uztailaren 8an, asteazkena, peñen eguna ospatuko dute, ostegunean haurren eguna, ostiralean herritarren eguna eta larunbatean jaien amaiera izango da “Gaixoa ni” ekitaldiarekin.

Txozna gunean ere egitarau zabala prestatu dute datorren asteburuan. Horrela, ostegunerako gazte bazkaria eta Pettiren emanaldia daude iragarrita, ostiralerako DJ emanaldiak eta, larunbaterako, kontzertuak eta DJak arratsaldez eta gauez. 

Bisitarien joan-etorriak errazteko asmoz, autobus zerbitzu bereziak izango dira datorren ostiralean eta larunbatean (uztailak 10 eta 11) Arantza, Igantzi eta Etxalartik, baita Beratik ere, eta itzulerakoak orduro izango dira Lesakako suhiltzaile parketik, goizaldeko 3retan hasita.

Burundesa eta Baztanesa konpainiek ere zerbitzu bereziak ezarri dituzte ostiral, larunbat eta iganderako Donostia, Irun eta Lesaka artean. 

Informazio honen babesleak: Arrano ostatua, Lesakako txoznak.