
Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, Batera enpresa-elkarte bat baino askoz gehiago da. «Arabako sei industria-kooperatibak osatutako lankidetza-ekimena da, eta helburu argi batekin sortu da: lurraldean eragin positiboa sortzeko ahaleginak batzea. Elkarlanaren bidez, gure komunitatearentzako etorkizun jasangarriago, bidezkoago eta oparoagoa eraiki nahi dugu».
Beren esanetan, batasun hori behar partekatu batetik sortu da; hain zuzen, eredu ekonomiko eta sozial kolaboratiboagoa eraikitzea, pertsonak eta ingurunea erdigunean jarriko dituena.
Helburuetako bat topagune bat izatea da, non kooperatibek inspiratu, eraldatu eta balioa eman diezaioketen Arabako lurraldeari. «Uste osoa dugu batasunak eragina biderkatzen duela, eta ekintza kolektibo txikiak gai direla eraldaketa handiak sortzeko».
Arabako kooperatiben elkarte berria urte hasieran aurkeztu zuten Gasteizko Europa jauregian. Baterako presidenteorde Koldo Lopez de Roblesek azaldu zuenez, lankidetzaren eta konpromiso kolektiboaren bidez inpaktu positiboa eragiteko sortu da elkartea. «Ezegonkortasun geopolitikoak nonahi eragiten digun eta indibidualismoa gizartean nagusi den une honetan, Batera munduari aurkezteko une egokia dela iruditzen zaigu, elkarlanari esker etorkizuneko erronka handiak lideratu daitezkeela erakusteko».
Elkarteak kooperatibismoa gizarte-inpaktu handiko enpresa-formula gisa zabaltzeko eta eredu hori belaunaldi berriei eta ekin nahi dutenei hurbiltzeko lan egingo du, lankidetza, iraunkortasun, parte hartze, gardentasun, gizarte-konpromiso eta eraldaketaren printzipioetan oinarrituta.
Batera osatzen duten sei kooperatibek 1.500 langile baino gehiago dituzte, eta guztien inbertsioa 60 milioi euro baino gehiagokoa da. Kooperatiba horiek RPK, i+Med, Udapa, Loramendi, Aurrenak eta Goros dira -industria, bioteknologia edo elikadura bezalako sektore gakoetan erreferenteak direnak-, eta Konfekoop-en eta Laboral Kutxaren laguntza proaktiboa dute.
Elkartea eredu kooperatiboari lotutako balioetan oinarrituta dagoela gaineratu dute ekimenaren sustatzaileek: Elkarlana, elkarrekin lan eginez helburu komunak lortzeko; jasangarritasuna, pertsonak eta ingurunea errespetatzen dituen garapenaren alde egiteko; parte-hartzea, pertsona bakoitzak garrantzia eta ahotsa duelako; konpromiso soziala, bizi garen eta lan egiten dugun ingurunea hobetzea bilatzen duelako; eta eraldaketa, aldaketa bultzatzen duelako tokiko ekintzatik.
GAZTEENGANA HURBILDU
Baterak gazteengana hurbildu nahi du eredu kooperatiboa kalitatezko enplegurako aukera gisa aurkezteko. Helburu horrekin egin den lehen ekintza kolektiboetako bat Batera Gazte Bidaia antolatzea izan da. Lehiaketa horri esker, duela aste batzuk batxilergoko 45 ikaslek Frantziatik eta Suitzatik bidaiatu ahal izan dute multinazionalak edo ikerketarako erakunde publikoak bisitatuz, baita kooperatiben mundura gehiago hurbiltzeko ere.
Baina elkarte honen helburua ez da kanpora begira lan egitea bakarrik, baizik eta barruan ere ekintza gehiago garatzen ari da. Horren erakusgarri da “Sareak indartzen” izenekoa. Lankidetza proiektu horretan, sail berekoak diren kooperatibetako langileek hainbat lantalde sortu dituzte, arazo komunak planteatzeko eta irtenbideak partekatzeko.
Elkartea pixkanaka kooperatiba gehiago hartzeko diseinatuta dago, helburuetako bat sare hori handitzea eta indartzea baita, proiektuaren balio eta printzipio berberak dituzten erakunde berrien parte-hartzearekin.

Se entrega en Ondarroa el autor del homicidio de Azpeitia

Lekeitioko Antzar Eguna bertan behera geratu da 20 urteko gazte bat kaian hil ondoren

Así es y esto dice el grupo ultra MCP, que alineó a UPN, PP y Vox en Iruñea

El españolismo sale a las plazas de Euskal Herria «Por Ceuta» y el antifascismo responde
