Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Herri txiki, oroitzapen handi, munduko lasterketarik garrantzitsuenean

Euskal txirrindularitzak lerro dezente bete ditu Tourraren kroniketan. 40 urte dira Ruiz Cabestanyk eta Gorospek besoak altxatu zituztela eta 25 Laisekak Luzen irabazi zuela. Julian Gorospek bizikletan eta autoan bizi izandako pozez hitz egin du NAIZekin.

Laiseka, Luz Ardideneko helmugan.
Laiseka, Luz Ardideneko helmugan. (Patrick KOVARIK | AFP)

8.300 milioi biztanle pasatxo dituen mundu honetan, mapan puntutxo bat baino ez garen arren, euskal txirrindularitzak lerro dezente bete ditu Tourraren kroniketan. Miguel Indurainen izena jasotzen dute askok, baina nafarrak etxera eraman zituen bost maillot horiei eta poltsikoratu zituen hamabi etapei hauek gehitu behar zaizkie: Lapebieren Tourra, Loroño eta Perurenaren mendiko garaipenak, Txurrukaren “saiatuenari saria” eta beste 30 bat etapa garaipen, dozenaka saiakera eta abentura eta, beste kapitulu batean bada ere, Donostiak eta Bilbok antolatutako irteerak eta beste hiri eta errepide batzuek hartutako etapak. Ez dago ospatzeko efemeriderik ez dagoen urterik: 2026ko Tour honetan, esaterako, berrogei urte betetzen dira Pello Ruiz Cabestanyk eta Julian Gorospek besoak altxatu zituztenetik eta 25, Roberto Laisekak Euskaltelen debutari ginga jarri zionetik, maillot laranja Luz Ardideneko zeruraino eramanez.

Badago lotura bat garaipen horien artean, errepide alboetan egon zitezkeen ikurrinez aparte. 1986ko uztailaren 23an, Julian Gorospek Tourreko 19. etapa irabazi zuen, 130 kilometroko bakarkako ihesaldia eginda, Ruiz Cabestanyk Evreuxen irabazi eta bi astera. 2001eko uztailaren 9an, berriz, Euskaltelen autotik ospatu zuen Gorospek Laisekaren garaipena, taldeko zuzendaria bera baitzen. Eta, bien artean, Perico Delgado eta birritan Miguel Indurain Parisera horiz jantzita irits zitezen lagundu zuen bere lanarekin, bizitza osoan soinean eraman zuen Reynolds/Banesto taldeko historiako lorpen handienetan parte hartuz.

Bat nabarmentzea amaren eta aitaren artean aukeratzea bezain zaila omen da. «Guztiak dira bereziak. Bakoitza modu desberdinean bizitzen duzu; ez da gauza bera zuk irabaztea, zuk korritzea, edo kotxean joatea; hor nekea txikiagoa da eta lana desberdina. Baina izugarrizko poza ematen dizute guztiek», azaldu du Gorospek. 66 urterekin eta erretirotik gertu, Mañarikoak txirrindularitzarekin duen harremana beste etapa batean sartu da aspaldi; zalearenean, alegia. Nahikoa, aurretik bizi izandakoaren falta ez sumatzeko. «Orain lasaiago bizi naiz», onartu du barrez. Normalean telebistaz ikusten ditu lasterketak, eta praktikatzen jarraitzen du, etxean estatikoarekin entrenatuz eta mendiko bizikletarekin irtenda.

Denbora aurrera doa, baita hainbeste maite duen kirolean ere. «Orain oso estresagarria dela iruditzen zait. Gure garaian beste modu batera egiten zen. Forma lasterketetan hartzen joaten ginen, adibidez; orain, lasterketara joaten dena, zuzenean irabaztera joaten da. Dena aldatu da. Lasterketak, bizikletak, prestaketa, materiala... Onerako edo txarrerako, dena da desberdina. Aurrekontuak oso altuak dira, exijentzia oso handia dago. Nik uste dut lehen talde bezala gehiago lan egiten zela, eta orain bakoitza bere karrera egitera irteten dela; puntuek ere garrantzi handia dute, diru asko dago jokoan... Eta, adibidez, gu, lasterketak amaitzen genituenean, etxera etortzen ginen, prestaketa ere etxean egiten genuen... eta orain altueran lan egiten dute, gero lasterketetara zuzenean, gero berriro kontzentrazioa, lasterketa berriro... Ez dakit ona den buruarentzat; psikologikoki oso indartsua izan behar zara etxetik kanpo hainbeste denbora egoteko».

MARATOIA EGUZKIPEAN

Gauza batzuk, ordea, ez dira aldatzen: gaur irabaztea zaila da eta gauza bera gertatzen zen atzo. Eta Gorospek garaipen dezente ospatu zituen txirrindularitza profesionalean eman zituen hamabi denboraldietan. «Nik ezin izan nituen lasterketa handiak irabazi, baina lasterketa txikiagoak, etapak, erlojupekoak... lortu nituen. Nire ibilbidea nahiko polita izan zela uste dut». Hemen zalantza gutxiago dago aukeratzerakoan. «Maitatuenak Euskal Herriko Itzulian irabazi nituenak dira. Etxean, etxeko zaleen aurrean... Bi Itzuli eta etapa batzuk irabazi nituen Euskal Herrian eta maitatuenak horiek dira, nahiz eta garaipen gehiago lortu ditudan eta guztiak garrantzitsuak eta gustukoak diren; adibidez, Vuelta eta Tourrekoak».

Mañariko txirrindulariak 1983an egin zuen Tourrean debuta. Edizio hartan ezin izan zen Parisera iritsi. Bai urtebete geroago, baita 1986an ere, 19. etapan garaipena lortu zuenean. 179 kilometro ziren Villard de Lans eta Saint-Etienne artean, sei mendarekin; horietatik 130 bakarrik egin zituen, oso maite ez zuen bero itzelarekin. Reynoldseko taldekide pare bat ihes egiten saiatu ziren aurretik, «eta bigarren mailako mendate batean nik jo eta ihes egitea lortu nuen. Hinault bera saiatu zen nire atzetik etortzen, baina ezin izan ninduen harrapatu. Gero tropela lasaitu egin zen pixka bat, eta bakarrik joan nintzen helmugaraino. Azken mendatea oso gogorra zen eta kolonbiarrak, mendian oso indartsuak zirenak, erasoan hasi ziren. Baina neukan aldearekin, helmugara iritsi nintzen. Oso gogorra izan zen; gainera, Tourrean txirrindulari onenak daude eta mundu guztia irabaztera doa, baina lortu ahal izan nuen». Hurrengo egunean beste erakustaldi bat emateko indarra geratu zitzaion: sailkapen nagusiko bi onenak, Bernard Hinault eta Greg Lemond, besterik ez ziren Gorospe baino azkarragoak izan 58 kilometroko erlojupekoan. «Oso ondo sentitu nintzen. Eta hirugarren postu hura, bi txirrindulari horien atzetik bakarrik, onenak zirenen atzetik geratzea, niretzat oso garrantzitsua izan zen». «Gero Indurainek gaizki ohitu gintuen -gogoratu du-, baina Tourrera joan ginen lehen urte haietan... ziklista garrantzitsuenak frantziarrak, holandarrak, belgikarrak... ziren. Gu kanpora joaten ginenean korritzera ez ginen hain indartsuak, baina gauzak lortzen hasi ginen, garaipenak lortzen, eta gero gehiago etorri ziren. Oso garai politak izan ziren».

Guztira, Gorospe bederatzi Tourretan lehiatu zen. Zazpitan amaitu zuen eta edizio horietako hirutan bere liderrek irabaz zezaten lagundu zuen. 1988an Reynoldsek bere lehen Tourra irabazi zuen Perico Delgadorekin. Ondoren, Miguel Indurainen bostak heldu ziren, 92an eta 93an Mañariko ziklista ondoan zuela. «Perikorena oso berezia izan zen. Urte asko ziren Espainiako txirrindulari batek Tourra irabazten ez zuela, gure taldeak ez zuen inoiz irabazi, eta Parisera lehen aldiz iristea horiz... Gero Indurain... Fenomeno bat zen. Guk ahal genuen guztia egiten genuen laguntzeko, eta haiek benetan eskertzen zuten gure laguntza. Irabazleak eurak ziren, baina oso polita zen denentzat Parisera iritsi eta irabazlearekin han buelta hura ematea».

MAREA LARANJA

Durangon 1994an erretiroa hartu zuen egunean, Gorospe lagundu zuen txirrindularietako bat Indurain izan zen. Bizkaitarrak bizikleta utzi zuen, baina ez txirrindularitza. Lau urte geroago, Euskaltel-Euskadiko zuzendari bihurtu zen. Eta autotik bizi izan zituen euskal taldearen une onenetako batzuk. Baita Tourrean ere. Frantziako lasterketan debuta egin zuen urtean zuzendu zuen taldea, 2001ean, Roberto Laisekak euskal kirolaren une nabarmenetakoa idatzi zuenean, Luz Ardidenen irabaziz, ikurrinaz eta kamiseta laranjaz inguratuta.

Saint-Etienneko garaipenekoa bezain une zoriontsua izan zen. «Sinestezina izan zen, izugarria. Gure taldea zen, gure txirrindulariak... Horrelako etapa bat irabaztea, geneukan filosofia zeukan talde batekin... Ahaztezina izan zen, Pirinioetara etorritako zale guztiekin. Ardanza lehendakaria, Euskalteleko presidentea zena, gurekin etorri zen eta ezin zuen sinetsi errepidean zegoen jendetza. Aspinen, Tourmaleten, Luzen..., dena zegoen euskaldunez gainezka. Ikusgarria izan zen».

Eta, Gorospek berak Saint- Étiennerako bidean egin zituen 130 kilometroak bezain agonikoa, nahiz eta Laisekaren kasuan sufrimendu handiena bezperakoa izan. Egun hartan, etapa ere goian amaitzen zen, Saint-Lary-Soulanen, eta aurretik beste bost mendate igo behar ziren. Lance Armstrongek irabazi zuen eta Laiseka ia ordu erdira ailegatu zen, egun osoan zehar oina lurrera bota ez zezan saiatuz berarekin egon zen Unai Etxebarriak lagunduta. «Sekulako pajara hartu zuen. Errepidean jaten ari zen zale bati ere hartu zion ogitartekoa, berak jateko. Asko sufritu zuen», kontatu du Gorospek. Baina bizkaitarra «sufritu hutsa zen; bazekien sufritzen. Eta, gainera, oso eskalatzaile ona zen eta zaleen beroarekin hazi egiten zen. Buelta eman zion, eta hurrengo egunean, zale guztiekin, zeukan gogo guztiarekin, aurreko eguneko amorruarekin... Dena eman eta irabazi egin zuen. Egundoko eguna izan zen guztiontzat. Zaila da azaltzea zelako poza hartu genuen».

Une gorena izan zen, bi urte geroago Iban Mayok Alpe d’Huezen lortutako garaipenarekin errepikatu zena, baina urte haiek guztiak magikoak izan ziren orokorrean. Gogorrak ere bai, noski, Tourrean postua irabazi beharra baitzegoen. «Batez ere lehenengo urtean, presio handia sentitzen genuen. Tourrak esaten zigun baietz, joango ginela, gonbidapena izango genuela, baina lasterketa guztietan esaten ziguten ‘demostratu, demostratu’, eta horrela, Paris-Nizan, Dauphinen..., eta esaten genuen ‘demostratu bai, baina ea nola iritsiko garen Tourrera, indarrik gabe geratuko gara’. Baina bueno, azkenean joan ginen, ondo ibiltzea lortu genuen, etapa bat irabazi genuen... Eta jarraipena eman ahal izan genion hurrengo urteetan; Tourrak gu gonbidatzen jarraitu zuen, ondo genbiltzalako eta atzean gu animatzen geneukan jende guztiagatik ere bai».

ZAILTASUNAK

Zoritxarrez, garai horiek atzean geratu dira. Euskaltelentzat eta, oro har, euskal txirrindularitzarentzat. «Pena bat, baina gauzak aldatu egin ziren. Puntuen gorabeherak, beste txirrindulari batzuk fitxatzen hasi ziren... Txirrindularitza aldatu egin da». Horri gehitu behar zaio «ez dagoela lehengo kalitatezko hainbeste korredore. Txirrindulari onak daude, baina gutxi. Guk harrapatu genuen garaian txirrindulari on asko zeuden, txirrindularitza topera zegoen une horretan. Ni ziklista nintzenean ere euskaldun asko ginen eta emaitza onak lortzen genituen. Gero garai polita bizi izan genuen berriro, baina ikusten da jaitsi egin dela. Txirrindulari onak daude, baina banaka sortzen dira», esan du. Elitean ere ez dago egitura handirik.

«Aurten Caja Rural gonbidatu dute Tourrera eta berri ona da. Baina Estatu mailan talde bakarra dago goian. Igotzeko oso mugatuta dago, punturik gabe ez zaituzte hartzen... Gainera, orain leku askotako ziklistak daude, lehen ez zeudenak, eta oso onak dira; leku guztietatik fitxatzen da eta zailagoa da leku bat lortzea».

Kalitatea, behintzat, badago. Eta aurten hiru txirrindulari besterik ez badira ere, Gorospek uste du Tourreko euskal irabazleen zerrenda hazi egin daitekeela. «Zergatik ez? Aranburuk ihesaldi bat harrapatzen badu, aukerak ditu, oso azkarra da. Eta Izagirre oso txirrindulari beteranoa da, lasterketa ezagutzen du eta aurrean sartzen bada... Beren taldeek eraman badituzte, hirurak ondo daudela esan nahi du, eta ziur euren aukeraren bila ibiliko direla. Ez dugu itxaropena galduko».