Andrzej Bargielek urrezko pasartea idatzi du Nanga Parbaten
Alpinista poloniarrak zortzimilakoaren lehen jaitsiera integrala egin du eskiekin. Jarduera osoa oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe egin du. Nanga Parbatekin, Pakistango bost zortzimilakoak eskiatu ditu dagoeneko.

1990ean Hans Kammerlander alpinista italiarrak ahoa bete hortz utzi zuen alpinismoaren komunitatea Nanga Parbat (8.126 m) eskiatuta. Halere, ez zuen aukerarik izan gailurretik kanpaleku nagusiraino dagoen ibilbidea osorik eskiatuz egiteko; hainbat sekziotan taulak kendu behar izan zituen. Espedizio hartan Diego Wellig suitzarra antzeko jaitsiera egiteko gai izan zen.
Hurrengo hamarraldietan Luis Stitzinger, Boris Langenstein eta Tiphaine Duperier ahalegindu dira Nanga Parbateko jaitsiera integral eta jarraitua egiten, baina Diamirreko eta Rupaleko isurialdeetatik eginiko ekinaldiak ez ziren guztiz arrakastatsuak izan; hots, tarte batzuk oinez, deseskalatzen eta rappelak egiten egin zituzten.
Egoera horri amaiera eman eta jaitsiera historikoa egin berri duena Andrzej Bargiel izan da. Joan den ekainaren 30ean, alpinista poloniarrak lehen jaitsiera integral eta jarraitua sinatu zuen. 8.126 metrora dagoen tontorrean eskiak jantzi eta ia kanpaleku nagusiraino (elurra bukatzen den tokiraino) ez zituen kendu. Hori aski ez, eta igoera zein jaitsiera oxigeno gehigarririk gabe egin zituen. Bide batez, gaineratu behar da poloniarrak beste zirkulu historiko bat itxi duela. Pakistango bost zortzimilakoak eskiatu dituen lehen alpinista bihurtu da: K2, Broad Peak, Gasherbrum I, Gasherbrum II eta Nanga Parbat. Guztiak botilarik gabe egin ditu.
Nanga Parbateko espedizioari dagokionez, esan behar da ohiko aklimatazio fasea biribildu ostean, ekainaren 28an Bargielek behin betiko igoerari ekin ziola kanpaleku nagusitik (4.200 m). Ondoan Janusz Golab herrikidea zuen. Diamirreko Kinshofer bide klasikoan sartu zen. Aurreneko gaua bigarren kanpalekuan (6.200 m) egin zuen, eta bigarrena eta azkena, hirugarrenean (6.850 m). Laugarren kanpalekua saihestu eta hirugarrenetik zuzen gailurrera abiatu zen.
Tontorrean 45 minutuko atsedena hartu eta gero, eskiak jantzi eta beste ibilbide bat aukeratu zuen jaitsierarako: Messner izenekoa. Ohar bat: 1970ean, Reinhold eta Gunther Messner anaiek zortzimilakoaren tontorra Rupal isurialditik egitea lortu zuten. Aurpegi horretatik erdietsitako lehen eskalada izan zen. Jaitsiera, berriz, Diamiarretik egin zuten. Eta lan horretan Gunther zendu zen.
Esan bezala, Bargielek Messner bidea aukeratu zuen eskiatzeko. 7.900-8.000 metroko kotan bi ordu igaro zituen norabide egokiena aurkitzeko. Nolabait, ibilbide horrek dituen seracen zerrenda gainditu eta jaitsierarekin jarraitu zuen.

Ekainaren 30ean, arratsaldeko hiruretan, amaitu zuen jaitsiera alpinista poloniarrak. Hain zuzen ere, lehen kanpalekua (4.400 m) baino pixka bat beherago izan zuen helmuga. Elurretan jarraitzeko aukerarik ez zuenez, puntu zehatz horretan eskiak kendu zituen. Nanga Parbateko lehen jaitsiera integral eta jarraitua izateaz gain, aipatu behar da jarduera oso azkarra izan zela. Izan ere, joan-etorri osoa bi egun eta 9 orduan egin zuen.
Kanpaleku nagusira heldu bezain laster lehen adierazpenak egin zituen Bargielek: «Lorpen hau egiteko pazientzia izan dut. Mendiaren kondizioak bere onera etorri zirenean, une egokiena aukeratu eta jarduera ederra egiteko aukera izan dut. Oso pozik nago ibilbide seguru bat aurkitzeko parada izan dugulako. Hori zen helburu nagusia. Lerro hori bilatzea ez zen batere samurra izan. Batez ere Messner bideak duen serac zerrenda hori gainditzea erronka handia izan zen. Mendi eskiko ariketa bat baino gehiago, ibilbideen arkitekturari lotutako ariketa izan da. Denbora errealean egoera ebaluatu eta sekzio zorrotzak gainditu behar izan nituen. Horregatik diot goi mendian inoiz egin dudan proiektu nahasienetakoa izan dela».
Ekarpena
Nahiz eta talde sendo baten laguntza izan duen, alpinista poloniarrak egundoko gaitasuna eta sasoia erakutsi du. Gainera, espedizioaren lehenengo egunetan elur asko egin zuen eta neurri batean egoera horrek eragina izan zuen girora egokitzeko fasean. Kondizio horiekin Nanga Parbaten aklimatatzea zaila zenez, gertu dagoen Ganalora (6.600 m) abiatu zen.
Mendi horretan lanak bukatu eta kanpaleku nagusira itzuli zen. Horren ondoren, Golab espediziokidearekin batera Kinshofer bidean lanean hasi zen. Ondo aklimatatzeko bi gau igaro zituzten 6.200 eta 6.900 metrora. Ez zituen eskiak eraman, bigarren eta hirugarren kanpaleku horien artean eskiatzea ezinezkoa baita.
Behin betiko igoera hasi aurretik, Bargiel eta bere taldeak egun asko eman zituzten jaitsiera egokiena aztertzen. Horretarako ia isurialde osoa behatu zuten. Aurpegi horretan elur-jausien zein seracen arriskua handia denez, isurialde horrek ezartzen duen erritmoa ikasi behar izan zuen. Une jakin batzuetan zalantzak sortu zitzaizkion elur-oldeekin; izan ere, batzuk-batzuk sekulakoak ziren eta haien eztandek sortutako ufadak kanpaleku nagusiraino iristen ziren. Azkenean, egingarriena Messner bidetik jaistea zela ikusi zuen poloniarrak.
Hala, Bargielek ez zuen bide klasikoa eskiatu, baizik eta murru erraldoiaren erditik doana: Messner lerrotik. Galdetu diote Nanga Parbateko jaitsiera K2 mendikoarekin alderatu al daitekeen, eta alpinista poloniarrak onartu du bi jaitsiera horien artean alde handiak daudela. Batetik esan du Nanga Parbat txikiagoa dela baina era berean desnibel handiagoa duela. Horretaz gain, azaldu du azken jarduera hori ez dela hain tentea, baina orientazio aldetik asko eskatu ziola. Izan ere, horma hori oso-oso handia da eta gogor lan egin behar izan zuen artesi eta serac erraldoiak saihestu ahal izateko. Jaitsiera horretan ere elurraren kondizioak oso aldakorrak izan ziren; besteak beste, izotz askorekin topo egin zuen.

Bargielek esan du, oro har, esperientziak merezi izan duela, eta gaineratu du ez zela espero bezain erraza izan. Bai, ordea, oso-oso intentsoa. Horregatik, estrategia egokiena indarrean jartzeak berebiziko garrantzia izan zuen; hots, horma eta kondizioak asko aztertu, arriskuak ebaluatu eta une egokiena aukeratzea. Gainera, beste irteera batzuetan ez bezala, protagonistak ez zuen espedizioen trabarik izan. Talde guztiak Kinshofer ibilbide klasikoan zeuden, eta Bargielek beste lerro batetik, Messnerretik, egin zuen jaitsiera.
Hain zuzen, eite horri garrantzia eman nahi izan dio. Gogoratu behar da beste zortzimilakoetan eskuarki ohiko bideak eskiatu dituela. Nanga Parbaten, berriz, ez da bide klasiko bat izan, eta horregatik zortzimilako horretan egin duen jarduera historiko hori berezia izan dela uste du. Bargielek gehitu du esploratzaile moduko bat izan dela lau kilometro dituen horma horretan. Laburbilduta, pribilegiatu hutsa sentitu da.

El Ayuntamiento de Iruñea confirma una agresión de alta intensidad en la Vuelta del Castillo

Una cornada en la cara en Mercaderes, un corredor épico y otro grotesco

‘La Roja’ divide a la Plaza de Toros de Iruñea: «Puta selección» y «Yo soy español»

Familias de Sestao presentan quejas por la visita de un campus infantil a la Guardia Civil

