NAIZ

Pello Salaburu euskaltzain osoa euskaltzain emeritu izatera pasatu da

Filologo nafarrak 75 urte bete zituen uztailaren 3an eta Euskaltzaindiaren arauei jarraituz, orain euskaltzain emeritu bilakatu da. Euskatzain oso baten eskubide berberak ditu, baina ez betebeharrak. Bere hutsunea betetzeko proposamenak jasoko dituzte iraila eta urrian.

Pello Salaburu euskaltzain emeritua.
Pello Salaburu euskaltzain emeritua. (Euskaltzaindia)

Pello Salaburu euskaltzain osoak 75 urte bete zituen uztailaren 3an, eta, ondorioz, emeritu bilakatu da, Euskaltzaindiaren barne-araruei jarraituz. Euskal akademian Salabururen ordezkoa aukeratzeko epea zabaldu dute orain, eta iraileak eta urrian zehar proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte euskaltzain osoek. Hautaketa azaroan Bilbon egingo duten osoko bilkuran egingo dute. 

Euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute. Proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dira. Gogoratu behar da euskaltzain emerituek euskaltzain osoen eskubide guztiak gordetzen dituztela, baina ez dute erakunde-arduraren betebeharrik. Emerituek osoko bilkuretan nahiz batzordeetakoetan parte hartzeko eskubidea dute, ahots eta botoarekin. Era berean, erakundearen karguetarako hautagai eta hautesle izan daitezke, baina ahala ezin diote inori eman.

Euskaltzaindiak zabaldu duenez, Pello Salaburu Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologiako katedraduna da. Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean 1978an. Ondoren filologia eta hizkuntzalaritza ikasketak egin zituen unibertsitate berean, eta hizkuntzalaritzako ikasketak Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan: New Mexiko, Cornell, MIT. Doktore titulua Euskal Herriko Unibertsitatean eskuratu zuen 1983an, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean Baztango euskalkiaz egindako tesiarekin.

1983an Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izendatua izan zen lehiaketa bidez. Leioako Informazio Zientzien Fakultatean eta Gasteizko Letren Fakultatean izan da irakasle. Euskal Filologiako sailburu izan zen (1988-1991) eta 1990etik Euskal Filologiako katedradun da. EHUko euskara errektoreorde (1992-1996) eta errektore (1996-2000) ere izana da. Erretiroa hartu arte, EHUko Euskara Institutuko zuzendaria izana da.

Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko presidentea izana da urteetan. Batzorde horrek landu zuen EGLU bilduma (1985-2011, bedetatzi ale). Liburuki horien bilduma berridatzi eta laburtua agertu zen 2021ean, hain zuzen, gaur gaurkoz erreferentziazkoa den ‘Euskararen Gramatika’.

Euskararen inguruko hainbeste lan argitaratu ditu zenbait hizkuntzatan: liburuak, artikuluak, hizkuntza corpusak, eta abar. Baditu beste gai batzuetako saiakerak ere euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta ehunka iritzi artikulu egunkari eta aldizkarietan.