
Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko Perlak sailak 16 film luze hartuko ditu, horietako gehienak munduko zinema-jaialdi nagusietan aintzatespena lortu dutenak. Hautatutako hamaika film Cannesen izan dira eta, besteak beste, sari hauek beretu dituzte han: Urrezko Palma, zuzendari onenaren ex aequo sariak eta emakumezko eta gizonezko aktore onenen sariak. Beste film batzuk, berriz, Venezia, Berlin, Sundance eta halako beste jaialdi batzuetatik igaro dira. Saileko film guztiak lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren ‘Juste une illusion’ izan ezik, hark lehiaz kanpo emango baitio amaiera Perlak sailari.
Perlak sailean ‘Nelyubov / Loveless’ (2017) obra erakutsi ondoren, Andrey Zvyagintsev (Novosibirsk, 1964) zinemagile errusiarra ‘Minotaur’ (Epaimahaiaren Sari Nagusia Cannesen) film luzearekin itzuliko da sailari hasiera ematera. ‘La femme infidèle / The Unfaithful Wife’ (Claude Chabrol, 1969) filmaren egokitzapen librea da ‘Minotaur’, arrakasta handiko enpresaburu baten erretratua izanik: eta hainbat presioz inguratuta, bizitza gainbeheratzen hasiko zaio. ‘Vozvrashchenie / The Return’ (2003) izan zen Zvyagintseven lehen film luzea, eta Urrezko Lehoia eskuratu zuen Venezian obra horrekin; Cannesen, geroago, gizonezko aktore onenaren saria lortu zuen, ‘Zvyagintseven Izgnanie / The Banishment’ (2007) lanagatik, Konstantin Lavronenko aktoreak. ‘Elena’-k (2011) Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Cannesko Un Certain Regard atalean, eta ‘Leviafan / Leviathan’-ek (2014), berriz, Golden Globe bat jaso zuen (lehen film errusiarra izanik golardo hori beretzen), Cannesen gidoi onenaren saria eskuratzeaz eta atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatua izateaz gain.
Louis Garrel, Camille Cottin eta Pierre Lottin protagonista dituen ‘Juste une illusion / Just an Illusion’ da Olivier Nakache (Suresnes, 1973) eta Eric Toledano (Paris, 1971) frantsesen film berria, Perlak sailari amaiera emango diona, Estatu frantsesean izugarrizko arrakasta komertziala izan ondoren. Tandem frantziarrak estuki lotuta jarraitzen du Donostia Zinemaldiarekin; izan ere, Sail Ofizialari amaiera eman zioten ‘Intouchables / Untouchable’ filmarekin (nazioarteko arrakasta erdietsi zuten, 2011n, obra horrekin). 2014ko edizioan ere amaiera eman zioten zuzendari frantsesek ‘Samba’ filmarekin, eta Urrezko Maskorra beretzeko lehiatu ziren lehendabizikoz ‘Le sens de la fête / C'est la vie’ (2017) filmarekin, eta. Canneseko zinema-jaialdia lehiaz kanpo itxi ostean, Perlakera itzuli ziren 2019an, ‘Hors Normes / The Specials’ filmarekin, eta film onenaren Publikoaren Saria irabazi zuten.
Sundancen Publikoaren Saria eta Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu eta Berlinalen lehiaketa ofizialean parte hartu ondoren, Beth de Araujo zinemagile estatubatuarrak (San Frantzisko, 1985) bere bigarren film luzea erakutsiko digu Donostia Zinemaldian. Josephinek –Channing Tatum, Gemma Chan eta Mason Reeves dituenak protagonista– bortxaketa bat ustekabean ikusi ondoren neskato bati geratuko zaion trauma islatzen du.
‘Astérix: Le Domaine des Dieux’ (2014) eta ‘Astérix: Le Secret de la Potion Magique’ (2018) animaziozko filmak Alexandre Astierrekin batera zuzentzeagatik ezaguna, Louis Clichy animatzaile frantziarrak (Chartres, 1977) bakarka zuzendutako bere lehen lana erakutsiko digu: ‘Le corset / Iron Boy’. WALL-E (2008), UP (2009) eta 3Dko halako filmetan Pixarren luzaroan lan egin ondoren, Clichyren lehen film luzea animazio tradizionalarekin sortua da; Cannesko Un Certain Regard atalean Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen lan horrek, bai eta Epaimahaiaren Sari Berezia eta Publikoaren Saria Film Luze Onenari ere Annecyko jaialdian.
Emmanuel Macchia eta Valentin Campagne aktoreek gizonezko aktore onenaren saria jaso zuten, ex aequo, Cannesen, ‘Coward’ filmean egindako lanagatik (I. Mundu Gerran borrokatu eta maitemindu egiten diren bi soldaduren rola egin dute film horretan). Lukas Dhont (Gante, 1991) zinemagile belgikarrak bere hirugarren filma erakutsiko du Donostian; ‘Girl’ (Perlak, 2018) bere lehen film luzea ere Donostian aurkeztu zuen. Cannesko Un Certain Regard atalean lehen lan onenaren Urrezko Kamera eskuratu ondoren, ‘Girl’-ek Publikoaren Saria eta Sebastiane saria irabazi zituen Donostian. Closek –Dhonten hurrengo lanak– Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen Cannesko lehiaketa ofizialean, 2022an Oscar sarietarako izendapen bat lortzeaz gainera.
Jordan Firstman (New York, 1991) idazle, ekoizle eta aktore estatubatuarrak Club Kid erakutsiko digu, bere lehen film luzea zuzendari gisa; Firstman bera izanik protagonista nagusia, Cara Delevingnerekin, Diego Calvarekin eta beste aktore batzuekin. Film luze honek –Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatuak— New Yorkeko jaietako sustatzaile baten istorioa kontatzen du: protagonistaren bizitza, gehiegikeriaz betea, aldatu egingo da 10 urteko haur bat ezagutzen duenean; emakume ezezagun baten hitzetan, gizonaren semea da ume hori.
Virginie Efirak eta Tao Okamotok emakumezko aktore onenaren saria lortu zuten, ex aequo, Cannesko jaialdian, Ryusuke Hamaguchi (Kawasaki, 1978) zuzendari japoniarraren ‘Soudain / All of a Sudden’ filman egindako lanagatik; bertan, bi adiskidek kapitalismoaz eta haren gizagabetasunerako soluzioaz hausnartuko dute. Horrela, Hamaguchi Zinemaldira itzuliko da, non ‘Passion’ (New Directors, 2008) –bere lehen lana– estreinatu zuen. ‘Asako I & II’ (2018) Perlak sailean aurkeztu zuen; sail berera itzuli zen 2021an bi filmekin: ‘Drive My Car’ (Fipresci Sari Nagusia, 2022; nazioarteko film onenaren Oscar saria) eta ‘Guzen to sozo / Wheel of Fortune and Fantasy’. 2023an ere parte hartu zuen sail berean ‘Evil Does Not Exist’ filmarekin (Lurra Sariaren irabazlea).
Na Hong-jin (Seul, 1974) zuzendari hegokorearra lehenengoz izango da Donostia ZInemaldian ‘Hope’ pelikularekin. Akzioz eta umorez beterik dago filma, eta Michael Fassbender eta Alicia Vikander ditu protagonista, bi estralurtar. Film luze berri hori Canneseko lehiaketa ofizialean hautatu zuten, baina zinemagilearen beste hiru lanak ere garrantzitsuak dira: ‘The Chaser’ (2008), Cannesko Midnight Screenings atalean proiektatua; ‘The Yellow Sea’ (2010), Cannesko Un Certain Regarden estreinatua– eta ‘Goksung / The Wailing’ (2016), Cannesen lehiaz kanpo erakutsia.
John Malkovich, Sam Rockwell eta Steve Buscemi aktoreez osatuta dago ‘Wild Horse Nine’-ren –Martin McDonaghen (Camberwell, 1970) azken filmaren– aktore-zerrenda. Zinegile britainiarrak fikziozko film labur onenaren Oscar saria irabazi zuen ‘Six Shooter’ (2004) lanarekin, eta bere lehen film luzeak (In Bruges, 2008) jatorrizko gidoi onenaren BAFTA saria jaso zuen, kategoria berean Oscar sarietarako izendatua izateaz gain. ‘Three Billboards Outside Ebbing, Missouri’ filmarekin (Perlak, 2017) Publikoaren Saria jaso zuen Donostian zuzendari britainiarrak, baita bi Oscar sari ere Frances McDormand eta Sam Rockwellentzat (emakumezko aktore nagusi onena eta antzeztaldeko aktore onena, hurrenez hurren); film onenaren Golden Globe saria lortu zuen, halaber, ‘The Banshees of Inisherin’ (2022) filmarekin.
Veneziako Mostran estreinatu ondoren, Nanni Moretti (Brunico, 1953) zuzendari eta aktore italiarrak ‘Succederà questa notte / It Will Happen Tonight’ aurkeztuko du Zinemaldian (iaz Donostian filmatu zen, partzialki, filma). Eshkol Nevo idazlearen ‘Hungry Heart / Lev Raev’ kontakizunen bilduman inspiratua, Louis Garrel eta Jasmine Trinca ditu protagonista filmak. Ez da lehenengo aldia zinemagileak Perlak sailean parte hartzen duela, hauekin ere izan baitzen: ‘La stanza del figlio’ (2001, Urrezko Palmaren irabazlea Cannesen), ‘Mia Madre’ (2015ean sailari amaiera eman zion), ‘Abril’ (1998) eta ‘Habemus Papam’ (2011). Mia Madre Cannesen lehiatu zen, bai eta Caro Diario ere (zuzendari onenaren sariaren irabazlea).
Perlak sailak, halaber, Cannesko aurreko edizioan film onenaren Urrezko Palma irabazi duen (Epaimahaiaren Saria eta FIPRESCI Sariaz gain) obra ere barne hartuko du. ‘Fjord’ filmean, Cristian Mungiu zinemagile errumaniarrak (Lasi, 1968) Sebastian Stan eta Renate Reinsve zuzendu ditu. Bi senar-emazte errumaniar-norvegiar oso erlijioso dira protagonistak, eta urrutiko fiordo batean kokatutako herri batera joango dira bizitzera, baina bikotearen hezkuntza-metodo tradizionalek hango komunitatearen susmoak piztuko dituzte. Zuzendariak ‘4 luni, 3 săptămâni și 2 zile / 4 Months, 3 Weeks and 2 Days’ lanarekin irabazi zuen bere lehen Urrezko Palma (Perlak, 2007; FIPRESCI Grand Prix), eta ohikoa da Cannesen bere karreraren hasiera-hasieratik: zuzendariaren lehen film ‘Occident’ (2002), adibidez, Quinzaine des Cinéastes atalean aurkeztu zen. Geroago, Cannesko sail ofizialean lehiatu zen bi hauekin: ‘După dealuri’ (2012), gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak (Donostia Zinemaldiko Eastern Promises atzerabegirakoan bildua 2014an); ‘Bacalaureat’ (2016), zuzendari onenaren saria; eta ‘R.M.N.’ (Perlak, 2022).
‘Tangles’ Perlak-en emango den animaziozko bigarren filma da. Leah Nelson (Vancouver, 1984) kanadarrak zuzendutako lehen film luzea da, Cannesen Emanaldi Berezi gisa estreinatua. Filmak Julia Louis-Dreyfus, Abbi Jacobson, Bryan Cranston eta Seth Rogen aktoreen ahotsak ditu, besteak beste, eta Kanadako jaioterri kontserbadorera ama alzheimerduna zaintzera itzuliko den emakume gazte baten istoria kontatzen du. Han, ikasi egingo du bere familia bitxia eta amaren buru-narriadura onartzen.
Pawel Pawlikowski (Varsovia, 1957) gerraosteko Europara itzuliko da Fatherland filmarekin, ‘Ida’ (2013) –ingelesez besteko film onenaren Oscar sariaren irabazlea– eta ‘Zimna Wojna / Cold War’ (Perlak, 2018; zuzendari onenaren saria Cannesen) film luzeekin jada hasitako bide bat. Poloniarraren azken filmak zuzendari onenaren saria beretu zuen, ex aequo, Cannesen; 1949n dago kokatuta eta Thomas Mann (Hanns Zischler) idazlearen –Nobel saria jaso zuenaren– eta haren alaba Erika aktore, idazle eta rally-pilotuaren (Sandra Hüller) arteko harremanean dago zentratuta. Biek errepidez bidaiatuko dute erortzear den Alemanian zehar.
Rami Malek, Tom Sturridge eta Luther Ford antzezleak dira ‘The Man I Love’ filmeko protagonistak; Ira Sachs zuzendariaren (Memphis, 1965) film berriak –Cannesko lehiaketa ofizialean parte hartu zuenak– underground artista bat du protagonista, une erabakigarri bati aurre egin beharko diona 80ko hamarkadaren amaierako New Yorken. Zuzendari estatubatuarra hainbat aldiz hautatu izan dute Sundancen: ‘The Delta’ (1996) bere lehen lana; ‘Forty Shades of Blue’ (2005), Epaimahaiaren Sari Nagusiaren irabazlea; ‘Keep the Lights On’ (2012); ‘Passages’ (2023) eta Peter Hujar's Day (2025). ‘Married Life’ (2007) Torontoko zinema-jaialdian estreinatu eta ‘Frankie’ (2019) Cannesen lehiatu zen; Berlinaleri dagokionez, berriz, Generation eta Panorama sailetan parte hartu zuen, hurrenez hurren, ‘Little Men’ (2016) eta ‘Love is Strange’ (2014) lanekin (biak Perlak sailean programatuak geroago).
Olivia Wildek (New York, 1984) zuzendu du, protagonista izateaz gain, ‘The Invite’, satira, egoera-komedia eta drama uztartzen dituen filma, bikote-bizitzaren une desberdinetan sor daitezkeen arrakalak eta gatazkak zuzenean lantzen dituena. Film luzea Sundancen erakutsi ondoren, Wilde Donostiara itzuliko da Seth Rogen, Penelope Cruz eta Edward Norton aktoreekin batera, bere garaian ‘Don't Worry Darling’ (Perlak, 2022) –bere bigarren filma zuzendari gisa– aurkeztu ondoren. Halaber, ‘Booksmart’ arrakastatsuak (2019) lehen lan onenaren Independent Spirit saria eman zion Wilderi.
Film horiez guztiez gain, Javier Ambrossi (Madril, 1984) eta Javier Calvoren (Madril, 1991) ‘La bola negra’ obra ere bilduko du Perlak sailak. ‘La bola negra’ jada iragarri zen Donostia Zinemaldiaren 74. ediziorako programatutako ekoizpen espainiarren aurkezpenean; nabarmentzekoa da zuzendari onenaren saria eskuratu zuela, ex aequo Pawel Pawlikowskiren ‘Fatherland’ filmarekin, Cannesen.

Sabino Ormazabal, Euskal Herria maite zuen bakezale amorratua, zendu da

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas solidarias llega a Insausti

Duelo por el niño vizcaino fallecido tras ser atropellado por un tractor en Burgos

Cuatro hombres detenidos en Bizkaia acusados de agredir sexualmente a una menor de 14 años
