Euskal Herriko sistema fosila, Bilboko portuko talaiatik
1953ko abuztuan, Washingtonek eta Londresek petrolio irandarra nazionalizatu zuen Mohammad Mosaddegh lehen ministroa erorarazi zuten. Hilabete geroago, irailean, AEBk eta frankismoak Madrilgo Itunak sinatu zituzten. Uste baino konektatuago dauden bi data horien arrastoa topa daiteke Bilboko portuan.

Duela zazpi hamarkada, 1953ko abuztuaren 19an, Washingtonek eta Londresek antolatutako estatu kolpe baten bidez Mohammad Mosaddegh lehen ministro irandarra boteretik kendu zuten. Bi urte lehenago petrolioa nazionalizatzea izan zen bere bekatua. Hilabete beranduago, irailaren 26an, AEBk eta frankismoak Madrilgo Itunak sinatu zituzten. Armada estatubatuarrak base batzuk eraikiko zituen Estatu espainolean, eta trukean, diktadura autarkiatik atera eta mendebaldeko blokean sartuko zen.
Lehenengo kolpean zerikusirik ez duten bi gertakari horiek uste baino lotura handiagoa dute, Miguel Virizuela EHUko ekonomia eta enpresa fakultateko irakaslearen ustez. Horrela azaldu digu “Petroherria” podcastaren lehenengo atalean. «Hamarkada horietan gertatu zena oso inportantea izan zen, ekonomian urrezko aroa esaten zaio garaiari».
«Kapitalismoaren aurrerapauso potenteak gauzatu ziren, AEBren hegemonia eta bere mundu sistema martxan jarri ziren, dolarraren nagusitasunarekin, multinazionalen zabaltzearekin eta Europako berreraikuntzarekin». Testuinguru horretan askotan radarretik ihes egiten duten bi faktore azpimarratu ditu Virizuelak: gerra hotzaren hastapenetan, berpizkunde kapitalista horretan, birmilitarizazioak izan zuen rola eta petrolio merkeak izan zuen garrantzi zentrala.
METABOLISMO FOSILA
Garai hartan eraiki zen egungo atakara ekarri gaituen «metabolismo fosila». Eta hori zer da? Kontsumo zehatzetik harago, akademian erabiltzen den «metabolismo soziala» kontzeptuaren adierazpen nagusia: gure gizartearen antolakuntza materialaren nondik norakoak zehazten dituen egitura, hain zuzen. Ez da bakarrik zer kontsumitzen dugun, kontsumo horren inguruan eraikitzen diren harremanak, gizarte ereduak, ekonomia sistemak eta abarrak kontuan hartu behar dira eta.
Horretan dihardu azkenaldian Virizuelak, kapitalismo fosilaren analisi historikoan murgilduta, ikerketa lerro hori Euskal Herrira eta, zehatzago, Bilbora eta bere portura ekarri nahian.
PORTUA: GURE METABOLISMO SOZIALAREN ARDATZA
Jon Urzelaik jarri du mahai gainean datua: «Bilboko portuaren jarduera guztiaren %40k du zerikusi zuzena petrolioarekin». Eta Miguel Virizuelak komentarioa: «Petrolio ontzi horietako bat iristen den bakoitzean zer gertatzen den ikertu behar da, ez delako edozein merkantzia. Petrolioak energia sistemaren erdian jartzen du portua, gure metabolismo sozialaren zentroan jarri behar dugu».
Azpiegitura horren garrantzia debaluatu dela uste du ikertzaile bizkaitarrak. «Beti esan izan da ‘portua hiribildua baino lehen’, eta industrializazioaren inguruan mitifikazio handi bat dago, burdinaren eta abizen historiko batzuen inguruan, baina gero hori dena ahazten da pixka bat». Azken hamarkadetan lan historiografiko gutxi daudela dio, eta gutxi horiek «portua, Petronor eta erregai fosilen inguruko azpiegiturak alboratu dituzte».
Horren aurrean, «mundua ulertzeko, historia hori errepasatu» behar dugula dio Virizuelak, eta Bilboko portua «erregai fosiletan espezializatutako portu bezala» sailkatu. «Ulertzeko gure mendekotasunak zeintzuk diren, eta nola eraiki ziren, transformatu ahal izateko».
MENDEKO, BAINA ABANTAILEKIN
Aipatu 1953 haren ostean, Muñatoneseko akordioa ezarri du mugarritzat Virizuelak. Frankismoko teknokraten bedeinkapenarekin, 1968an Bizkaiko burgesiaren tresna finantzario nagusiek -Bilboko bankua eta Bizkaiko bankua tartean- eta Gulf Oil estatubatuarrak -gerora Chevron bilakatuko zena- Petronor sortu zuten. Bi urte beranduago, Muskizeko findegia jarri zuten martxan, eta 1971n, Petronorrek eta Obra Publikoko Ministerio frankistak Bilboko Portuko modernizazioa adostu zuten, petrolio konpainiak finantzatuta.
«Hemengo teknokratak -eta asko egon ziren Euskal Herrian- behin eta berriz joan ziren Estatu Batuetara. Modernizazio autoritarioa deitu izan zaio, baina metabolismo fosilaren eraikitzea izan zen», laburbildu du Virizuelak. «Gure garapen industriala, gure ongizate maila eta gure masa kontsumo eredua» Ameriketako Estatu Batuetatik etorri eta Bilboko portutik sartu ziren gurean.
Mendekotasun handiko sistema bat zen, jakina, baina Virizuelak beste aldeari ere erreparatzea eskatu du. «Ameriketako Estatu Batuen nagusitasun horren barruan, eta Europak izan duen rol horren barruan, abantaila asko izan ditugu. Energia merke eta bermatua izan dugu urtetan eta urtetan, eta horrek ahalbidetu du gure hazkundea eta kontsumo sistema».
Horrek ondorioak izan dituela jakitun, mendekotasunaz gain, gure erantzukizunaz jabetzea eskatu du ikertzaile bizkaitarrak. «Gure erantzukizuna asumitzea da ulertzea gu isurketa askoren arduradun garela, eta gure lurraldetik harago daudenek pairatu dituztela gure metabolismo fosil intentsibo horren ondorioak, bai isurketengatik, bai erregai fosilak eskuratzeko beharrezkoak diren ustiapen prozesuengatik ere».
TRANTSIZIO KONPLEXUA
Gauzak horrela, trantsizio energetikoarekin batera Bilboko portua ere aldatuko dela garbi du Virizuelak, baina «gauzak ez sinplifikatzea» eskatu du. «Geruza asko daude gauza hauetan, ez da bakarrik energia iturri bat edo beste erabiltzea, edo teknologia zehatz bat aldatzea, ulertu behar dugu metabolismo fosil horrek, hain konplexua eta omnipresentea izanik, ez duela bakarrik erregai fosilen kontsumo zuzenarekin zerikusia, horregatik erabiltzen dugu metabolismoaren metafora».
Hori dena eraikitzeko «ingeniaritza sozial oso konplexu bat» martxan jarri zela dio EHUko irakasleak, eta adibide bezala Seat 600 autoari sinbolikoki eman zitzaion garrantzia aipatu du. «Ongizatearen isla bihurtu zen, aspirazionala». Horrela, pixkanaka, eraiki zen petroherria.
Hori iraultzea dagokigu orain, baina ez da erraza izanen. «Hori transformatzeko, energia berriztagarriek rol oso zentrala dute, bai, baina plangintza, kontsumo eta produkzio ereduak ere aldatu beharko ditugu. Eta hori aldatzeko, merkatuak ematen dizkigun erremintak oso eskasak dira», dio Virizuelak.
«Historian, aldaketa sakonak, metabolikoak, aztertzen badituzu, plangintza publikoaren eta estatugintzaren rola oso zentrala izan da. Gure kulturan hain zentraltasun handia duten bizitzeko moduak aldatzeko, lan asko izango dugu, eta plangintza publikoak beharko ditugu», amaitu du Virizuelak, azken aldarri batekin: «Jabetza publikoa gure agendaren lehen lerroan izan beharko genuke, erronka handi-handia delako».
Lynchen betaurrekoak*: Inperialismoaren aurka antolatu eta gorputza jartzen dutenak
«Garai ilun hauetan ez da erraza argia ikustea, baina, inperialismoaren atzapar horiek agertzen direnean, horren kontra antolatzen direnak eta gorputza jartzen dutenak dira gaurko argi izpiak. Munduan zehar borrokan daude komunitate asko, inperialismoaren kontra eta desiragarria den mundu baten alde. Hor ikusten dut nik izpia».
*David Lynch-ek bere bunkerretik ikusten zituen argi izpiak, eta horregatik janzten zituen eguzki betaurrekoak. Bere esaldi ikonikoari helduz («Eguzkitako betaurrekoak daramatzat gaur, etorkizuna ikusten ari naizelako, eta oso distiratsua ikusten delako»), “Petroherria” podcastak Lynchen betaurrekoak jartzeko eskatzen die gonbidatuei saio bakoitzaren amaieran, argi izpi horiek non ikusten dituzten azaldu dezaten.

Muere el hombre tiroteado en Barakaldo por un móvil supuestamente machista

Así es y esto dice el grupo ultra MCP, que alineó a UPN, PP y Vox en Iruñea

El españolismo sale a las plazas de Euskal Herria «Por Ceuta» y el antifascismo responde

Muere un taxista de 31 años tiroteado en Azpeitia y se busca al autor



