NAIZ

Orkan drakkar bikingoak Albaolan egingo du Gipuzkoako geldialdi bakarra

Pasaiak Orkan drakkar bikingo handiaren bisita jasoko du ostiral honetan; arratsaldean helduko da eta larunbatean zehar ontzia bisitatzeko aukera izango du gerturatzen den orok. Sei asteko itsas-bidaiaren ondoren iritsiko da Albaolara 28 metroko ontzia.

Orkan drakkar bikingo handiaren artxiboko irudia.
Orkan drakkar bikingo handiaren artxiboko irudia. (Orkan Bátar elkartea)

Ostiral honetan iritsiko da Pasaiara Orkan drakkar bikingo handia sei asteko itsas-bidaiaren ondoren. 28 metroko ontziak irailaren 4ean helduko da Albaolara eta 5ean Itsas Kultur Faktoriako bisitariek Orkanera igotzeko aukera izango dute, baita eskifaiako kideekin egoteka ere.

Egun bakar batez izango da ontzia Pasaiako museoan, itsas-bidaiaren azken etapari hasiera eman baino lehen. Ostiral honetan, 18:00ak aldera iritsiko dela argitu du Albaolak ohar baten bidez. «Orkanen etorrerak ezohiko irudia utziko du Pasaiako badian: 28 metroko luzera duen drakkar bat Albaolaraino nabigatzen ikusi ahal izango da», esan dute.

Ontzia bisitatu nahi duten horiek larunbatean izango dute aukera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etarako tarteetan. Orkan Bátar elkarteak eraikitako hirugarren drakkarra dela jakinarazi dute, eta elkartearen aurreko ontzia, Fyr, Pasaian bertan izan zela aurten, Pasaia Itsas Festibalean. 

Atlantikoa jomuga

Orkan bi urte inguruko eraikuntza parte-hartzailearen ondoren, iaz uretaratu zen eta 28 metroko luzera, 6 metroko zabalera, 18 tonako pisua eta 184 metro karratuko bela ditu. Eskifaia 30 lagunekoa da eta gehienez 50 bidaiari har ditzake. 

Mediterraneotik abiatu ondoren, Frantziako kostalde atlantikorantz egin du bidea;  Pasaian geldialdia egin ostean, Lorienterantz abiatuko da espedizioa bertan amaitzeko. Itsas-bidaia hau, erronka handiago baterako prestaketa dela azaldu dute: «2027an, Bátar elkarteak Orkan ontzian Atlantikoa zeharkatzeko asmoa du, Bretainiatik New Yorkera. Iparraldeko ibilbidea jarraituko dute, Groenlandiatik igarota», zehaztu dute.