INFO

Eskoziar literatura, iturri txiki baten jario emankorra

Munduko literaturaren hiriburutik euskal liburugintzaren metropolira, aurten Eskozia izango da Durangoko Azokako herrialde gonbidatua. Historia luzea, sinpatia handia, inbidia puntu bat eta hurbiltasun naturala pizten dituen herri hura pixka bat gehiago ulertzeko ahalegina da erreportaje hau.

Caisteal an Stalcaire, loch Linnhe-ko fiordoan. (Clement LELIEVRE)

[Lotura literarioak | Nortasunaren bila | Gaelikoa | Aniztasuna | Independentzia]

Mundu zabalean nazio sinpatikoren bati buruz galdetuz gero, Eskozia zerrendan oso goian egongo litzateke, ziur asko. Zinemak, ohiturek, whiskiak, paisaiek, kiltek, nortasun propio baina aski zabalduak, klanek eta, zelan ez, literaturak, badute zerikusirik herrialde ezagun eta ondo ikusienen artean egote horrekin. Hizkuntzak ere bai, bertakoa gaelikoa izanda, jakina, ingelesaren erabilerak zabaltzeko aukera ematen baitu. Asko dira, izan ere, Eskoziako lurraldearekin, jendeekin eta ohiturekin lotutako kondairak, nortasun nazionala eta harrotasun abertzalea landu dutenak, baina kanpoko ikuspegia eratzeko ere balio izan dutenak.

Hamar eskoziarrek irabazi dute Nobel saria: lauk medikuntzan (Alexander Fleming, penizilinaren sortzailea tartean), bakearena bik, beste horrenbestek kimikan, eta banak ekonomian eta fisikan. Literaturan soilik falta dute saria, eta adierazgarria da; Irlandaren aldean, esaterako, lau irlandar ageri dira zerrendan. Baina nazio bien arteko harremana eta lotura poetikoa oso aspaldikoak dira. Aurtengo bitxikeria txiki bat: International PENen kongresuan ginela, amaiera ekitaldian, Seamus Heaney irlandar poeta hil berria ekarri gura izan zuten gogora, eta Eskoziako PEN taldearen esku geratu zen omenaldi txikiaren antolakuntza.

Lotura literarioak

Eskozia ezinbestean dago literaturarekin lotuta; halako neurrian, eze, edozein turismo-liburuxkatan eta, are, txosten ekonomikoetan ere, lekua izango duen. Highland-ek eta uharteek nortasun literario garrantzitsua daukate, nazioaren beraren irudia osatzerakoan, esaterako; Glasgowren ekarpena ere ez da txikia, baina Edinburgo hiriburua da, zalantzarik gabe, literaturarekin lotura handiena duena. Eskoziako letrekin eta mundu osoko liburugintzarekin lotzen da Edinburgo.

Duela ia hamar urte, 2004an, Literaturaren Hiriak izendatzeari ekin zion Unescok. Edinburgo izan zen lehena, eta bakarra lau urtez. 2008an, Melbourne eta Iowa izan ziren hurrengoak, eta Dublin, Reykjavik, Norwich eta Krakoviak osatzen dute gaur arteko zerrenda. Ezbairik gabe, Eskoziako hiriburua munduko hiririk literarioenetakoa da.

Ez munduko liburu-azoka garrantzitsuena daukalako, baina hori ere bada zerbaiten seinale. Egin kontu: cityofliterature.comwebguneak Edinburgoz dihardu. Aldameneko zutabean, izen mordoa, ia oharkabean; horietako bakar bat ere ezin harroago erakutsiko luke edozein hirik: Robert Burns, Walter Scott edo Robert Louis Stevensonetik hasi, eta Arthur Conan Doyle, Irvine Welsh edo J.K. Rowlingera (eskuinean).

Munduko literaturaren hiriburutik euskal liburugintzaren metropolira, aurten Eskozia izango da Durangoko Azokako herrialde gonbidatua. Historia luzea, sinpatia handia, inbidia puntu bat eta hurbiltasun naturala pizten dituen herri hura pixka bat gehiago ulertzeko ahalegina da erreportaje hau.

Nortasunaren bila

Wikipediak Eskoziako literaturaz ematen duen definizioa aldarrikapen bat da, bere xumean: «Eskoziar literatura Eskozian edo eskoziar idazleek idatzitako literatura da. Bere baitan hartzen du ingelesez, Eskoziako gaelikoz, scotseraz, britonikoz, frantsesez, latinez edo beste edozein hizkuntzatan Eskozia modernoaren mugen baitan inoiz idatzitako literatura». Duela hiruzpalau urte Glasgown egin genuen PEN bilera bat ekarri dit gogora, eta han banatu ziguten liburuxka txukuna: ‘Eskoziako literatura ezagutzen’. Erdi Arotik gaurko aniztasunera dagoen jauzia XXI. mendeko eskoziar letretan ageri diren idazleen izenak adierazten dute: Kevin MacNeil edo Fitz Lochhead-en aldamenean ageri dira Leila Aboulela, Suhayl Saadi eta Chiew-Siah Tei.

«Mendetako ondarea berritu egin da, indartu, osatu, eta bizirik eutsi zaio, auzo literaturarekin eta herriekin etengabe izan dugun harremanaren ondorioz», zioen liburuxkan Linda Fabianik, orduko Eskoziako Parlamentuko Kulturako ministroak. «Eskoziako idazleek Europan eta mundu zabalean izandako esperientziez baliatu dira naziotasunari ematen diogun zentzuaz galdetzen laguntzeko eta definitzeko. Trukean, munduari adierazi diote zer den eskoziar izatea, lekuari eta bere herriari dagozkion gauza partikularrak, eta munduko beste nazio eta herri batzuekin komunean ditugun gauzak».

Mendetan zehar, poetak, dramaturgoak eta eleberrigileak nortasun eskoziar hori definitzen saiatu dira; itxuraz, begi bistakoa da, baina antzeman ezina da dimentsio osoa. Nazio askok daukan galdera da, itxurarik hutsalena ematen zaionean ere.

Norman MacCaigek, esaterako, hauxe dio ‘Patriot’ poeman, lakonikoki: «Nire aberri bakarra/ sei oin da luze/ eta nik maite zein ez/ haren independentziaren alde/ hilko naiz». MacCaigen adiskide handia izan zen Hugh MacDiarmidek bizitza osoa eman zuen Eskozia zerk osatzen zuen asmatu nahian. Scots mintzaira sarri erabili zuen poesian; eskoziarraren topiko asko zituen (kilta, whiski zaletasuna, anglofobia... «Eskoziari buruz ezkutatu beharko litzatekeen horren guztiaren sinbolo» deitu zion Irvine Welshek), baina beti saiatu zen herrialdearen aukerak zabaltzen, halaber.


Skye uhartea.

Gaelikoa

Nazio askotan, identifikaziorako tresna garrantzitsua da hizkuntza. Eskozian, gaelikoa aski ahula da; ezin esan Euskal Herrian edo Galesen besteko zentraltasuna izan duenik abertzaletasunean edo kohesio nazionalean. Are gehiago: funtsean, ingelesaren continuum den scots mintzairak ere badauka rol hori, neurri batean. Ingelesa jaun eta jabe den panorama literarioan, baina, gaelikoak indar berezia dauka, biztanleen ehuneko txiki batek soilik duen hizkuntza izateko. XX. mendean, Sorley MacLean poeta nabarmendu zen (1911-1996), eta ‘Dáin do Eimhir’ (Eimhirri gutunak) da, zalantzarik gabe, joan den gizaldian gaelikoz landutako literaturako maisulana. Nola Pablo Nerudak, hala idatzi zizkion MacLean gaztetxoak poemak bere maiteari. Baina testuingurua aski nahasia zen: ez soilik hizkuntza galzorian zeukan Eskozia zapaldu hartan, baita mundua eta batez ere Europa astintzen zituen borroka ideologikoan.

Tradizioa Leninekin lotzen du MacLeanek, eta Espainiako gerrak eragin handia dauka poema-liburuan. Hala, Eimhir kuttunari ‘Eskoziako erregina’ deituko ziola diotso, bultzatzen dituen ideia errepublikano eta sozialistak gorabehera: «Eskozia libre bagenu,/ gure maitasunaren pareko Eskozia,/ izpiritu garbiko Esko- zia eskuzabala,/ Eskozia eder zoriontsu heroikoa,/ burgesia ergel ezdeusik gabe,/ kapitalisten zerrikeriarik gabe, /ustelkeria zabar gorrotagarri hori gabe,/ jende libreen Eskozia ausarta/ gure odolaren Eskozia,/ gure maitasunaren Eskozia...». MacGeillen pasio gaeliko erromantiko horren aldean, William Soutarrek askoz zurrunago idatzi zuen norbanakoaren eta nazioaren arteko lotura scotseraz. Baina biak berdintsu abiatu ziren zintzotasunetik.


Azken hiru hamarkadetan, Eskoziako literaturak bultzada berezia hartu du. Alasdair Grayren ‘Lanark’ (irudian ezkerrean) (1981) eleberria dute askok berpizkunde horren abiapuntu. Glasgow eta Unthank hiri futurista lotzen ditu egileak. Eskoziako hiri handiena bikaina dela, baina inor ez dela jabetzen dio McAlpin pertsonajeak. Eta Thawk erantzun: «Inork ez duelako irudikatzen hemen bizitzea. (...) hiri bat ez badu artista batek erabili, bertako biztanleak ere ez dira irudimenez bizi. (...) irudimena landu behar dugunean, Londres, Paris, Zesarren Erroma, Ameriketako mendebaldea, edozein leku hau eta orain izan ezik. Irudimenean, Glasgow musika-areto bezala eta zenbait eleberria txarretan dago. Hori da kanpoko munduari eman diogun guztia. Geure buruari eman diogun guztia».

Eskoziarako balio ote du azalpen horrek? Eskozia irudimenaren arragoa izan da, XIX. mendetik gutxienez, Sir Walter Scottek (azpian eskuinean) eskainitako nazio eta herriaren ikuspegiaren bidez. Gerraosteko herrialdea erakutsi zuen Scottek, zatiketa eta lege bako aro baten ondorena, Goi eta Behe lurren (Highland-Lowland) arteko gatazkatik irteten, eta modernotasunean sartzen.

James Robertson idazle eta scotserazko liburuen editoreak dioenez, «Scotten osteko literaturak XIX. men- deko amaierako ilunabar zeltikoko poeta sentimentaletatik eta Kailyard nobelagileetatik hasi, eta, 1920 eta 30eko hamarkadan MacDiarmid buru izan zuen Berpizkundean eta William McIlvanney eta beste nobelagile batzuen ‘erromantizismo proletarioan’ barna, Irvine Welshen errealismo zikin postindustrialera bitartekoa guztia hartzen du. Literatura horretan, Eskoziaren eta eskoziar gizartearen inguruko ordura arteko auziei erantzuteko ahaleginak egin dira».

Azken hiru hamarkadetan sekulako indarra hartu dute Eskoziako letrek, munduko panoraman ere bai, eta polo literario garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Munduratze horretan, nazioari buruzko kezka ez da atzean gelditu, 1979ko autonomia erreferendumaren ondoren bereziki. Eta etengabe agerian gelditu da, nortasun nazionala ez dagoela era bakarrean adierazterik. Aspaldiko galdera da, horratik, Maurice Lindsayk duela mende erdi ‘Eskoziaz hizketan’ poeman galderei bere erantzuna eman zienetik: «Zer esan nahi duzu Eskoziaz ari zarelarik?/ hilik eta joanak diren porrot grisak/ belaunaldi bakoitzak dastatzen/ baina eusterik ez dituen kondairen atzean? // Erruaren ondarea, gure herria inoiz ez delako jaiki, hala behar zuela uste genuenean? Amaitu gabeko borroka baten mehatxu etengabea, nolabait betiko galdua odolean?// Eskozia aldaketa sentsazio bat da, amaigabeko/ lorpen bat, zeinarentzat inoiz ez den egon/ osotasun edo behin betiko kategoria bat./ Eskozia, gogo-aldarte bat da». Lindsayren ideia sarri erreproduzitu dute gerora idazleek. Poema bukatzen den eran abiarazi zuen Brian McCabek, esaterako, ‘The Other McCoy’ eleberriko elkarrizketa bat, eta, azkenean, kontzeptu bat ez, ‘Eskozia gogo-aldarte’ bat zelako topa egiten amaitzen dute pertsonaiek.

Aniztasuna

Jean Cocteauren txantxa batek dio kameleoi baten ugazabak tartanezko alfonbra batean utzi zuela animalia, eta, ekinaren ekinez, hil egin zela. Adibideak nazio txiki baten kolore anitzetarako ere balio du, eta, Eskoziaren kasuan, sailkatzen aski zaila den idazle talde baterako. Willy Maleyk dioenez, nazioarteko onarpen zabala daukan Eskoziaren literatura aberatsa bere estatua falta izatearen kontsolamendua da: «Irudimena dago nazioaren errealitatearen lekuan; kontakizuna, subiranotasunaren ordez. Eskoziar idazleentzat, formetan barna idaztea bigarren natura bat da. Sortzez dira mugalari: erronkazale, esperimental, probokatzaile. Nazioak, nozioak bezala, buruan baino ez daude, paperean jarri arte. Ondorioz, nazioek mugak dituzte, baina irudimenak ez dauka amaierarik».

Irudimenari emandako leku zabal horrek, ezinbestean, bidaia-literatura ekarri duela dio Maleyk. «Luze-zabal doa bidaian. Azentua maltako whiskia bezain gogorra izan daiteke, baina ez dago txertoen beharrik. Pinta baten neurriko herria izateko, ez ditugu gauzak erdizka egiten. James Kelmanetik Jackie Kayra, Alasdair Graytik Janice Gallowayra, Irvine Welshetik Louise Welshera, Eskoziak literatura garratza, aitzindaria sortzen du, etxekoei egiak esatea maite duenaren bertuteak loratze hutsaz harago». Mundutar dihardute eskoziar idazleek etxekoi dihardutenean eta, batez ere, beste mundu batzuk eskaintzean. Muriel Sparken ‘The Driver's Seat’ eta Irvine Walshen ‘Trainspotting’. Elementu ilunak ezinbestean nobela beltzera darama, Ian Rankin edo Louise Welsh adibide. Zer esan eleberri historikoaz Walter Scotten ondoko bi mendeetan?

Eta lan politikoak kritika literarioarekin eta ikerketarekin lotuta daude, halabeharrez: Ingalaterran kritika tradizioaren ikasketan oinarritu den artean, Eskozian literatura-ikasketak filosofiarekin eta erretorikarekin bat egiten du, Europako tradizio intelektualean txertatuta.

Inperio zaharrak hibridazio ezin interesgarriagoak ekarri ditu Eskoziako letretara Afrikatik, Indiatik zein hurbileko Irlandatik. Eta nortasunean ere badauka askotarikotasun horrek eraginik. Jackie Kayk dioenez, «eskoziar poeta beltz legez definitzen dut nire burua, horrek dirudielako errazen. Uste dut izenaren ondoko zerrenda luze hori (eskoziarra izatea, feminista, begetarianoa, sozialista...) gehiegitxo dela! Ez zait iruditzen definizioa, berez, garrantzitsua denik. Idazten duzunak axola du, eta horren bidez erabaki behar luke jendeak zu nor zaren».

Bazterretik onena hartzeko tradizio horretan, les-gay-trans literaturak ale garrantzitsuak utzi dizkio literatura nazionalari. Esate baterako, Glasgay festibal literarioak bi hamarkadako ibilbidea dauka. 2009an, Erresuma Batuko Erreginak Carol Ann Duffy poeta saritu zuen; lehen aldiz, emakumea, eskoziarra eta homosexual aitortua.

Sorley MacLeanen ondorengo literatura gaelikoak ere berpizkunde interesgarria dauka XXI. mendean. Aonghas MacNeacaill eta Angus Peter Campbell dira ahots ezagunenak. Biak poesian dira ezagun nagusiki, baina eleberrian eta beste eremu batzuetan ere badihardute. Peter Campbellek Sorley MacLeanen babesa eta hezkuntza jaso zituen. MacNeacaillek, berriz, 80ko hamarkadatik aurrera Eskoziako literatura berpiztu duen Glasgowko taldearekin izan du lotura (Alasdair Gray, Liz Lochead...).

Artista gehienak, independentziaren alde

Industria editorialean beldurraren mezua zabaldu duenik izan bada ere –Hugh Andrew Birlinn etxeak ohartarazi du eskoziarrak ‘atzerritar’ gisa agertuko direla Londresko liburu-dendetan–, inpresio orokorra da idazle gehienek, artistek oro har, ilusioz heldu diotela independentziaren aldeko kanpainari. Alain Bissett dra- maturgoak eta National Collective artista-talde independentistako kideak horren zergatia galdetu zion bere buruari: «Sormen lan gehienak nazionalismo estutik urrun badabiltza, zergatik daude Eskoziako artista gehienak independentziaren alde? Independentziaren aukerak irudimena kitzikatzen duelako. Batasuna (Erresuma Batua) porrot egiten ari den estatua da, itxurazko demokrazia bat, batez ere gerra egiteko eta kapitalismoari zein goi-klasearen aginteari eusteko dagoena».

Bissetten esanetan, independentziarako ilusioak «etorkizun sozial eta ekonomiko hobea irudikatzen du Eskozian», eta ez du kutsu xenofobo edo etnikorik, «nazionalismo britainiarrean ez bezala, botere inpe- rialean eta atzerritarrekiko susmoan sinbolizatuta. Horregatik, Eskoziako sortzaileen komunitatean, gehienok uste dugu independentziak berpizkundea ekarriko duela gure literaturan, antzerkian, zineman, telebistan eta musikan, eta askatu egingo garela Londresko nagusitasunaren kultur eragin itogarritik».

Idazle askok egin dut bat Yes! kanpainarekin, aurretik ere historikoki hartutako jarrerari eutsiz. Robert Burnsek (ezkerrean) berak gaitzetsi egin zuen 1707ko Batasun Akta, Alprojen Saila poema ezagunean. Eskoziako poeta nazionalak gogor salatzen zuen klase gobernatzaileak Eskoziari traizio egin izana. «Ingalaterrako urrearen truke erosi eta saldu gaituzte» salatu zuen Burnsek. Ekaitz amorratu bat da poema: «Indarrak eta amarruak hainbat gerra-alditan/ menperatu ezin izan zutena/ orain koldar gutxi batzuek ekarri dute/ traidore mertzenarioen soldatagatik».

Ingalaterrarekin bat egiteko saldukeria hori oso errotuta dago Eskoziako herrian. Kulturan ere bai. Historian emozio gehien leherrarazi dituen unea da, ziur asko. Lehen ere, Iain Lom poeta gaelikoak Highlandetako buruzagiei erasotzen zien, «bihotza basati taupadaka duzue/ urrea datorrela entzun duzuenean».

XX. mendean ere, Hugh MacDiarmid eta Edwin Morganek Eskoziaren independentzian sinetsi zuten, eta MacDiarmid izan zen hura borroka sozialistarekin lotu zuen lehenetarikoa. Alderdi Komunistako hautagai ere izan zen 1964an, bere barrutian azkena gelditu bazen ere –eta, hala ere, botoak berriz zenbatzeko eskatu zuen: «Zaila da sinesten Kinross eta West Perthshiren 127 sozialista daudela»–. John Buchan idazlea parlamentario unionista izan zen 30eko hamarkadan, baina bestelako ideietara aski zabalik: «Eskoziako Parlamentua desiragarria dela frogatuko balitz, aurrera egingo nuke. Areago, frogatu gabe ere, Eskoziako herriaren gehiengo batentzat desiragarri dela frogatuz gero, Eskoziari utzi egin behar litzaioke esperimentua egiten».

Sasoi bertsuan nabarmendu zen beste idazle eta parlamentario bat Robert Bontine Cunninghame Graham izan zen. George Bernard Shawk zioenez, hain bizitza sinestezina izan zuen Cunnighamek, eze benetakoa ote zen ere zalantzan izan ohi zuela: aristokrata jaio, Afrikan eta Hego Amerikan abenturazale ibili, parlamentario liberal lehendabizi, eta hurrena Erresuma Batuko lehen parlamentario sozialista izan zen, 1888an Eskoziako Alderdi Laborista sortu zuen, eta 1928an Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP). Esaten zuenez, Eskoziako abertzaletasunaren etsaiak ez ziren ingelesak («herri handi eta eskuzabala izan dira beti»), baizik eta «irudimenik gabe jaio diren eskoziarrak».

Azken hamarkadetan ere, hor egon dira. «1979ko iruzurraren erreferendumaren ondoren, Eskozia politikoki ezinean zegoela, artistek heldu zioten sokari. James Kelman, Alasdair Gray, Irvine Welsh edo Janice Galloway eleberrigileek, Liz Lochhead edo Tom Leonard moduko poetek eta Alexander Moffat, Ken Currie eta beste pintore batzuek Eskoziako langile-klasearen irudimenari bizirik eutsiarazi zioten, Margaret Thatcherren zapalkuntzaren aurrean, eta kultur bultzada sortu zuten, 1999an Eskoziako Parlamentuaren sorreraraino eramateko», dio Bissettek.

Gogora dakar Eskoziako artistak independentistak direla, bai, baina gutxi direla Eskoziako Alderdi Nazionaleko kide. «Eskoziako kultura ezkertiarra da, eta askok dauzkate joera sozialistak. Independentziaren ondoren, gure arreta Westminster erasotzetik Eskoziako Gobernua eta Eskoziako kapitalismoa erasotzera igaroko da, horiek edozein itxura hartuta ere. Gure kultur indarra erabiliko dugu Holyrooden langile-klasearen ahotsa sendoago izan dadin».


Edinburgoko kale polit bat. (Alberto PEGO)