INFO

Generoa eta umorea azaleratuko dira Bertso Egunean

‘Azalera’ lelopean ospatuko da larunbatean Bertso Egunaren 45. edizioa. Generoa hartuko du gaitzat eta 54 bertsolaritatik 46 emakumeak izango dira.

Bertso Egunaren aurkezpena, gaur Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

37 emakume aritu dira larunbatean ospatuko den Bertso Egunaren antolaketa lanetan. «Festarako gogoz gaude baina bidea izan da guretzat ederrena. Belaunaldi ezberdinetako emakumeok elkartzeko aitzakia, ikuspegiak trukatzeko gunea, elkarri entzuteko aukera, zer bilatzen dugun nork geure buruari galdetzekoa», azaldu du gaur eguerdian Nerea Elustondok, bertsolari eta Bertsozale elkarteko Genero taldeko kideak. ‘Azalera’ lelopean arituko dira: «saiatuko gara bistaratzen edo azaleratzen oso barruan, ia ezkutuan ditugun gaiak», esan du Ixiar Eizagirrek, lan talde bereko kideak. Gainera, «gorputzetik kantatzea nahi dugu, ez hainbeste intelektotik».

Ohi bezala, hiru formatotan ospatuko da Bertso Eguna. Goizean bertso poteoa, arratsaldean Kursaaleko saioa eta gauean afalosteko saio «ganberroagoa», aurten lehen aldiz Manteo kiroldegian. Generoa izango da gaia eta saio osoaren ardatza umorea izatea nahi dute, «aniztasuna bistaratzearekin batera, inklusiboa izatea nahi dugu. Erantzunak baino, galderak sortu ditzala publikoarengan eta bertsolariengan; generoari buruzko gogoetatzeko gaiak utz ditzala gugan», esan du Elustondok.

Kursaaleko jaialdia aurkezten eta zuzendari artistiko gisa Iraia Elias arituko da eta bertsolariez gain, beste hainbat artistek hartuko dute parte arratsaldeko saioan: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreak, Judith Montero saxo jotzaileak, Allarte oihal eta dantza taldeak eta Maddi Oihenart abeslariak.

Bertso Egunean parte hartuko duten bertsolariak hauek izango dira:

Eguerdiko bertso poteoan:
Iratxe Ibarra, Amaia Agirre, Erika Lagoma, Miren Artetxe, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Maddi Sarasua, Ane Zuazubiskar, Izar Mendiguren eta Itxaso Paia.

Arratsaldeko saioan:
Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Elustondo, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga.

Afalostean:
Miren Artetxe, Estitxu Eizagirre, Idoia Etxeberria, Onintza Garcia, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Hodei Unzueta, Leire Amenabar, Aitor Bizkarra, Joritz Bastarrika, Arrate Gaztelu, Oihana Makazaga, Uxue Larrukert eta Aitor Servier.

Arratsalderako nahiz afarirako oraindik txartel gutxi batzuk gelditzen direla adierazi dute antolatzaileek. Ohiko atarian eskura daitezke: www.bertsosarrerak.eu.