EiTBk Jaizkibelgo zundaketei buruzko informazioa «baztertu» duela salatu dute
Iragan apirilaren 7an, Jaizkibelen aldeko plataformako zenbait kidek elkarrizketa bat grabatu zuten EITBn, mendian egiten ari diren zundaketei buruz informazioa emateko. Duela bi hilabete pasa diren arren, eduki hori ez da emititu eta, hortaz, kate publikoari «gai batzuk gutxietsi edo baztertzea» egotzi diote.
Jaizkibel Mendia Babes Dezagun plataformako kideek gutun bat idatzi diote Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiari, Jaizkibelen egin diren zundaketei eta haien erabilerari buruzko elkarrizketa emititu ez delako beren kezka adierazteko.
Testuan azaltzen dutenez, iragan apirilaren 7an grabatu zuten elkarrizketa, ETBko ‘Euskal Herria Zuzenean’ saioarentzat.
Bi hilabete baino gehiago pasata, oraindik ez da eduki hori emititu.
«Hasiera batean luzatzearen arrazoia informazioak kontrastatzea bazen, jada gure susmoak bestelakoak dira», dio gutunak.
Zentzu horretan, nabarmendu dute ez dela «onargarria» euskal hedabide publikotik gai batzuk «gutxietsi edo baztertzea».