INFO

12 leiho 2014ari begira

GAUR8k ale berezia argitaratu du asteburuan urteari hilabetez hilabeteko begirada eskainiz. Itsas enbatetatik hasi eta kutxen desagerpenera arte, hilabete bakoitza markatu duten gertakariek gidatutako bidaia da: Arkaitz Bellonen heriotza, ETAren armategien zigilatze prozesua, preso eta iheslarien etxerako itzulera, Gure Esku Dagok antolatu zuen giza kate erraldoia, Eskoziako galdeketa, Kataluniako prozesua, abortuaren legea, Palestinaren aurkako Israelen erasoaldia, Eibarren lehen mailarako igoera eta Ebola gaitza. 12 leiho zabalik 2014ari begira.

12 leiho 2014ari begira

 

URTARRILA. Sua eta ura belaunetik behera
[Amagoia MUJIKA]

Pasai Trintxerpen urte hasiera bortitza izan zuten, suak berrogei familiatik gora beren etxeetatik bota baitzituen. Gero, urtarrila itsasoari begira hasi eta bukatu genuen, denboraleak txikizioa ekarri baitzuen. Esaerak dioen bezala: sua eta ura, belaunetik behera. [Jarraitu irakurtzen]


[Itsas denboraleak SAKONEAN - Maider Eizmendi (Arg. Jon URBE / ARGAZKI PRESS)]


OTSAILA. Arkaitz Bellon, espetxe politika krudelaren biktima
[Ion SALGADO]

Otsailean, Arkaitz Bellon zerraldo agertu zen Puertoko kartzelako ziega batean, hamahiru urtez preso egon ondoren. Haren senide eta lagunek Madrilgo eta Parisko gobernuek ezarritako salbuespenezko neurrien biktima izan zela salatu zuten. Halaber, euskal presoen sakabanaketa amaitzeko aldarria ozen entzun zen euskal jendartean. [Jarraitu irakurtzen]


[Arkaitz Bellonen heriotza NAIZen (Arg. Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)]


MARTXOA. Zigilatzea prozesu bat da
[Iñaki ALTUNA]

Armategien zigilatze prozesua «bururaino eramatea» izan zen martxoaren 1ean ETAk agiri bidez azaldutako konpromisoa. Astebete lehenago, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak prozedura martxan zegoela jakinarazi zuen. [Jarraitu irakurtzen]


[Nazioarteko egiaztatzea NAIZen]


APIRILA. Errepresaliatu oihak, jendartean duintasunez integratzeko ahaleginean
[Oihana LLORENTE]

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013ko ekainean, Miarritzen, konponbiderako bere proposamena euskal herritarren aitzinean aurkeztu ostean, aurten euren sorterrira itzultzeko urratsa egingo zutela iragarri zuten euskal iheslari politikoek, Arrangoitzen. Ordutik aurrera, hitza bete eta poliki-poliki sorterriko plazetara bueltatzen joan dira. Martxoaren 22ko Arrangoitzeko agerraldia amaitu bezain pronto, Isaac Kortabitarte Lekeitiora abiatu zen. 34 urtez ezagutu zuen deserria atzean utzi eta GARArekin egin zuen bueltarako bidaia. Urduri eta hunkituta egin zuen eta bere herria, familia eta lagunak utzita noiz eta nola bueltatuko zen jakin gabe ihes egitea «oso erabaki zaila» izan zela ekarri zuen gogora. Familia eta lagunen artean, baina, zoratzen zegoen.

Isaacen moduan, Ainhoa eta Joxerra, Bidasoa zeharkatuz, Irunera itzuli ziren, hurrengo egunean. Antzera bueltatu ziren gero Ros, Mila, Xabi eta Txabillo Zarautzera eta Pello, Aloña eta Aitor Donostiara. Talak, lau hamarkadaren ostean, Ugao zapaldu du orain gutxi eta Kepak, aldiz, Santurtzi... Orotara, Harrerak emandako datuen arabera, ehun bat iheslari politiko itzuli dira etxera zortzi hilabete eskasetan. [Jarraitu irakurtzen]

.

MAIATZA. Ezjakintasunak eta osasun sistemaren ahuleziak izurrite bihurtu dute Ebola
[Jose Angel ORIA]

Maitzean, Sierra Leonako Sokoman (Gineako Errepublikako mugatik gertu), bertako petrikiloa hil zen. Mediku-ikasketak izan gabe, sendakuntzan ziharduen. Emakume horrek ebola sendatzeko gauza zela uste zuen eta horrela esan zien guztiei, Mohamed Vandik, Kenema hiriko zerbitzu medikuen buruak jakinarazi zuenez. [Jarraitu irakurtzen]


EKAINA. 123 kilometroko irribarrea
[Ion TELLERIA]

Urak nahasi joango dira hurrengo hilabeteetan alderdien lehiatik kanpo oinarrizko borondateen jostun lanetan aritu nahi duen mugimenduarentzat, baina aldarri duena burura eramateko ate guztiak parez pare irekiko dira. [Jarraitu irakurtzen]


[Gure Esku Dago orri berezia NAIZen (Arg. Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)


UZTAILA. Gaza errotik suntsituta ere, israelek «babes harresirik» ez
[Dabid LAZKANOITURBURU]

Aurten «tokatzen» zitzaion Gazari hiru urtetik behin Israelek bere aurka egiten duen erasoaldia. Beti bezain krudela izan da, baina erresistentziak erantzun egin dio. Israelek bere soldaduak Gazako segadetan erortzen ikusi ditu, 2006an Libanon gertatu zitzaion bezala. [Jarraitu irakurtzen]


[Argazki galeria] (Arg. Ashraf AMRA / AFP)


ABUZTUA. Lana, onestasuna eta apaltasuna lagun, Eibarrek arrakasta mundiala lortu du bere 75. urteurrenaren atarian
[Amaia U. LASAGABASTER]

Eguna orduak hondartzan ematera gonbidatuz argitu zuen. Kostaldeko herriak lepo eta barnealdekoak hutsik, oporrak azken astinduak ematen ari zirela. Eibarko kaleetan, itsasertzetik hainbat kilometrora, berriz, festa usain gozoa zegoen. Inork gutxik hartu zuen bainujantzia. Abuztuaren 24a zen. Egun historikoa. Etiketa-jantzia ipintzeko modukoa, etiketak kasu honetan exijitzen zuen bakarra kolore gorri-urdinak eramatea bazen ere. [Jarraitu irakurtzen]


Liburua: ‘Eibar, el triunfo del tesón’ (Arg. Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)


IRAILA. Eskozia
[Aitor AGIRREZABAL]

Eskoziak bere bizitzako urtea zuela aurretik idatzi genuen, duela 365 egun. Gizarteak, etorkizunaren eraikuntza bere esku izanik, bere herria aldatzeko hautua egin du. Eskoziarrek ezetz esan diote independentziari, baina asko dira urte gutxian Eskozia independente bat ikusiko dutela ziurtzat jotzen duten ahotsak. [Jarraitu irakurtzen]


[Eskoziako erreferenduma NAIZen (Arg. Andy BUCHANAN / AFP)]


URRIA. Gogo txarrez, baina PPren gobernuak abortuaren erreforman atzera egin du
[Maider EIZMENDI]

Urtea abiatu aurretik iritsi zen Abortuaren Legea erreformatzeko PPren proposamena. Hautsak harrotu dituzte iragarritako neurriek, baita haiek justifikatze aldera erabili diren hitzek ere. Kalean, erreformaren kontrako protesta ekimen ugari egin dira eta haren ondotik etorri da Gobernuaren atzera egitea. [Jarraitu irakurtzen]


(Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)


AZAROA. Espainiar legea Katalunian desagertu zenekoa
[Beñat ZALDUA]

Katalanek ez dute erraz ahaztuko aurtengo Azaroren 9a. 2.344.828 lagunek 2012an hasitako prozesu subiranistaren lehen fasea itxi zuten egun hartan, independentziarantz pauso erraldoia emanez. Orain hurrengo pausoa zein den adostu beharko dute. [Jarraitu irakurtzen]


[Kataluniako galdeketa NAIZen]


ABENDUA. Kutxabank, zio filantropikotik ondarezko ikuspegira
[Isidro ESNAOLA]

Aurtengo gertakari ekonomikoa, nire ustez, kutxen desagerpena izan da dudarik gabe. Zio filantropikoak bultzatuta XIX. mendean hasitako ibilbidea aurten amaitu da Euskal Herrian. [Jarraitu irakurtzen]


(Arg. Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)