INFO

Festazale txikienen eguna Gasteizko jaietan

Gaztetxoenak beraientzako propio prestatutako egunaz gozatzen ari dira ostiral honetan Gasteizen. Denak dira protagonista, baina bereziki Obeko Fernandez eta Maider Perez, aurtengo Zeledon eta Neska Txiki.

Zeledon eta neska txiki, Gorka Ortiz de Urbinarekin. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Eguerdia iristearekin batera, egun berezi honen hasiera iragarri duen suziria bota dute, gaztetxoez lepo zegoen Gasteizko plaza berrian. Jarraian hasi da Zeledon eta Neska Txikiren jaitsiera.

Bertaratu direnen oihu, kantu eta konfeti artean gurutzatu dute plaza eta orduan hartu dute hitza Maider Perez eta Obeko Fernandezek.

Erraldoi eta buruhandien konpartsa ondoan zutela, jaiez «topera» gozatzeko gonbitea egin dute.

Ekitaldi ofizialaren ondotik, hiriko zenbait puntutan egun osoan zehar gozatzeko hamaika aukera dituzte gaztetxoek.

Bihar, festen azken aurreko egunean, blusa eta neska beteranoek hartuko dute jaiaren lekukoa.