INFO

Israelek palestinarren hamarnaka etxe suntsitu ditu Hebron hegoaldean

Israelgo Armadak palestinarren hamarnaka etxe bota ditu Hebrongo hegoaldean, Breaking the Silence Gobernuz Kanpoko Erakundeak salatu duenez. Adierazi dutenez, azken hamarkadan etxeak botatzeko izan den kanpainarik handiena da.

Emakume talde bat suntsitutako etxeen hondakinen artean ondasunak bilatzen. (Hazem BADER/AFP)

40 etxe inguru bota ditu Israelgo Armadak Hebron hegoaldean, Breaking the Silence Gobernuz Kanpoko Erakundeak salatu duenez. Etxebizitza palestinarrak ziren eta honen bidez palestinarrak bertatik kanporatzea dute helburu.

Israelgo Armadaren kontrolpean dagoen ingurua da, non dozena bat herri txiki palestinar dauden. Bertakoak koba eta etxe xumeetan bizi dira. 80ko hamarkadan «eremu militar» moduan izendatu zuten eta 1999. urtean agindu zitzaien biztanleei herri hauek uzteko.

Ordutik auzietan ari dira, baina nazioarteko hainbat kanpainaren ostean, epaileak elkar ulertzera gonbidatu zituen. «Gaur eman behar genuen ezagutzera negoziazioak bertan behera geratu direla, baina atzo hasi ziren etxeak botatzen», azaldu du Breaking The Silence-eko Yehuda Shaulek. «Dena 1.500 palestinar kanporatzearen planaren barruan dago», salatu du.