INFO

Polizia espainolak bost lagun atxilotu ditu Iruñean, martxoaren 17ko grebako istiluen harira

Polizia espainolak bost pertsona atxilotu ditu Iruñean, Martxoaren 17an hekzuntza sistema propio baten alde egin zen greba egunean izan ziren istiluetan parte hartu zutela leporatuta. Atxilotuetako batzuk Udaltzaingoaren furgoneta baten aurkako erasoarekin lotzen dituzte. Denak aske geratu dira, deklaratu ostean.

Iruñeko manifestazioaren ondotik izan ziren istiluak. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroan Gobernu espainolak duen Ordezkaritzak berri eman duenez, bost lagun atxilotu ditu Polizia espainolak, Udaltzaingoarekin elkarlanean. Lau gizon eta emakume bat dira, horietatik hiru adin txikikoak.

Martxoaren 17an hezkuntza sistema propio baten alde Iruñean egin zen manifestazioaren ondoren izan ziren istiluetan parte hartzea leporatzen diete eta «desordena publikoak» egozten dizkiete. Atxilotuen artean Udaltzaingoaren furgoneta bati eraso egin ziotenak daudela dio Ordezkaritzak.

Deklaratu ostean aske geratu dira denak.

Greba egunean ere beste lau adin txikiko atxilotu zituen Poliziak, «desordena publikoak» eragitea egotzita.