INFO

Leitza eta Urduña lotuko ditu aurten euskal selekzioaren aldeko mendi martxak

‘Euskal selekzioa martxan, herri borondatez ofizialtasuna!’ lelopean antolatu dute 16. urtez euskal selekzioaren aldeko martxa. Uztailaren 30ean hasi eta abuztuaren 6an amaituko da aurtengoa eta sarean, dagoeneko, izena emateko aukera du parte hartu nahi duen orok.

Mendi martxaren aurtengo kartela.

2.000. urtean hasitako bideak ez du etenik eta aurten ere mendiz eta martxan euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko ekimenak jarri du hitzordua, uztailaren 30ean hasi eta abuztuaren 6a bitarte, zortzi eguneko zeharkaldian Leitza eta Urduña lotuko ditu, ‘Euskal selekzioa martxan, herri borondatez ofizialtasuna!’ lelopean bere 16. edizioan.

Parte hartu nahi duen orok izena emateko aukera du, dagoeneko. Diru sarrera egin eta epostaz pasa behar da abisua, zehaztasun denak ekimenaren webgunean (mendimartxa.eus). 

Aldarrikapen giroan mendia da protagonista ekimen honetan. Ez da punta-puntako sasoiean egon beharrik baina pixka bat ibilita egotea komeni da. 7-8 orduko txangoak izango dira egun bakoitzean, «bakoitzaren erritmoa aintzakotzat hartuz», antolatzaileen esanetan. 

Leitzan jarri dute aurtengo abiapuntua, lehen etapan Betelurainoko bidea egingo du martxak (17 km). Bigarren etapan Zaldibian izango da helmuga (22,5 km), Seguran amaituko da hirugarrena (26 km) eta Oñatin laugarren etapa (26 km). Debagoienan izango da bosgarren etapa, Oñati eta Leintz-Gatzaga artean (25 km). Bertatik Otxandiora lehenbizi (22 km) eta Murgiara hurrengo egunean (27,5 km) egingo du martxak. Azken etapa, Murgia eta Urduña artekoa (23 km). Webgunean eskuragarri dira etapa bakoitzaren trackak.