INFO

Dentistaren mantalarekin


Dentistarenean dena da zuriegia, ordenatuegia, esterilizatuegia, neutroegia, garbiegia. Dena aratz, dena garbi eta zu han, tokiz kanpo, zure txantxar eta hortz okerrekin. Eta urduriago jartzen zaituen musikatxo lasaigarri hori.... Bistan da ez naizela lasai joaten dentistarenera. Baina joan egin behar.

Gutxiago ulertzen dut zergatik erabaki duen Pili Zabalak saltsa horretan sartzea. Seguru nago, hala ere, berak «oso garbi» izango duela, kanpainako bere hitz-hartze guztiak hori esanez hasten baititu. Eta berak gero eta garbiago izan, ni gero eta gutxiago enteratzen naiz. Barkatuko ote dit. Akaso nire ezintasuna da, akaso berak «oso garbi» hitz egiten du eta nik oso trakets ulertu.

Egia da euskaraz izan zen lehen debatetik gazteleraz izan den bigarrenera saltoa egin duela, hobera. Baina, hala eta guztiz ere, gai guztietatik hanka puntetan pasatzen da. Eta, gainera, alboan Miren Larrion eta bere segurtasuna, jakintza eta komunikatzeko gaitasuna izanda, are nabarmenagoak dira batzuen gabeziak.

Tira, buelta nadin dentistarenera. Iruditzen zait Elkarrekin-Podemoseko lehendakarigaia dentistaren mantalarekin eta esterilizatutako eskularruekin etorri dela baserriko lanak egitera. Eta dena lokaztuta dago. Eta bera ez da sumatzen lokatzetan sartzeko prest. Nahiago du azaletik ibili, busti gabe, zikintzeko beldurrez.

Nire lagun batek esaten du dentistarenera joaten denean sekula ez duela jakiten poltsikoan zenbat diru eraman; berdin hamar da, berdin mila. Niri berdina gertatzen zait Elkarrekin-Podemosekin; ez dakit zenbat kostatuko zaigun, hamar edo mila. Hauteskunde debatea baino Gran Hermanokoa nahiago dutenak zer esan asko izango dutelako. Hamar edo mila, baina seguru egon bere kostua izango duela.

(Post-data: Ez daukat ezer dentisten kontra. Bereziki nirearen kontra, laister joan behar dut-eta)