Hauteskundeen (balizko) emaitzei begira
Hauteskundeek utzi ditzaketen ondorioak aztertzeko ikuspuntu ezberdinak erabil daitezke. Ez da gauza bera alderdi bakoitzaren emaitzei arreta jartzea edo prozesu politiko orokorrari eragiten dieten gaiei erreparatzea. Ez da gauza bera gobernua osatzeko itunei soilik begiratzea edo bestelako erronka handiagoekin (burujabetzaren auzia, eredu sozial eta ekonomiko berritzaileak edota gatazkaren konponbidea) saiatzeko aukerak aztertzea.
Ikuspuntu orokor batetik, hona lehen baieztapen bat: erabakitzeko eskubidearen kontra dauden indarrek inoiz baino ordezkaritza gutxiago izango dute Gasteizko Legebiltzarrean. Inkesten arabera, PSE, PP eta Ciudadanos ez dira, guztien artean, hogei eserlekura iritsiko. 75 dira denera. Beste kontu bat da teorikoki erabakitzeko eskubidea onartzen duten indarrek eskubide hori egikaritzeko nahikoa adorea eta konpromisoa izango ote duten. Estatu espainolaren eskaintza politikoak (78ko erregimena edo, asko jota, haren bueltako moldaketa) inoiz baino babes txikiagoa du. Frankismoaren erreforma ez zuten Euskal Herrian egonkortzea lortu, batez ere ezker abertzaleak aurre egin ziolako, eta orain marjinala bihurtu da. Baina, Katalunian ez bezala, Estatuaren zilegitasun galera horrek ez du ekarri bestelako apustu sendorik. EAJk berriro azaldu du ez dagoela prest. Horretxegatik erabakitzeko eskubidearen alde, edo gutxienez «ez kontra», dagoen indar bakoitzaren eboluzioa garrantzitsua izango da datozen urteetan, eta horretan gizartearen bulkada erabakigarria izango da.
Bigarren ardatz bat: teorikoki politika neoliberalen eta murrizketen kontrako indarrak nagusi izango dira Legebiltzarrean. Ezkerra eta eskuina parametroak beste garai batekoak direla badiote ere, oraingoan “ezkerrak” –balizkoa, zehaztu behar bada– izango luke ordezkaritzarik handiena. Hemen ere gehiengo hori, gobernua dena delakoa izanik ere, eraginkor bihurtzeko adorea izango ote duten dugu zalantza, kontuan hartuta, gainera, eskubide sozialen defentsak Estatuarekin talka egitera eramaten duela, nahitaez. Aurreko legealdian ikusi dugu, hainbat legek Auzitegi Konstituzionalean amaitu dutelarik. Errealitatea ezkutatu asmoz hainbatek bestelakorik esaten badu ere, arlo soziala eta ekonomikoa burujabetzaren auziari lotuta daude, estu-estu.
Inork gutxik hitz egin nahi du, bestalde, hauteskunde ondoko gobernu akordioez. EAJren eta PSEren arteko elkar ulertzea, orain elkarri mokoka aritu arren, denon aurreikuspenetan da nagusi. Kanpainan gaude, ordea, eta arreta indar bakoitzak hauteskunde egunean lortuko dituen boz eta eserleku kopuruan dago. Eta horretan ari dira inkestak, ea zer asmatu eta ea zer eragin, gero eta jende gehiagok sinesgarritasun gutxi dutela esan arren.
Inkestek iritzi publikoan oso errotuta dagoen uste bat indartu dute. EAJren nagusitasuna are eta gehiago nabarmendu dute argitaratutako lehenek. Pentsa, gaur dituen baino parlamentari gehiago ere eman dio batek, nahiz eta hauteskundeotan lehiakide gehiago izan eta tarta puska gehiagotan banatu beharko den. Azken egunotan, badirudi jelkideen olatua apaldu dela. Edonola ere, lehen indarra izatearekin (betiere bigarrenari aldea aterata) eta PSErekin batera Podemos eta EH Bilduk baino eserleku gehiago eskuratzearekin helburuak lortutzat joko lituzkete jelkideek. Beste kontu bat izango da babesaren (boz kopuruaren) eboluzioa aztertzea, etorkizunari begira.
PSErena ere xelebrea izan daiteke. Hain emaitza txarrak iragarri dizkiote (16tik 8ra jaistea), erronka txikia duela orain: ez hainbeste jaistea, eta bide batez EAJk behar duen babesa bermatzeko beste eserleku lortzea.
Nor izango den bigarren eta nor hirugarren arreta sortu duen beste gai bat da. EH Bilduri eman diote inkesta gehienek bigarren postua. Halere, zalantza zabaldu da. Azken batean, Podemosek 400.000 boz baino gehiago lortu zituen ekainean. Hirugarren posturaino jaitsi al daiteke orain? Bestalde, Espainia aldean berriro ere ustelkeriaren kiratsak eta PPren jokabide makurrek gaurkotasuna hartu dute, eta horrek itzala izan dezake Euskal Herrian ere. Euskal agendak ez du eraginik Madrilen, baina alderantziz bai, zenbaiten mesedetan. EH Bildu, aldiz, indar handia egiten ari da beste zentzuan, bertako aldagaietan. Ez du soilik jokoan hauteskunde batzuetan emaitza hobexeagoak edo kaskarragoak lortzea. Euskal Herrian prozesu politikoa bat azkartu nahi du, eta horretarako muskulua behar da, prozesu horretarako izan badauden baldintzak askatu ahal izateko. •