Sufrituz lortu du final laurdenetarako sailkapena Iker Irribarriak (22-20)
Hasiera-hasieratik akats ugari egin ditu Iker Irribarriak eta ederki aprobetxatu du Jon Jaunarenak hasieran. Buruz-buruko txapeldunak ez dio tamaina hartu Lau eta Erdikoari, baina itzuli handia eman eta gero final laurdenetako ligaxkan egonen da aramarra. Azken emaitza, 22-20.
Iker Irribarriak final laurdenetako ligaxkarako sailkapena lortu du, Jon Jaunarena 22-20 garaitu ostean. Buruz-buruko txapeldun gazteak ez du bere maila eman, baina markagailua irauli eta gero, lortu egin du hurrengo faserako sailkapena.
Jaunarenak, hasieran, ederki egin du bere lana. Partida serioa burutzen ari zen leitzarra. Galtzeko gutxi zuen eta lehen pilotakadatik ikusi zaio pronostikoei buelta emateko ideiarekin. Irribarria zen faborito argi, baina distantzia honetan ez du oraindik frontoi osan eman duen maila eman. Inondik inora ere.
Hala, laster abiatu da markagailuan Jaunarena (10-3). Irribarriak marraz atzetik bota ditu bi pilota eta sake bat ere laburregi geratu zaio. Jaunaren aldiz, gehiegi arriskatu gabe, aurrera zihoan final laurdenetako ligaxkaren bila.
15-5eko aldeko markagailua izatera ere iritsi da Jaunarena, eta hor hasi da aramarra partidan sartzen. Leitzarrak garaipena gertu ikusi du eta pilota asko galdu ditu. Biek hala biek sakean izan dute arazorik handiena. Eta Irribarria 16-12ra gerturatu da. Lehen zatian txapeldun gaztearen akatsek markatu baldin badute partida, bigarrenean Jaunarena izan da huts gehien egin dituena, eta horrela iritsi da berdinketa 19. tantoan. Sakea egin, errematearen bila jolan, txokoan utzi eta orduan jarri da Irribarria lehen aldiz markagailuan.
Azkenean 22-20 irabazi du Irribarriak, eta final laurdenetako ligaxkan egonen da, Urrutikoetxea eta Altunaren multzo berean.