INFO

Osatu dira Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkak, Joseba Ezkurdiarekin

Joseba Ezkurdia izan da Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkarako sailkatu den azken pilotaria, Iker Arretxeren aurka 22-16 irabazi ostean Lekunberrin jokatu duten partidan.

Gogorra, baina distirarik gabeko neurketa okatu dute Ezkurdia eta Arretxe II.ak. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iker Arretxek eta Joseba Ezkurdiak Lekunberrin jokatu duten neurketan erabaki dira Lau eta Erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkak. Ezkurdia nagusitu da Lekunberrin (22-16), beraz, bera da ligaxkak osatu dituen pilotaria.

Igande honetako neurketari erreparatuta, gogorra baina distira handirik gabekoa izan dela esan daiteke. Ezkurdia bera zen faborito, baina neurketaren bigarren erdira arte ezin izan du nagusitasun hori kantxan erakutsi.

12-12 berdinketak erakusten du lehenengo zatiaren norakoa, Arretxe defentsan ongi eta Ezkurdia errematean asmatu ezinik ibiliz. Sakea hartutakoan ere, ezin asmatu ibili da Ezkurdia, lau aldiz sakea motz utziz.

Azkenean baina, eta nahi baino gehiago kostata, lortu du final-laurdenetarako txartela. Hala, Olaizola II, Bengoetxea VI eta Retegi Bi-ren multzoan izango da Ezkurdia. Beste multzoa Urrutikoetxeak, Altunak, Irribarriak eta Victorrek osatuko dute.