INFO

‘Pokemon Pikachu detektibea’ filma euskaraz, bikoiztaileen gatazka gorabehera

Bikoiztaile euskaldunek planto egin zuten urtarrilean euren lan baldintzak salatzeko, eta hau da ordutik bikoizten duten lehen filma. Salbuespen bat besterik ez da, enpresarekin akordio batera iritsi direlako, baina horrek ez du esan nahi Zineuskadiren filmak bikoizten hasiko direnik berriro.

Marrazki bizidunetako pertsonaiari benetako irudia eman diote film berrian. (NAIZ)

Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak ezagutzera eman duenez, ‘Pokemon Pikachu detektibea’ filma estreinatuko da euskaraz ostiral honetan. Urtarrilean planto egin zutenetik itzultzen duten lehen filma da honakoa, eta Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren baitan zabalduko dute.

Bikoiztaileek salatu zutenez, irailetik ETBko euskarazko bikoizketa lan guztiak hamabost pertsonaren artean ari dira egiten, gainontzeko bikoiztaileak lan horietatik kanpo utzita. Hortaz, ez dituzte lan ordu nahikoak betetzen eta baldintza hobeak lortu nahian, grebarekin hasi ziren urte hasieran. 32 pertsonek EiTB eta Zineuskadirentzat, biak ala biak Lakuaren menpe, euskarazko edukiak ekoizteari uko egin zioten.

Xabier Alkiza elkarteko kideak azaldutakoaren arabera, arazoaren jatorria 90eko hamarkadan dago ordura arte Estatu mailako hitzarmen batek erregulatzen zuelako bikoiztaileen lana, baina konpetentziak erkidegoen esku geratu zirenean hitzarmenak indarra galdu zuen eta EAEn ez zuten berririk sortu profesional hauen lana erregulazio legalik gabe utziz.

Prekarietatea da horren ondorioa, lan bolumen txikia izateaz gain, soldatak ere murriztu direlako; sei urtean %37a jaitsi diete. Lan orduei dagokienez, duela hamar urte 400 ordu egiten zituzten lan urtean, eta egun 100 besterik ez.

Orain estreinatuko den filma salbuespen bat dela argi utzi nahi dute, eta ez helburuak lortu dituzten seinale. Izan ere, Bieusek esandakoaren arabera, «REC grabaketa estudioarekin bikoizketa arautuko duen hitzarmena bultatzeko lortutako akordio bat» lortu dute, eta horregatik onartu dute ‘Pokemon Pikachu detektibea’ bikoiztea. «Onarpen hau soilik enpresak hartutako erabakiak bultzatu du eta ez du adierazten aurrerantzean Zineuskadiko filmak bikoizteko erabakia hartu duenik», azpimarratu dute.

Elkarteak bikoizketaren egoeraren ardura Lakuako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu den Bingen Zupiriak duela dio, eta salatzen jarraitzen du euskaraz bikoizten den ordu kopurua ez dela aski lanbidea gutxieneko profesionaltasun batekin mantentzeko.