Amalur ARTOLA

EITB-TIK SUSTATUTAKO PREKARITATEAREN AURREAN, BIKOIZTAILEAK PLANTO

Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak hortzak erakutsi ditu: uko egin dio EiTBrentzat bikoizteari, eta plantoak Zineuskadi programari ere eragiten dio. Lan bolumena murriztea, soldatak %40 jaitsi izana eta kalitatearen beherakada daude grebarako arrazoien atzean. Baita EiTB ere: lanbidearen prekarizazioaren sorburua bertan dagoela salatu dute.

Irailaz geroztik, hamabost pertsonaren artean ari dira egiten ETBko euskarazko bikoizketa lan guztiak. «Marrazki serie guztietan, askok beren buruari galdetu eta erantzuten diete. Lau neska ari dira emakume eta haur ahots guztiak egiten. Baina, hala ere, ETBk ez du ezer esaten. Berdin zaio. Onartu eta emititu egiten du, eta horrek sortzen digu azalpenak emateko beharra». Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko Xabier Alkizarenak dira hitzak. Lanbidearen prekarizazioak maila guztiak hautsi dituela dio, ez daudela prest lan baldintzen gainbeheraren aurrean men egiten jarraitzeko, baita euren profesionaltasuna jokoan dagoela ere, egoerak kalitate eskaseko produktuak ekoiztera daramatzalako.

Eta, horren guztiaren aurrean, planto egitea erabaki dute: elkartea osatzen duten 32 pertsonek sei hilabete daramatzate EiTB eta Zineuskadirentzat euskarazko edukiak ekoizteari uko egiten. Denbora horretan hainbat interlokuzio bide ireki dituzte eta, euren aurreikuspenen arabera, laster osatuko dute hitzarmen bat erdiestea helburu lukeen mahai sektoriala. Bien bitartean, lanbidearen prekarizazioaren nondik norakoak xehatu dizkigu Alkizak. Eta gezi guztiek EiTBren norabidea hartu dute.

Problematika estrukturala dela dio Alkizak, eta jatorria 90eko hamarkadan duela. Ordura arte Estatu mailako hitzarmen batek erregulatzen zuen bikoiztaileen lana, baina konpetentziak erkidegoen esku geratu zirenean hitzarmena indargabetu egin zen, eta ez zen berririk sortu. «Euskadin ez dago inongo erregulazio legalik, langileek enpresekin adostutako akordioak daude, eta egunez eguneko kontratuekin egiten dugu lan. Alor artistikoan hori onartu egiten da eta ondo dago, baina behar bezala ordaintzen bada». Eta, elkartearen iritzian, ez da hala, lan ezegonkortasunari azken urteetan baldintzen gainbehera gehitu zaiolako: «Zer gertatu den EAEn? Gobernuari eta ETBri esker, prekaritatea esparru publikotik bultzatu dela. Bingen Zupiriaren zuzendaritzapean erabaki zen ETBren lana enpresa bakarrak esleituko zuela. Gertatzen da enpresa bakarrari ematen zaiola lana eta enpresa horren bezero bakarra ETB denez, bezeroak estutzen du nahi duen guztia. Sistema hori jarri zuten martxan». Alkizaren hitzetan, horrek sektore pribatuari eragiten dio, «ETBrentzat sos baten truke lan egiten baduzu inork ez dizkizulako bi emango», eta horrek bikoizleen irabazietan zuzeneko eragina izan du: krisialdiaren aitzakian soldataren oinarria –lan batera joateagatik kobratzen dutena– %23 jaitsi zieten eta produkzioagatik –bikoiztutako lerro kopuruaren arabera kobratzen dutena– jasotzen zutena %10. Irailean, oinarrian %12ko beherapena izan dute, eta produkzioan %8koa. Kontuak aterata, sei urtean soldata %37 jaitsi diete. «Ia soldataren erdia da hori. Argi esan behar da ETB izan dela enpresek prezioak jaitsi ditzaten eragin duena eta lotsa hainbestekoa da, non merkatu prekario baten azpitik ari zaigu ordaintzen gure erakunde publikoa. Horra iritsi gara», gaitzetsi du Alkizak.

Soldataren beherakadari lan bolumenarena gehitzen zaio. «Orain ETBrako esleituta daude 100 ordu euskaraz. Eta hori da serie baten bi edo hiru denboraldi. Huskeria bat. Orain hamar urte genbiltzan 400 ordutan eta orduan ja gutxi zen... orduan hasi zen jendea lana uzten», azaldu du.

Lanbidearen prekarizazioak eragina du produktuaren kalitatean. Eta hori ere bada bikoiztaileen ardura nagusietako bat. «Zer gertatzen den? Ba Estatuko zabor-lan guztia hemen egiten dela, prezioarengatik». Izan ere, ETBri, Forta-ko –erkidegoetako irrati eta telebisten sarea– kide den aldetik, sareak erosten dituen ekoizpenen zati bat gazteleraz bikoiztea ere badagokio. «Telebista kate bakoitzari pastel horren guztiaren zati bana bikoiztea dagokio, eta gazteleraz ere prezio horietan ekoizten denez EAEn, Espainian dagoen zabor-lan guztiak hemengo estudioetan amaitzen du», salatu du.

Non da euskararen aldeko apustua?

Elkartetik argi dute Lakuatik ez dela bikoizketaren aldeko apusturik egiten, eta euskararen alde ere ezer gutxi egiten dela irizten diote. «ETB Gobernuak kontrolatzen du, hori argi eduki behar dugu», nabarmendu nahi izan du Alkizak, «baina esaten digute beraiek ezin dutela bultzatu bikoizketa, ezin dutela ETBren esparruan sartu bolumena eskatzeko, eta ETBn badakitela ikusleek zer ikusi nahi duten... Ez da apusturik egin, euskara izan da gauza baztertua zeharo, eta ume pila bat ditugu telebista hiru orduz ikusten dutenak, baina gazteleraz. Horiei beren gustuko produktua euskaraz emanez gero ez al dute ikusiko ba?», galdegin du. Baina, Alkizaren hitzetan, euskarazko kateetan «estropadak eta mariatxiak» ematen dira «merkeagoa delako», gaztelerazko katean «film txukun bat» eskaintzen den artean. «Eta bada ‘El Conquistador’ izeneko programa bat ere, badakizu hor jartzen den diruarekin zenbat eduki ekoitz daitekeen?».

Zineuskadirekin beste horrenbeste gertatzen dela uste dute. «Propaganda hutsa» da Alkizaren hitzetan. «Hilabetean film bat jartzen dizute, baina ematen diren 12etatik 8 produkzio merkeak eta eskasak dira, eta gero jartzen dituzte 3 edo 4 ‘Pokemon’ edo ‘Asterix’ bezalakoak, nahiko potenteak, eta horrekin betetzen dituzte orrialdeak prentsan eta jendeak pentsatzen du badagoela zerbait, baina ez dago ezer». Elkartetik uste dute ez dela euskararen aldeko apustu errealik egiten, ezta euskarazko edukiak kalitatezkoak izan daitezen ere. Horren adibide jarri du “Home” seriearekin gertatutakoa: «Abestiak Rihanarenak dira, klip pila bat ditu abestuak, eta elkarteko bikoiztaileek uko egin zioten ez zietelako abestiengatik ordaindu nahi. Berbenetan dabiltzan abeslari batzuk lortu eta 5 euroren truke egin zituzten abestiak. DreamWorksekin harremanetan jartzen saiatzen ari gara, beren serieekin hemen zer egiten den ikus dezaten».

Negoziazio mahaia ate joka

Sektoreko enpresen artean aldea badagoela uste du Alkizak. «Badaude batzuk saiatzen direnak, ez digute egiten ETBko enpresa horrek [Mixer] egiten diguna, eta horiekin zenbait lan egitea onartu dugu, betiere gauzak lortzearen truke». Adibidez, osatu nahi duten negoziazio mahaian egoteko konpromisoa har dezatela.

ELA eta LAB egongo dira negoziazio mahaian, baita CCOO eta UGT ere, Madrilen hitzarmena sinatu zuten sindikatuak diren aldetik (Madril da Estatu espainol mailan hitzarmen sektoriala duen erkidego bakarra). ETBko kontrol batzordera joateko eskaria ere egina dute, baina oraindik ez diete datarik eman.

Mahaia aste gutxiren bueltan osatua egotea espero dute, eta eskaera zehatzarekin aurkeztuko da Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea: «Ordainsariei dagokienez, egiten ari garen eskaera da 2004. urtekoa. Hori ari gara eskatzen, orain 15 urte ordaintzen zena. Hori enpresa batzuek ordaintzen digute, eta ETBren lana daukan enpresak ezingo luke pentsatu ere egin hori ordaintzea, baina bera da merkatua baldintzatzen duena. Orduan, nahi dugu lan publikoa eskasa eta bolumen gutxikoa bada, behintzat duintasun batean ordaindua izan dadila. Eta duintasuna deitzen diogu orain 15 urteko tarifari».

Inguruko herrialdeekin alderatuta, Madrilen dagoen hitzarmenaren bosten bat litzateke. Parisen, halako hamar ordaintzen dela dio Alkizak, «eta Alemanian ez dizut esango, lotsa ematen didalako. Hemengoa lotsagarria da».

 

«nola sustatuko dugu euskara azpidatziekin, inork gutxik kontsumitzen duen zerbait bada?»

Bingen Zupiria EiTBko zuzendari ohi eta egungo Lakuako Kultura sailburuak azpidatzien aldeko jarrera hartu izan du eta, horren aurrean, kontrako iritzia eman du Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko bozeramaile Xabier Alkizak. Haren hitzetan, «beti saiatu izan dira azpidatzita euskaraz material gehiago emititzeko aukera legokeela saltzen», baina ETB2ren kasuan, adibidez, ez dela halakorik planteatzen aipatu du. «Zergatik euskaraz bai eta gazteleraz ez?», galdegin du, eta erantzuna edonolakoa izanda ere, helburua euskara indartzea bada azpidatziek baino bikoizketak eragin handiagoa luketela nabarmendu du.

«Euskara sustatu behar da entzunez eta hitz eginez, ahozkotasunean dago gakoa, eta hizkuntza politika arduradun batek niri ezin dit esan euskaraz azpidazteko. Gustuagatik edo kulturalki garatua den jendeak nahiago duela jatorrizkoan ikusi? Emisio digitalean ez dago arazorik, jartzen duzu originala eta listo. Baina euskaraz entzuteko aukera ostu egin digute, urteak dira ez dugula ekoizten pelikula komertzial bat telebistarako», nabarmendu du.

Azpidatziak aukera gisa egoki ikusten baditu ere, euskara sustatzeko denen neurrirako produktuak behar direla uste du, eta hori bikoizketak ematen duela: «Guk defendatzen duguna da egon behar duela moko fineko edo garatutako kultura, baina hori ez da gehiengoa, eta gure hizkuntzak behar du gehiengoa, gutxienekoa delako. Orduan, nola sustatuko duzu euskara azpidatziekin, inor gutxik kontsumitzen duen zerbait bada?». A.A.