Iraitz MATEO
DONOSTIA
HAUTESKUNDEEN OSTEAN

«Orrialdea pasatu nahi dute, aintzat hartu gabe errealitatea aldatu dela»

Hauteskundeen osteko balorazioa egin zuen Pello Otxandianok, atzo, EH Bilduren Donostiako egoitzan. Herri mandatuari entzun eta gehiengo abertzale eta ezkerrekoei erantzun behar zaiela adierazi zuen. Eta horretarako, EH Bildurekin hitz egitea «ezinbestekoa» dela nabarmendu zuen. Gobernua osatzeko inork ez diola oraindik deitu argitu zuen.

Otxandianok emaitzen balorazioa egin zuen.
Otxandianok emaitzen balorazioa egin zuen. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Hauxe da momentua herri proiektu baten inguruan akordio handi bat josteko», hori izan da joan den igandeko hauteskunde emaitzen eta ondorengo gertakarien inguruan EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianok nabarmendu zuena. Atzo goizean egin zuen balorazio prentsaurrekoa Donostiako egoitzan, eta mapa politiko berria aintzat hartzeko eskatu zion EAJri. Oraindik ez du jeltzaleen deirik jaso, eta EH Bildu botoetan bigarren indarra izanik, Pradalesek «demokrazia parlamentarioaren ohiko kodeak» hautsi dituela kritikatu zuen.

Unea «orain» dela izan zen Otxandianok gehien errepikatu zuen ideia. Izan ere, EH Bilduren «emaitza historikoak» aipatu, boto emaileak eskertu eta Gasteizko Parlamentuari begira jarri zen. Osaketa aztertuz, aurrez esan bezala, bi gehiengo daudela gogoratu zuen, 54 jarleku batuko lituzkeen abertzale-subiranista eta 40 elkartuko lituzkeen ezkerrekoa. Horiek artikulatzeko momentua dela aipatu zuen: «Gobernugintzak horri erantzun behar dio».

«Herri proiektu baten inguruan gehiengoak osatzeko momentua dela uste dugu. Herri hitzarmen sendo bat behar da», adierazi eta momentu hau ezin dela «galtzen utzi» esan zuen. Orain artekoa egiten jarraitzea, hau da, EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa, beste aukera bat izan daitekeela esan zuen, baina aukera horrek «hipoteka asko sortuko ditu», Otxandianoren arabera.

ELKARGUNEAK ETA «HIPOTEKAK»

Bi alderdien arteko paktuek puntu asko albo batera utzi ditzaketela gaineratu zuen, eta zera adierazi zuen: «Gero, ez du balio EH Bilduri eskatzea hipoteka horien erantzule egiteko; ez, horrek ez du balio». Eta kanpainan zehar alderdi subiranistak beste alderdiekin dituen elkarguneak identifikatzeko lana txalotu zuen EH Bildukoak.

Bestalde, EAJk eta PSE-EEk hasieratik elkartzeko zuten asmoa kritikatu zuen, eta astelehenean egingo duten bilera horren adierazgarri dela esan zuen. «Gu elkarguneak bilatzen ari ginen, eta, bitartean, beste batzuk antagonismoak eszenifikatu dituzte bestelako herri proiektuei bidea ixteko. Orain arteko gobernantzarekin jarraitzeko erabakia hartuta zegoen lehendik ere, beraien aldetik. Orrialdea pasatu nahi dute, aintzat hartu gabe errealitatea aldatu dela», hausnartu zuen Otxandianok. Eta gogoratu zuen PSE-EEk esan zuela EAJrekin ez zirela fio, EH Bildurengana hurbiltzeko tentaldia eduki zezakeelako; eta EAJk esan zuela ez zela fio sozialistekin, «Sanchezek hartzen dituelako erabakiak, bere interes pertsonalei bakarrik erantzuteko».

ELKARRIZKETARAKO BEHARRA

Kanpainan batzuek mahai gainean jarritako antagonismoak gezurtatu zituen, eta elkarguneei begira jarraitu beharko litzatekeela esan. Ariketa horri, ordea, «iskin» egin diotela deitoratu zuen, eta aste honetan Imanol Pradalesek harreman erronda bat ez egitea bera «oso adierazgarria» dela adierazi zuen: «Jarraipena eman nahi zaio oso konbentzionala den politika bati». Horregatik, «gehiengo kualifikatuak» sortzeari bide eman behar zaiola defendatu zuen.

EH Bilduk harreman errondarik ez duela hasiko errepikatu zuen, «hauteskundeak irabazi dituenak» egin behar duela ohartaraziz; ez egin izana, pertsonalki, «onartezina» iruditzen zaio. «Herri honen erronkei erantzun behar bazaie, EH Bildurekin hitz egin beharko da», esan zuen, ez dagoelako gehiengo abertzalerik beraiek gabe, ez eta ezkerreko gehiengorik ere. Ea lehendakaria izateko inbestidurara aurkeztuko den galdetuta, datozen asteetan aztertuko dutela erantzun zuen.