INFO

Auto ilara eta pilaketa handirik ez Bizkaia eta Kantabria artean

EAEko eta Kantabriako agintariek deseskalatzearen 3. fasearen amaiera 48 ordu aurreratu ondoren, Bizkaitik Kantabriaranzko trafiko handia espero zen gaur arratsalderako, baina uste baino txikiagoa izan da ibilgailuen mugimendua eta A-8 autobidean ez da pilaketa handirik izan.

Autoak Bizkaitik Kantabriarantz, gaur arratsaldean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Iñigo Urkullu lehendakariak eta Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak bi erkidego hauetan alarma egoeraren bukaerari emateko ekitaldia egin dute Kobaronen, gaur goizean, bi herrialdeen arteko mugan, komunikabideen ikusmin handiarekin.

Horren ondotik, eta bizkaitar askok Kantabrian bigarren etxea duela kontuan hartuta, Bizkaitik Kantabriaranzko trafiko handia espero zen arratsalderako, baina ez da horrela izan. Bi herrialdeak batzen dituen A-8 autobidean trafikoa arina izan da eta ez da ia errententzio handirik sortu, momentu jakin batean izan ezik, istripu batengatik, Lakuako Segurtasun Sailetik adierazi dutenez.

Nolanahi ere eta asteburua izanda, eta eguraldi eguzkitsua datorrela aintzat hartuta, Lakuako Trafiko Zuzendaritzak areagotu egingo du errepideen zaintza eta kontrola Kantabriako mugan. Horretaz gain, eta zirkulazioa arintzeko helburuarekin, Trafiko Zuzendaritzak garabi bat jarri du gaurko eta larunbaterako Uriosten (suhiltzaile-etxera sartzeko biribilgunean, A-8an), eta igandean El Hayan (Kobaroneko lotunean, A-8an), istripuren bat gertatzen bada ere ibilgailuak ahalik eta azkarren erretiratu ahal izateko.

60.000 ibilgailu

Espainiar Trafikoko Zuzendaritza Orokorraren aurreikuspenen arabera, EAE eta Kantabria artean 60.000 ibilgailu mugituko dira asteburu honetan. Dronak eta helikopteroak erabiliko dituzte zaintza areagotzeko Kantabriako errepideetan.