INFO

Gaurtik gose eta egarri grebari ekin dio Iñaki Bilbao «Txikito»k

Ostiralean 50 egunez egindako gose eta komunikazio greba eten egin zuen Iñaki Bilbao Goikoetxea euskal presoak baina astelehen honetan berriz protestari eusten diola jakitera eman du. Oraingoan gose eta egarri greba izango da.

Bilbaoren borrokaren alde eginiko mobilizazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak (ATA) prentsa ohar bidez zabaldu duenez, gose eta egarri greba mugagabea abiatu du orain Iñaki Bilbao ‘Txikito’ Puerto de Santa Mariako espetxean dagoen euskal presoak.

Ostiralean eten zuen 50 egunez egindako gose eta komunikazio greba ‘Txikito’k, independentzia eta sozialismoa aldarrikatzea helburu zuena. Baina hurrengo egunean bere hurbilekoei telefonoz egindako dei labur batean berriro protestari helduko diola jakinarazi zuen. «Berarekiko elkartasuna baino, Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko eman behar diren urratsak direla garrantzitsuena azpimarratu zuen», ATAk dioenaren arabera.

Oraingo honetan komunikazioa ahal duen neurrian mantentzeko asmoa duela erantsi du Bilbaok. Bere hurbilekoek «ahul sentitu dute baina burua argi eta determinazio osoz», azaldu du ATAk.

Pasa den astean ospitalean zegoen berriz Iñaki Bilbao, irailaren 9an abiatutako protestaren ondorioz. Antza denez, ostegunean eraman zuten berriz Puerto III-ko espetxera eta bertan hartu zuen bere lehenengo ekimena bukatutzat emateko erabakia. Zopa eta jogurt bat jan zituen bertan. Aurretik, erietxean seruma sartu zioten gorputzean euskal presoari, zunda baten bitartez.