INFO

Bizi oso bat ETAri lotuta

Urte asko ETA indartsu bat prestatzen eta eraikitzen, beste asko gatazka konpontzeko ahalegin betean eta erakunde horren zikloari amaiera emateko lanean. 2018ko maiatzaren 3an ETAren azken adierazpena irakurri zuen Josu Urrutikoetxearen begietatik belaunaldi oso baten bizipenei egin ahal zaie so.

Frantziak hainbat iheslari konfinatu zituen 1977an Porquerolles uhartean. Urrutikoetxearekin batera (bizarrarekin eta jertsea bizkarrean), beste beste, «Apala», Aia Zulaika eta Martin Sagardia. (URRUTIKOETXEA SENDIAK UTZITAKO ARGAZKIA)

Burgosko Prozesuaren 50. urteurrena bete den honetan, garaian non zen edo zertan zebilen galdetutakoan, «ordurako bi urte baneramatzan dagoeneko erakundean lanean», erantzun du Josu Urrutikoetxeak. Egun gutxi barru NAIZek, GARAk, Mediabaskek eta Kazetak berarekin Parisen izandako elkarrizketa argitaratuko dute. Elkarrizketa horren haritik, ETAn izandako ibilbidea osatu ahal izan dugu, ez ikuspuntu pertsonal soiletik; une historiko jakin batean, zirt edo zart egiteko garaian, belaunaldi baten adierazle gisa baizik.

Beste asko bezala, gazte sartu zen Urrutikoetxea ETAn, 1968an. Ugaon jaio zen, eta abenduaren 24an beteko ditu 70 urte; 17 urterekin sartu zen, beraz, erakundean. Ordurako, laguna zuen Jose Migel Beñaran Ordeñana, Argala. Urtebete zaharragoa zen Arrigorriagakoa. «Argalak hasiera-hasieratik eta hil zuten arte sekulako ekarpenak egin zituen, ni asko markatu ninduen». Urrutikoetxearen hitzak dira, aipatu elkarrizketan botatakoak.

Lagunak egin ziren eskola bidean lehenik eta injineru izateko ikasketetan gero. Bigarren garai horretan bien arteko hitz-aspertuetan Euskal Herriko egoerak hartu zuen lehentasuna, eta, biak jada ETAko kide zirela jakin gabe, Urrutikoetxeak Argala erakundean sartzeko proposamena egin zion bere arduradunari, eta Argalak gauza bera egin zuen, hau da, bere arduradunari Urrutikoetxeari erakundean sartzeko eskaintza egiteko proposatu zion. Biek arduradun bera zuten, Mikel Etxebarria, Makaguen. Hain zuzen, Burgosko Prozesua ekarri zuen Artekaleko sarekada famatuan zauriturik gertatu zen militantea, ihesaldian Poliziaren esku utzi nahi izan zuen taxilaria tiroz hil zuena.

Belaunaldi haren bizipenak berreskuratzea, aurreko azken aipamen horretan bezala, garratza da maiz, maizegi; zirraragarria ere askotan, harrigarria ia beti. Bistan da belaunaldi oso batek egin zuela urratsa, eta aipatu Burgosko Prozesuak, beste zenbait gertakariekin batera, konpromiso maila azkartu zuen. Belaunaldi horrek, hain zuzen ere, eraiki zuen gerora oso indartsu bilakatu zen ETA erakundea.

Ipar Euskal Herrira

1971n Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen Urrutikoetxeak. Muga pasa aurretik Kaltzadatarren etxean izan zen gordeta, Julen Kaltzadak Burgosko Prozesuagatik kartzelan segitzen zuen bitartean. Orduz geroztik Kaltzadatarrekin harreman berezia izan du Urrutikoetxeak. Familia ditu, hobeto esanda. Ugaotik hanka egin ostean gauez iritsi zen haien etxera. Hurrengo goizean, leihoa ireki eta itsasoa benetan deskubritu zuen; ihesi, beste asko eta asko bezala, bizi osoko militantzia abiaraztera zihoan.

ETAko kideek, han eta hemen ibilita, azpi-azpitik, sustraietatik lotzen diren sare pertsonalak eta afektiboak sortu izan dituzte. Horiek kontuan hartu gabe nekez uler daiteke ETAren ibilbidea. Murgatarrak Urrutikoetxearentzat lagun minak dira, txikitatik. Ez da aspaldi Isidro hil zela; gaitza hartu eta aitaren batean joan zen. Gurekin aurreko astean egindako elkarrizketara haren jaka ekarri zuen jantzita Urrutikoetxeak. Badu bere istorioa. 90eko hamarkadaren amaieran, kartzelatik Gasteizko Legebiltzarrera kargu hartzera lehen aldiz joan zenean, lagun batek esan zion egun horretan «formalago» etorri behar zuela jantzita. Harritu egin zen Urrutikoetxea protokolo kontu hori aipatu ziotelako. Lagun horrek Isidrorengana joan eta jaka kendu zion parlamentari presoari emateko. Ordutik du Urrutikoetxeak, eta horrekin azaldu zitzaigun Parisen, azkenaldian mitiko samar bilakatu den txapelarekin batera. Txapel horrek ere bere istorioa du, historia handiago baten barruan. Ez da argazkietan irteteko paristar giroan erositakoa. Suitzan eskuratu zuen, 2005eko negoziazio saioan.

Erromantizismoari, nolanahi ere, mugak jarri behar zaizkio narrazio honetan. Hil egin delako. Besteak hil eta norbera hil. Ondoan zituen asko jada ez daudela jakin badaki Urrutikoetxeak, eta baita, akaso, horregatik tokatu zaiola berari hainbeste agertzea ere. Behin baino gehiagotan esaten du bera baino gaitasun askoz handiagoko militanteak izan direla ETAn.

Frankismoari aurre egiteko eta, ondoren, trantsizio demokratikoa delakoaren kontra ere oldartzeko belaunaldi hark hartutako erabakiak gatazka gordindu zuen. Berariaz eginiko hautua izan zen, Euskal Herriak herri gisa jasaten zuen zapalkuntzari, heriotza zigorrari aurre egiteko, bai ala bai. ETAk babesa jaso zuen horretan, baita salaketa eta gaitzespena ere. Aldi luze baterako konfrontazioa jarri zen martxan, indar-harremanean eragiteko.

Ekintza armatuak

70eko hamarkadaren lehen urteetan, Ipar Euskal Herritik bueltan, Poliziak Urrutikoetxea ekintza armatuak egiten kokatu zuen. ETAk hainbat sabotaje egin zituen frankisten eta salatarien propietateen aurka, baita dirua edo lehergaia lortzeko lapurretak ere. Horien egiletzat Eustakio Mendizabal (Txikia), Jesus Mari Zabarte (Garratz), Mikel Lujua, Jose Luis Arrieta (Azkoiti) eta Urrutikoetxea jo zituzten. Txomin Iturberi, Argalari, Tomas Perez Revillari eta Jose Ramon Arizkorretari Zabala enpresariaren bahiketarekin harremana izatea leporatu zieten.

Polizia ez zebilen erabat oker, ez bederen Urrutikoetxearen kasuan. Arlo politikotik militarrera pasa zen orduan. Gogoan du arlo politikoan zirenean erakundeak ez ziela pistolarik ematen, eta berak bere kabuz bat erosi behar izan zuela. Arlo militarrean Txikiarekin egin zuen topo ekintzetan. Euskal prozesuan ez dela beste prozesu batzuetan bezala buruzagiari gurtzarik izan, ez dela neurriz kanpoko pertsonalismorik egon uste du, baina, halere, izan badirela bere marka utzi duten militanteak. Argala bezalaxe, Txomin eta Txikia ditu gogoan. Poliziak hil baino bi egun lehenago izan zen Txikiarekin Zarautzen. Berriro, galeraren min sakon hori.

Urrutikoetxeak ETAko hainbat kide gogoratu ditu. Argazkian, Txomin Iturberekin pilotan. (SENDIAK UTZITAKO ARGAZKIA)

 

Jardun horretan Polizarekin aurrez aurrekoak ere izan zituzten. Gernikatik autoa zuloz beteta ihes egin, Getarian setiatuta… Ondoan zituenak gogoratzen ditu: Garratz, Gantxegi, hemengo hau, hango beste hura… Bai, Urrutikoetxea bere barrua arakatzen ari da, bere bizipenak bideoz grabatzen elkarrizketa luzeetan. Horretan ordu dezente egin ditu azken boladan, zinemagintzaren munduko jendeak lagunduta. Ez ditu «bere memoriak» egin nahi, baina kontziente da ondoan zituen asko dagoeneko ez daudela. Eta bizitakoa esana utzi nahi du, kontatuta.

Ez da, nolanahi ere, epilogo bat, Euskal Herriaren askatasunaren bideak aurrera segitzen duelako, beste modu batez bada ere, beste protagonista batzuekin. Horrela uste du Urrutikoetxeak eta, bere egoera pertsonala zaila izanda ere eta Espainian kartzelan amaituko duela uste duen arren («kartak banatuta daude»), itxaropentsu da Euskal Herriaren geroarekin, zailtasunak zailtasun.

Carrero Blancoren atentatuagatik ere prozesatu zuten 1974an, ekintzaren bihotzean egon ez arren prestaketa lanetan lagundu zuelako. Ekintza haren hasierako helburua buru frankista bahitzea zen, presoen askatasuna behartzeko, baina presidente izendatu zutenez eta baldintzak aldatu zirenez, hiltzea erabaki zuen ETAk, frankismoaren prozesu historikoa bera aldatzeraino.

Izan zen orduan helburu bera bilatzeko (presoen askatasuna) martxan jarritako beste saiakera bat. Gaur arte ez da jakin, baina ETAko militante batzuk, Urrutikoetxea horien artean, Italiara joan ziren informazio bila. Zertarako? Opus Deiren sortzaile eta buru Josemaria Escriva de Balaguer bahitzeko. Ezin izan zuten egitasmoa aurrera eraman eta gertaera hura ezkutuan izan da gaur arte.

Gerra zikina

Ipar Euskal Herrian izan zen gerora hainbat urtez, 1989an atxilotu zuten arte. 1975etik 1980ra arte errefuxiatu politikoaren estatutua izan zuen Urrutikoetxeak. Horrek, baina, ez zuen osoki babestuko, ezta gutxiagorik ere. 1975eko ekainaren 5ean, Urrutikoetxea eta bere familia ozta-ozta irten ziren onik Batallon Vasco Español taldeko bi mertzenariok prestatutako atentatutik. OAS delakoan egondako Michel Cardona eskuetan zuen bonbak eztanda egin ziolako hil egin zen eta ondoan zuen lagunak zuriak jasan zituen.

Gerra zikinaren mehatxua ohiko bilakatu zen iheslarientzat. Urrutikoetxeak gutunak ere jaso zituen: edo kolaboratu edo hil. GAL tadea agertu zen ondoren. 1980ko hamarkadako erdialdera, gai administratiboetarako Urrutikoetxeak Baionako Suprefeturara bidalitako argazkiak GALeko kideen eskuetan aurkitu zituzten. Ez zen kasu bakarra izan, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena Txikierdiri beste horrenbeste gertatu zitzaion. Bai Urrutikotxearen bai Txikierdiren kasuak prestigio handiko ‘Le Canard Enchaîné’ aldizkariak eman zituen ezagutzera. Inplikazioak begien bistakoak ziren.

Ardurak lan ezberdinetan

70eko eta 80ko hamarkadetan Urrutikoetxeak ETAn ardura handiak zituela gauza jakina zen. Nazioartean ibili zen, internazionalismoa aldarrikatzeko eta Euskal Herriaren prozesuarentzat babes bila, politikoa eta materiala. Aljerian, Mexikon, Venezuelan… munduan zehar ibili zen lan horietan. Aljeriari esker, Afrikako hainbat mugimendu iraultzailerekin izan zuen harremana ETAk, eta, une batetik aurrera, Nazio Askatasunerako Frontearekin berarekin baino gehiago, zuzenean armadarekin izan zuen harremana erakundeak, eta hango eskola ofizialetan entrenamenduak egiteko baimena ere lortu zuten.

Euskal Herrian ere lan politikoan kokatzen du batek baino gehiagok. Xabier Arzalluzek ‘Así fue’ bere memorietan ETArekin bilera baten pasartea idatzia utzi zuen. Urrutikoetxeak ez zuen aipamen hori ezagutzen. Gogoan du bilera, baina ez daki seguru Arzalluzek aipatzen dituen denak bertan egon ote ziren. Txomin bai, eta Arzalluz eta Gorka Agirre ere bai. «Txominekin hitz egin daiteke, baina beste horrekin…» ideia zabaldu zuten. «Ez dakit zer esan nuen zehazki», dio orain Urrutikoetxeak, baina uste du Arzalluzen bertsioak gehiago duela zerikusirik beraien interesekin errealitatearekin baino.

80ko hamarkadan barrena, ardura lanetan ari zela, beste belaunaldi batzuekin egin zuen topo. Josu Muguruza, Juantxu Nafarrete edota Elena Beloki bezalako militanteek beste gauza batzuk ekarri zituztela uste du. Ordura arte ETAko kideak hainbat kontutan beste kideekiko zorrotzegiak zirela uste du, borrokan eskailera bakarra bera jaistea ere gaizki ikusia zegoelako. Atzera begira bere burua ere horrela ikusten du. Ez du gogoko, nahiz eta oraindik ere gordin-gordin hitz egiteko joera duen zenbaitetan. Nolanahi ere, militantzia eta bizitza pertsonala uztartzeko gaitasuna behar dela uste du, elkar ulertzea eta besteekiko malgutasuna.

Gatazkak ondorio latzak utzi baititu, eta beharbada batzuez ez baita behar beste hitz egin, batez ere alde humano horretatik. Militanteen familiek pairatutakoa, seme-alabek pasatutakoa... Beldurra, segurtasun eza… zama hori hor dago gaur egun ere.

Lehen atxiloketa eta kartzelaldia

1989ko urtarrilaren 11n atxilotu zuten, Aljerko elkarrizketa politikoen atarian. Kartzelan 11 urte pasa zituen. Eta kartzela beti da kartzela. Borroka egin bai, babesa eman bai, baina kanpokoei dagokie ardura.

Frantziak uko egin zien estradizio eskaerei eta, behin bertan zigorra amaituta, 1996an, kanporaketa bidez Espainiaratu zuten. Kartzelan izan zuten lau urtez, berriro ere hainbat auzigatik zigortu nahi zutelako, nahiz eta Frantziari eginiko estradizio eskaeretan horrelakorik ez zen frogatu. Lau urtez behin-behineko kartzelaldian. Auziak bata bestearen atzetik erori ziren. Kartzelan zen bitartean parlamentari hautatu zuten Gasteizko Legebiltzarrean.

2000ko urtarrilean aske utzi zuten. Eta bere ekinbide politikoa segitu zuen Batasuna eta Euskal Herritarrok taldeetan. Lizarra-Garaziko su-etena amaitua zen, eta presioa areagotu egin zen: Garzonek «dena da ETA» sumario horietako batean sartu zuen eta epaitegietan berriro hasi ziren Urrutikoetxea garai bateko ekintzetan inplikatu nahian (zehazki, Zaragozako kuartelaren kontra ETAk 1987an egindako atentatuan).

Gatazkaren konponbidean buru-belarri

Azkenean, izugarrizko presiopean eta defentsarako inolako bermerik izango ez zuen jakitun, ihes egin eta klandestinitatera pasa zen berriro. Orduz geroztik, konponbidea lortzeko egin du lan, garai batzuetan aktibitate handiarekin eta beste epealdi luze batzuetan erakundearekin kontakturik izan gabe. Batzuetan, ados; beste batzuetan, ez. Bere hitzetatik eta kontakizunetik ondoriozta daiteke bera lan zehatz batzuetan aritu dela, ordezkari eta elkarrizketarako mintzaide.

2013an Norvegiatik irten eta gero, bere bizitza egitera bueltatu zen, ahal bezala. Behin armagabetzea eta amaierarako eztabaida prozesua bideratuak zituenean, ETAk berriro deitu zuen Urrutikoetxea, Marixol Iparragirrerekin batera azken agiria irakur zezan proposatzeko. Baietz esan zuen berriro, jakin arren horrek, beste behin ere, trofeo bilakatuko zuela, Euskal Herrian garatu beharreko prozesu politikoa oztopatu eta gaiztotu nahi dutenentzat «garaikur», bere hitzetan. Azkenean, Alpeetan atxilotu zuten.

ETAk 60 urteko ibilbidea itxi zuen 2018ko maiatzaren 3an; 50 urte bete ziren orduan Urrutikoetxea ETAn sartu zenetik. Bizitza oso bat, ziklo oso bat.