INFO

Frantses poliziarengandik ihesean hanka hautsi du migrante gazte batek Irunen

20 urteko migrante batek hanka hautsi zuen igandean frantses Poliziarengatik ihesean Irunera berriz zetorrela trenbidean erori ondoren. Bidasoaldeako Ospitalean ebakuntza egin zioten. «Oso nekatuta, ezin ibili» zegoen bigarren migrante bat artatu behar izan zuten aipaturiko erietxean.

Irungo Harrera Sareak hitzordu jartzen du heldu berri diren migranteei oinarrizko laguntza eta informazioa eskaintzeko. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irungo Harrera Sareak baieztatu duenez, joan zen asteburuan migrazio politikari loturiko beste gertakari larria gertatu zen Irun eta Hendaia arteko mugan. Migrante batek femurra hautsi zuen frantses Poliziarengandik ihesean zihoala trenbidean erori ondoren.

Gaur goizean Antxeta irratiak zabaldu duen informazioa baieztatu du horrela Irungo Harrera sareko bolondresa den Josune Mendigutxiak.

Erietxean dagoen gazteak 20 urte ditu eta jatorriaz Sudanekoa da. Etorkina behin baino gehiagoan saiatu zen Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatzen. Azkeneko aldian, iragan ostiral eta larunbat arteko gauean. Frantses Poliziak gaztea gelditu eta kontrolaren ihesi nahian berriz Irunera bueltatzen ari zelarik trenbidean erori eta hanka batean zauritu zen migrantea.

Bost bat egun bertan, ¿eta gero?

Bidasoako ospitalean artatu zuten gaztea. Femur hautsia zuenez ebakuntza egin zioten igandean bertan. Bost bat egun izanen da erietxean baina Irungo Harrera Sareak bere kezka agertu du horren ondotik gazteak izanen duen egoerarengatik.

Josune Mendigutxiak aipaturiko irratian azaldu duenez «hiru hilabete inguru beharko ditu osatzeko, eta logikoa denez, igeltsua hankan eta makuluekin ezingo du muga pasa».

Mendigutxiak salbuespena egin dezaten gaztearekin eskatu du. Bolondresaren ustez Oñatin asiloa eskatzen duten migranteetzako aterpetxea izango litzake tokirik egokiena gaztearentzat. Horrendako osatu bitartean bertan bizitzeko aukera aztertzea galdegin du.

Gazte hori soilik ez igandean bertan «erabat akitua, ezin ibili zebiltzan» beste migrante bat artatu zuten Bidasoako Ospitalean. Larrialditara eraman zuen pertsona batek. Bertan artatu zuten. Odol transfusioa egin ondoren pare bat aste beharko duela osatzeko gaineratu du migranteen alde egiten duen elkarteak. Bide batez Irungo ospitaleko langileen jokamoldea eskertu du Irungo Harrera Sareak.

Zero azpiko tenperaturetan

Irungo Harrera Sarea jakinarazi duenez, joan den ostegunean, urtarrilaren 6an berrogeita hamar pertsona baino gehiago iritsi ziren Irunera. «Frantziako polizia mugan ezartzen ari den kontrol arrazista gero eta zorrotzagoa da, eta nahiz eta pertsona migratzaileak behin eta berriro saiatzen diren muga zeharkatzen, polizia frantsesak atxilotu eta Hego aldera ekartzen ditu bueltan bidegabeki. Gurutze Gorriak ezartzen dituen arauak betetzen dituzten pertsonek hiru gau pasatu ditzakete gehienez aterpetxean», salatu dute.

Hala, jakinarazi dute ostegunean lau pertsonak kalean lo egin zutela zero azpiko bi gradutan eta Irungo Harrera Sareak hurrengo egunean bi kanpin denda jarri zituela pertsona hauek babesteko. Iaz 225 pertsona utzi zituzten kalean, Irungo Harrera Sarearen datuen arabera.

«Berriz ere eskatzen diegu erakunde guztiei, aitzakiak utzi eta benetako erantzukizunaz jokatzeko, egoeraren larriaz jabetu eta elkarrekin lan egiteko, neurriak har ditzatela pertsona hauek babesteko eta gizalegezko harrera duin bat eskaintzeko», aldarrikatu du taldeak.

Jakina denez, zazpi lagun hil dira aurreko urtean bertako mugan (hiru Bidasoan itota) edo gertu (beste hiru Ziburun, trenak harrapatuta).