INFO

Sakearekin asmatzea nahikoa izan du Joseba Ezkurdiak Asier Agirre menderatzeko (22-7)

Arbizuko aurrelariak ez du arazo handirik izan Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan pronostikoak betetzeko, eta bera izango da final-laurdenetako ligaxkan Altuna, Zabaleta eta Darioren multzoa osatuko duena. Agirre bizirik egon da 8-6ra arte, baina 11-0eko partzial batek aukerarik gabe utzi du.

Joseba Ezkurdia nagusi izan da Zarautzen (Jon URBE | FOKU)

Joseba Ezkurdiak 22-7 menderatu du Asier Agirre Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan eta Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratu du. Arbizuko aurrelariak ez du arazo handirik izan pronostikoak betetzeko, eta bera izango da ligaxkan Altuna, Zabaleta eta Darioren multzoa osatuko duena.

Faborito argia zen Ezkurdia katedrarentzat, eta arbizuarrak ez du hutsik egin. Hori bai, neurketaren lehen zatia azken emaitzak dioena baino askoz parekatuagoa izan da eta 8-6kora arte Asier Agirre partidan sartuta egon da.

Markagailuan 5-0 aurreratu den arren, hasierako tantoetan Ezkurdia ez da eroso aritu. Txapelketako lehen norgehiagoka hauetan faboritoari askotan gertatzen zaion bezala, nahiko lotuta irten da kantxara, pilota atzera luzatzeko arazo dezeneterekin eta sakearekin gehiegi asmatu gabe.

Asier Agirrek, aldiz, ideiak oso argi izan ditu hasieratik eta tantoa aurrean ahal bezain laister bihurritzen saiatu da. Ezker airez egindako bi tanto ederrekin 8-6 inguratu da markagailuan, Ezkurdiari urduritasun apur bat sortuz.

Baina ordura arte ez bezala, 9-6koa pilota oso ongi atzeratuz egin du Ezkurdiak eta hortxe hasi da neurketa erabat apurtu duen 11-0eko partziala. Arbizuarra zuzenean 20-6kora joan da, Agirreren aukera guztiak zapuztuz.

Takada horretan gakoetako bat sakea izan da. Lehen zatian ez bezala, bigarren erdian Ezkurdiak min handia egin dio Agirreri lehen pilotakadarekin: zuzenean eginak sei tanto izan ditu eta beste askotan aukera-aukerako pilota geratu zaio nahi duena egiteko.

Agirrek izan dituen aukeratxo apurretan, gainera, ez du batere asmatu eta bere buruarekin haserre amaitu du iruindarrak. Ezkurdiak sakez egindako azken 22-7koak ez du utzi zalantzarako tarte handirik, 281 pilotakada eta 39 minutuko deman.

«Hasieran tenso atera naiz. Saketik ez nion minik egiten eta hankaz ere ez nintzen ongi sentitzen. Baina markagailuan aurretik jarri naiz eta horrek lagundu dit apur bat lasaitzen. Hauspoz ere ongi aurkitu naiz eta horrek ere konfiantza eman dit. Bigarren erdian saketik gehiago asmatu dut eta lasaiago jokatu ahal izan dut, beste ganora batekin», aztertu du Joseba Ezkurdiak neurketa.

Asier Agirrek, aldiz, «amorrua» aipatu du amaieran. «Ez naiz gaizki ikusi. Badakit Josebak nik baino gatz handiagoa ematen diola pilotari, baina piloteoan nahiko ongi ikusi naiz. Baina opari batzuk egin dizkiot eta Josebak duen mailarekin hori ordaindu egiten da», adierazi du iruindarrak, aurkariak erakutsi duen jokoa nabarmenduz.

Joseba Ezkurdiak Jose Javier Zabaletaren aurka ekingo dio final-laurdenetako ligaxkari, datorren larunbatean Labriten.

Pilotakadak: 281. Partidaren iraupena: 38 minutu eta 47 segundo. Markagailua: 5-0, 5-2, 7-2, 7-4, 8-4, 8-6, 20-6, 20-7 eta 22-7. Sakez: 6 Ezkurdiak eta 1 Agirrek. Jokoan eginak: 10 Ezkurdiak eta 5 Agirrek. Galdutakoak: 1 Ezkurdiak eta 6 Agirrek. Gertaerak: Zarauzko Aritzbatalde pilotalekua. Jokin Etxaniz izan da Ezkurdiaren botileroa eta Aitor Alduntzin Agirrerena. Lehen sakea, gorri.