INFO

Daviden izarra Bruselan, ahularen aldeko etika?


Europako Batasuna sortu aurretik izan zen, AEBak artean aurkitu gabe zirela. Samuel profetak, Jainkoaren aginduz, Israelgo erregetzarako gantzututa, David artzain apalak Goliat filistiar indartsua garaitu eta ondoren, tribu israeldarrak batu zituen. Jainkoak hautatutako herria, gaur egun AEBek ere hautatua, luzaroan mespretxatu ondoren.

Europako Batasuna, jainkoaren esanetara. Alarmak jo du, gaitzespenerako deiadarrak, harekin bat egiten ez duenaren gaitzespena barne. Filistiarren aurka eta Daviden alde, menderen mendetan herri hautatua mespretxatu eta gorrotatu, behin eta berriz egotzi, eta sarraskian abandonatu ondoren.

Nahiago nuke, lerro hauek argitaratzeko, Jainkoaren borondatearen jasotzailearen mendeku gosea baretuko balitz. Edo baretuko balute. Baina irudipena daukat haren jardunbidearekiko ohiko arduragabekeria erakusten edo are, xaxatzen ari direla.

Orain Davidek Goliaten antza du, eta filistiarrak dira habailaz eraso dutenak. Eta desesperazioz. Davidek Israel batu eta handia nahi du eta, hartarako, Europako Batasunaren eta AEBen baldintzarik gabeko laguntza du. Nazioarteko legedia hamarkadatan urratu duen arren, bere Estatuaren oinarritzat jainkoaren borondatea onartu zion nazioartearen legedia.

Zenbait herrialdek -tartean, ai, Errusiak- ikuspegi zabalagoa adierazi beharra argudiatu zuten NBEren bileran, baina ikuspegi horrek susmagarri egiten ditu.

Gazako ghettoak Varsoviakoak baino urte gehiago ditu eta, filistiarrak hainbat urtez han nekez biziraun ondoren, halako batean Azken soluzioa abiatu du David erregeak, Burdinazko ezpata izenpean. Eraginkortasunez jarduteko sekretuak kontatuko ote zizkien Adolf Eichmannek urkamendia baino lehen?

Gazako bonbardaketen eta iragarritako inbasioaren errua Goliatena omen da eta haren ikaragarrikeria filistiar guztiek ordainduko dute. Baina zer espero liteke ezer galtzerik ez duenarengandik?

Azken soluzioa abiatu dute eta errua Goliatena dela diote AEBek, baita Europako Batasunak ere. Daviden izarra ikusgai dago Bruselan, Europaren etikaren ikur.

Goliaten ikaragarrikeriaren erruduna David dela dioenik ere ez da falta, baina erru banatzaileek ezetz erabaki dute eta, ondorioz, zuzena da filistiarrek ordaintzea.

Izan ere, habailaz, Dabid artzainaren antigoaleko teknologiaz eraso diote David erregeari, haren segurtasun sistema eta eraginkortasun militar aitzindariak ezustean harrapatuta. Eta hori da krimenik larriena. Habailaz eta desesperazioz eraso dute, Daviden leinuak senti dezan zazpi hamarralditan filistiarrek sentitu izan duten ezina, amorrua, mina, desesperazioa. Eta orain hori guztia biderkatuta sentitu behar dute filistiarrek atzera; Goliatek ez ezik, Hakimek, Aminak, Amhedek eta beren familiek.

Goliatek ez omen zituen ondo neurtu bere ikaragarrikeriaren ondorioak, David erregeak ez bezala, nonbait, hark ondo neurtu zuen bere larderia, bere okupazioa, umiliazioak, bonbardaketak... Baina horiek guztiek Goliaten eraso ikaragarria justifikatzen ez badute, eraso horrek zergatik justifikatzen du Daviden Azken soluzioa? •