Zinema kritikariak?
Zer da zinema kritikari bat? Kazetari espezializatu bat? Preskriptore bat? Idaztea edota komunikatzea maite duen zinemazale sutsu bat? Horietatik guztietatik apur bat agian? ala batzuk dioten moduan, “zinema zuzendari frustratua” akaso?
Zinema da nire pasioa eta sutsuki maite dut ofizio bihurtu den zinema kritikariaren jardun hau; egunero deskubritzen ditudan izenburuak zuei gomendatzea -ala ez gomendatzea- zirraragarria da niretzat eta asko asebetetzen nau. Sarritan galdetu izan didate zeren arabera erabakitzen dudan ikus-entzunezko bat ona den ala ez. Hiru irizpide nagusi izaten ditut kontuan. Sormen alorra, aurrena: argazkia, musika, gidoia, antzezpena... alegia, sorkuntza teknikoarekin lotura duen guztia nola landu den. Alderdi intelektuala, bigarren: zabaldu nahi den mezua, diskurtsoa edo kritika zein den. Eta, azkenik, emozionala: zirrara, beldurra, dibertsioa edo dena delakoa eragiten didan ala ez. Azken honi hertsiki lotuta daude pertsonaia motak, horien garapena, eta batez ere haiekiko enpatia sentitzen dudan ala ez. Alegia, pertsonaia horien sentimendu, pentsamendu eta esperientziak ulertu, partekatu eta ulertzen ditudan.
Kritika bera film baten promozioaren beste adar bat bihurtu dela oso agerikoa da, baina nire ustez honek ezin du izan; ez behintzat azken boladan hartu duen norabidea ikusita. Sare sozialak sasi-kritikariz josi dira, TikToken, esaterako, gainezka daude; “Hau ikusi behar duzu, ikaragarria da, maisulana da…”. Ez al zaizue iruditzen azkenaldian guztiz esajeratuak diren iruzkinez bete direla sare sozialak? Plataforma digital askoren sustapen estrategia nagusietako bat jarraitzaile ugari dituzten sortzaileei eduki bati buruzko iritzi baikorra —edo behintzat, ez hain ezkorra— emateagatik ordaintzea da; aurrestreinaldietara gonbitatu, opariak egin, egoa elikatu eta horren truke filmaren iruzkin positiboa sareetan.
Lan hau biziki maite dugunontzat oso kaltegarria den joera iruditzen zait.