Sololuze eta Beltran gogoratuko dituzte Zaldibarren, bost urte pasata eta oraindik epaitu gabe
Ostegunean bost urte beteko dira Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zenetik. Auzi nagusia oraindik epaiketara bideratu gabe dago, eta ondorioz ardurak ez dira zehaztu. Zaldibar Argituk ekitaldia egingo du igandean, Beltran eta Sololuze gogoratu eta erantzukizunak eskatzeko.
Bost urte igaro dira Zaldibarko Eitzagako zabortegia goitik behera amildu zenetik; 2020ko otsailaren 6an hain zuzen ere. Ezbeharraren ondorioz bi langile hil ziren, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, eta bosgarren urtemuga honetan gogoan izango dituzte, Zaldibar Argitu ekimenak iganderako deitu duen ekitaldian. Eitzagan egingo dute, 12.30ean.
Horrekin batera, gertatutakoa auzitegietan argitzeko urrats erabakagarria eman dezatela aldarrikatuko dute plataformako kideek. Izan ere, bost urte igarota, oraindik instrukzio fasean dago auzi nagusia, ingurumenaren aurkako delituei dagokiena. «Zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak kaleratzeko?», galdetu du herri ekimenak. «Gu geu gogaituta gaude», aitortu du.
Aspaldi ez dago berririk Durangoko Auzitegitik. 2023ko ekainean jakitera eman zenez, hamahiru lagun auzipeturik ziren jada. Haien artean, zabortegiaren jabe zen Verter Recycling enpresaren arduradunak, geologoak eta kontsultoreak, bai eta Lakuako Administrazioaren hiru teknikari ere. Honek kontrol prozeduretan akats nabariak izan zirela frogatzera eraman lezake, baina esan bezala dena argitu gabe dago momentuz.
Ikerketaren luzapenaren arrazoia konplexotasun teknikoari egotzi zaio, Azpeitiko Auzitegian «Bidegi auzia» delakoarekin gertatu zen bezala
Zaldibar Argituren ustea hau da: «Enpresarien diru goseak eragin zuen. Baina ez horrek bakarrik. Enpresariek egin zituzten astakeria guztiak, zabortegiaren jarduera kontrolatu behar zuen Eusko Jaurlaritzak ahalbidetu zielako egin zituzten. Eusko Jaurlaritzako inork ez du ardura txikiena ere bere gain hartu», oroitarazi du bide batez.
Urte erdiro luzatzen ari da instrukzioa, behin eta berriz; azkena azaroan izan zen eta aurtengo maiatzera arte irekita segituko du, beraz. Auziaren konplexotasun teknikoa da luzapen honen argudioa. Azpeitiko Auzitegian «Bidegi auzia» delakoarekin gertatu zenarekin parekatu daiteke: azken honetan ia bederatzi urte joan ziren, ikerketan ia ezer aurreratu gabe, argitu gabe ixteko erabakia eman zen arte (Gipuzkoako Auzitegiak berrabiarazi du berriz gero).
Eremua zigilatuta eta Verter desegina
Bitartean bost urte hauetan eman diren urratsek ikerketa bera eta erantzukizunak leporatzeko prozesua oztopatu dezakete.
Batetik, hondamendiaren eremua zigilatu behar izan dute, istripu gehiago ekiditearren. Lurrak jasan zuen presioa gogora ekartzea ez dago soberan: 2011n zabaldu zen zabortegiak 35 urtetan betetzeko aurreikuspena zekarren baina gero 11 urtetan egin zuen gainezka, erakundeetatik inolako mugarik jarri gabe.
Datu adierazgarri pare bat emateagatik, 2012an 185.000 tona zabor hartu zituen Eitzagako zabortegiak baina 2018an eta 2019an 500.000tik gora tona jasotzen ari ziren bertan. Zenbait lekukok adierazi dutenez, «dena hartzen zuen». Txosten ofizialetan ageri denez, 23 irregulartasun pilatu zituen baina denak arinak zirelakoan ez zitzaion Verterri inolako debekurik edo zigorrik jarri. Bigarren datua: Verterrek 2017an irabazi zuen dirutza Lakuak urte berean hondakinak tratatzeko aurrekontua baina altuagoa izan zen.
28 milioi euro eskatu dizkio Lakuak Verter enpresari, baina erantzunik jaso gabe. Aurretik 23 irregulartasun pilatu zituen baina orduan ere zigorrik izan barik
Bestetik, Verter enpresa desegiteari ekin diote jada bost urte hauetan. Lakuak 28 milioi euro eskatu dizkio, bi gorpuen bilaketan eta eremua egonkortzeko lanetan gastatutakoa alegia, baina bistan da ez duela enpresaren aldetik erantzunik izan, ezta izango ere.
Verterreko arduradunak epaituen aulkian eseri gabe heldu dira 2025. honetara. Jakina denez, lehenengo auzian (lan istripua ardatz zuena) Beltran eta Sololuze sendiekin akordio batera heldu ziren. Honen bidez sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zitzaien Jose Ignacio Barinaga jabeari, Arrate Bilbao gerenteari eta Juan Etxeberria ingeniari buruari, baita 2,75 milioi euroko indemnizazioa ere. Bazirudien bigarren auziari ematen zitzaiola nagusitasuna, baina hau denbora zehar luzatzen eta iritzi publikoan desagertzen joan da.
Alberto Sololuzeren gorpuzkiak 2020ko abuztuan aurkitu zituzten zabortegian; 62 urteko eibartarra zen, Markina-Xemeinen bizi zena, eta erretiroa hartzetik gertu zen. Berarekin batera zendu zen Joaquin Beltranena ez zuten aurkitu eta bilaketa amaitutzat eman zuten 2021eko maiatzean.