Naroa Elizalde omenduko du Ados Pilota elkarteak martxoaren 29an Binakako Txapelketako finalean
Ados Pilotaren sortzaileetako bat izan zen Naroa Elizalde hil berri den 27 urteko pilotari nafarra. Bere ibilbidea eta emakumezkoen pilotaren alde egindako lanagatik omenaldia egingo diote elkarteko Binakako Txapelketaren finalean, martxoaren 29an Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Ados Pilota Elkarteak Naroa Elizalde Etxekolonea omenduko du martxoaren 29an Binakako Txapelketaren finalean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Asteazkenean hil zen pilotari zubietarra, 27 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.
Elizalde txikitan hasi zen pilotan jokatzen, 6-7 urterekin, bere herriko plazan, baina emakume askori gertatu moduan, 12-13 urterekin utzi egin behar izan zuen, garai hartan beste neskarik ez zelako aritzen eta ez zegoelako haientzat txapelketarik. Hala ere, Gasteizen ikasten zuen bitartean, astean zehar entrenatzen jarraitu zuen. 17-18 urterekin ekin zion berriro pilotan jokatzeari, Emakume Master Cup txapelketan parte hartuta.
2021ean Ados Pilotako sortzaileetako bat izan zen, Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirrerekin batera; emakume pilotarien lehen talde profesionala izan zen. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hamahiru emakume biltzen zituen hasiera hartan.
«Zenbat ordu, zenbat entrenamentu saio. Bai, Naroa ez zen inoiz taldean egiten ditugun entrenamendu saioetara mugatzen. Egunetik egunera hobea izateko aparteko saioak egiten zituen, irribarrea ahotik kendu gabe beti lanerako prestutasun ikaragarria erakutsiz. Hori dena, irakasle lanarekin eta Ados Pilota eskolako haurren Sunbillako taldearen arduraduna izatearekin uztartuz», gogoratu du Ados Pilota Elkarteak.
Pilotari moduan, Adoseko Udaberri Torneoetan eman zuen mailarik onena. Izan ere bertan ditu garaipenik garrantzitsuenak eta azken txapela ere, iaz, bertan jantzi zuen. «Xebastian Lizaso handiaren gidaritzapean, final horretan bertan erakutsi zuen borrokarako gaitasunak bikain definitzen du Naroa. Borrokalari nekaezina», dio elkarteak.
Ordutik aurrera zoritxarrez pilotalekutik kanpo borrokatzea egokitu zitzaion, «eta hemen ere inork imajina ez dezakeen indarra eta kemena erakutsi du amaiera arte». «Barruan zuen guztia eman duen arren oraingoan 22ra iristerik ez du izan baina bidean utzi dituen bizitza lezioak maite eta ezagutzen zaitugun guztiontzat bereziki betirako geratuko dira», nabarmendu du Adosek ohar baten bitartez.
Elkartea binakako txapelketa egiten ari da, eta aurkezpenean azaldu zuten moduan, Naroaren omenezkoa da. Horregatik hasieratik kartel nahiz euskarri askotan bere irudia ikusi daiteke. Atzoko «kolpea» eta gero asteburu honetako jardunaldia bertan behera uztekotan egon dira baina azkenean aurrera jarraitzea erabaki dute: «Badakigu berak horrela nahiko lukeela».
Gauzak horrela, martxoaren 29an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den finalean omenaldia egingo diote Naroa Elizalderi.
«Eskerrik asko Naroa ezina ekinez egin daitekeela ikusarazteagatik. Eskerrik asko Naroa familia honen parte izan eta eman diguzun guztiagatik. Eskerrik asko Naroa Ados pilotaren oihartzuna munduko txoko guztietara zabaltzeagatik».